Aldakortasun intraespezifikoa: inguruaren eragina eta faktore genetikoak

Valoracion: 
Average: 3 (142 votes)

Askotan zaila gertatzen zaigu Lurreko bizidun guztiok jatorri berbera dugula sinestea; baina ez dugu ahaztu behar milioika urtean zehar bizidunen egiturak aldatuz joan direla ingurune jakin bakoitzean bizirik iraun ahal izateko. Era horretan, ingurunearen eraginez, bizidunok hainbat espezietan (milioika) banatu gara, eta bizitzeko era anitz sortu dira (bioaniztasuna edo biodibertsitatea).

Inguruneko faktoreek, bai abiotikoek, bai biotikoek, eragin zuzena dute bizidunengan. Eragin horrek era askotako ondorioak izan ditzake:

  1. Inguruneko faktoreek eragindako aldaketa adaptatiboa edo moldaera.
  2. Inguruneko faktoreek jaiotza-tasan, heriotza-tasan eta migrazio-tasan eragiten dituzten aldaketak.
  3. Inguruneko faktoreek espezieen banaketa geografikoan duten eragina.

Ingurune-eragile horien ondorioz, moldaerak, hau da, aldaketa morfologiko eta fisiologiko egokiak, ager daitezke bizidunengan. Baina bizidunek ingurunera egokitzeko egiten dituzten moldaera indibidualak ez zaizkie ondorengoei transmititzen (ezaugarri genetikoak bakarrik transmititzen dira).

Gainera, ezaugarri genetikoak aldatzeko era bakarra populazioaren barruan sortutako ezaugarrien aldakortasuna da, eta ez inguruneak banakako batean sortutako unean uneko aldaketak.

Ikus dezagun loreontziaren infografia:

Loreontzi batean geranio bat (A) duzu eta bi adaxka (A1 eta A2) hartzen dituzu beste bi loreontzitan jartzeko.

Adaxkak zertxobait indartzen direnean, bakoitza ingurune berezi batean jarriko duzu.

A1 adaxka leku eguzkitsuan, argi asko eta tenperatura beroa dagoen leku batean; eta A2 adaxka argi urriagoa eta tenperatura hotzagoa dagoen beste batean.

Landare horietako bakoitzak bere portaera izango du. A1 sendo eta berde haziko da; eta A2, berriz, askoz luzeagoa, argalagoa eta horixka izango da, eta kolore gutxiago izango du. Landare bakoitza inguruneko baldintzetara moldatuko da.

Orain, landare bakoitzaren haziak jaso eta haziak baldintza berdinetan landatzen badituzu, antzeko landareak aterako zaizkizu.

 

Laburbilduz, inguruneak bultzaturiko moldaketak ez zaizkie, besterik gabe, ondorengoei transmititzen edo, beste era batetara esanda, inguruneak sortutako azaleko moldaera horiek  ez dira aldaketa garrantzizkoak bizidunen espezie berriak sortzeko garaian. Horretarako, belaunaldiz belaunaldi banako batzuetatik besteetara heredatzen diren aldaketak dira garrantzitsuak. Eboluzioaren subjektuak populazioak dira, eta ez banakako organismoak.