Adrenalina

Valoracion: 
Average: 3.4 (30 votes)

Adrenalina (epinefrina ere deitzen zaio), giltzurrun gaineko guruinek jariatutako hormona da, C9H13NO3 formula duena.

Hormona izateaz gain, adrenalina neurotransmisorea ere bada; hots, neuronen artean edo neurona bat eta beste zelula baten artean mezu elektrikoak transmititzen ditu.

XIX. mendearen amaieran aurkitu zuten, eta bere sintesi kimikoa 1904. urtean lortu zuen Friedrich Stolz-ek.

Adrenalinak sortzen dituen efektuak oso anitzak dira, eta nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioak eragiten dituenaren antzekoak. Zilegi da esatea adrenalinak organismoa prestatzen duela alarma egoera bati erantzun azkarra emateko (esaterako, arrisku baten aurrean animaliek arreta eta esfortzu fisiko handia egin behar dutenean).

Eragiten dituen aldaketa fisiologikoen artean hauek dira aipagarrienak:

  • odoleko glukosa maila igotzen du; horretarako, gibelean eta giharretan dagoen glukogenoa erabiltzen du.
  • bihotz-taupadak azkartzen ditu, erritmo kardiakoa handituz.
  • odol-zirkulazioa bizkortzen du; ondorioz, odol gehiago iristen da giharretara.
  • begi-ninien dilatazioa eragiten du, ikusmena hobetuz.
  • arnasketaren erritmoa azkartzen du.
  • oxigenoaren kontsumoa areagotzen du.

Laburbilduz, arnasketaren eta erritmo kardiakoaren aldaketek eta glukosaren zein oxigenoaren ekarpenak giharrei prozesu katabolikoen areagotzea eragiten diete, energia gehiago agertuz. Arrisku baten aurrean giharrek behar duten energia eskura izaten dute adrenalinari esker.