Aro Modernoko gizarte-antolamendua: erakundeak

Valoracion: 
Average: 2.5 (4554 votes)

Aro Modernoko erakundeen antolaketa irudi bidez adierazi daiteke. Hala, aro horretako gizartea hainbat taldez osatuta zegoen. Horrela, garai horretako pertsonak talde edo erakunde bateko kide ziren. Eta talde edo erakunde horretakoak beste talde edo erakunde zabalagokoak.

Lehenengo esfera, pertsonen artean osatutakoa zen; hau da, familiari zegokiona. Pertsonak familiako kide ziren. Etxe edota baserri batean bizi ziren eta familiaburuak Etxeko jauna edo Etxeko andrea ziren. Familiaburuek erabakitzen zuten noren eskutan uzten zuten etxea edo baserria. Oinordekoari maiorazkoa deitzen zitzaion eta gehienetan jabetza guztia maiorazkoak jasotzen zuen. Ordainetan, maiorazkoak gainerako senitartekoei dotea edo senipartea ordaindu behar izaten zien. Dotea senitartekoek beste bizimodu bati ekiteko laguntza modukoa zen.

Pertsonak etxearen eta familiaren esferan antolatzen ziren bezalaxe, etxeak edo familiak batzarretan edo kontzejutan antolatzen ziren. Batzarretan herriko etxe guztien ordezkariak elkartzen ziren herriarentzat garrantzitsuenak ziren erabakiak hartzeko.

Era berean, batzarraren esfera probintziaren edo lurraldearen esferaren barnean kokatzen zen. Azken horretan Batzar Nagusiek gobernatzen zuten, eta hor, herri guztietako ordezkariak zeuden.

Probintzia ere esfera handiago baten barnean zegoen, errege-erreginek zuzendutakoa. Erregea edo erregina, erresuma edo estatu baten burua zen. Errege-erreginek erresumako herritarrei babesa eskaintzen zien eta justiziaren arduradun nagusiak ziren.

Era berean, erresuma esfera zabalago batean zegoen: erlijio katolikoa. Errege-erreginen gainetik zegoen bakarra jainkoa zen. Agintariek ere bazituzten beren mugak eta errespetatu beharreko jarrerak eta arauak. Horrela, erregearekin bat egitea erregeak herritarren eskubideak errespetatzearen baldintzapean zegoen. Horregatik erregeek lurraldeetako foruak beteko zituztela zin egiten zuten.