Paleolito garaiko artea

Valoracion: 
Average: 2.4 (7069 votes)

Goi Paleolito garaiko gizakiak hainbat elementuren artean, zenbait irudi horman margoturik utzi zizkigun. Hezurretan edota harri zapaletan egindako beste zenbait irudi ere agertu dira.

Gizakiek egindako lehen artelanen aurrean gaude, betiere, artelana “materiaren, irudiaren eta soinuaren bidez gizakiak zerbait espresatzen duen gaitasun edo trebezia” dela ulertuta.

Paleontologoek artelan horien esanahiari buruzko hainbat teoria dituzte, baina ez dirudi gauza erraza irudi horiek adierazi nahi dutena asmatzea.

Aurkitu diren irudiak ez dira denak gisa berekoak, eta sailkatzerakoan, oro har, bi multzo nagusitan banatzen dira:

Arte higigarria: hezurretan, adarretan edo harri zapaletan egindako irudiak (zintzilikarioak, venusak...).

Labar-artea: kobazuloetako hormetan egindako irudiak (animaliak gehienetan, baina zenbait lekutan baita giza irudiak ere).

Arte higigarriak garrantzia badu ere, labar-artean jarriko dugu arreta. Orain arte aurkitutako aztarnategiak Europako hego-mendebaldean (Euskal Herria, Espainia, Italia, Frantzia) eta Afrika iparraldean daude.

Labarretako arte, gehienetan leize-zuloko sarreratik urrutiratua aurkitzen da, batzuetan, iristeko leku zailetan. Ikertzaile batzuek santutegiak direla pentsatu izan dute, magia ukitua zutela, animaliak errazago ernalduko edo errazago ehizatuko zituztelakoan. Erabiltzen zituzten margoak mineralkien nahasketaz sortutakoak ziren (manganesoa, burdin oxidoak, ikatza). Labar-arteko irudiak, bereziki, K.a. 32000-11000 urte bitartekoak dira.

Bi zona bereizten dira, irudiak margotzeko era kontuan hartuta:

  • Zona franko-kantabriarra

Geldirik dauden animaliak agertzen dira, batez ere, kolore beltzez, gorriz eta horiz egindako irudi errealistak. Gehienetan, iristeko leku zailetan egoten dira, irudi denak nahasian.

  • Levanteko zona

Erraz ikusteko lekuetan beltzez egindako irudi eskematikoak agertzen dira. Mugimendua adierazten duten irudiak dira: animaliak, giza itxurakoak...