Antzinako Egipto: artea

Valoracion: 
Average: 4.6 (1169 votes)

Egiptoarren bizitzako arlo guztietan bezala, artea ere erlijioaren mende zegoen. Egiptoarrek arkitekturaz gain eskultura eta pintura landu zuten.

Arkitektura

Ezagutzen dugun egiptoarren arkitektura hilobiek eta tenpluek osatzen dute. Ez da ezagutzen inolako jauregirik. Horren zergatia arrazoi erlijiosoetan topa dezakegu. Jauregiak bizidunen etxeak ziren, eta horiek hil egiten zirenez, etxeek ez zuten denboran zehar iraun beharrik, eta adreiluz egiten ziren. Hilobiak, ostera, hildakoen egoitzak izanik, betikotasun osorako ziren; beraz, eraikinek ere betikotasun hori lortu behar zuten, are gehiago hildakoa faraoi jainkoa izanez gero, eta horregatik, hain urria zen harriz egiten ziren hilobiak. Gauza bera esan daiteke tenpluei buruz. Jainkoen egoitzak ziren, eta betikotasunean iraun behar zuten.

Hilobiak

Hiru motatako hilobiak egin zituzten egiptoarrek.

  • Lehenengo hilobi egiptoarrak mastabak izan ziren. Funtsean, hilobia estaltzeko eta babesteko lurzoruaren gainean eginiko eraikinak ziren. Barruan eskaintzak uzteko gela eta kapera zituzten.
  • Piramideak. Geroxeago sortu ziren, hainbat tamainatako mastaba batzuk elkarren gainean jarri zirenean. Ezagutzen dugun lehen piramidea Joser edo Zoser faraoiarena da. Baina ospetsuenak Gizen daude: Khufu (Keops), Khafre (Kefren) eta Menkaure (Mikerinos) faraoienak. Piramideek faraoiaren handitasuna islatzen dute, faraoi-jainkoa zenak berari zegokion egoitza zuen hil ondoren ere. Piramide horien inguruan, faraoi horien emazteen zein seme-alaben piramideak ere badaude, askoz txikiagoak, jakina; eta horiekin batera baita faraoiaren laguntzaile eta noble handi batzuenak ere. Piramideen ondoan hildakoei eta jainkoei otoitz egiteko tenpluak egin zituzten.
  • Hipogeoak. Piramideetan gordetako aberastasunek lapurrak erakartzen zituzten eta zailtasun handiak zituzten baita gorpuak babesteko ere. Horregatik, Inperio Berritik aurrera, faraoien eta nobleen hilobiak hipogeoak izan ziren, harkaitzean edo lurrean eginiko zuloak, alegia. Barruan ezkutaturik, gela batzuk eraiki ohi zituzten: eskaintzak uzteko gelak, kaperak eta, jakina, gorpuak jasotzeko gelak. Ezagunena Tutankamon faraoiarena da. Hilobi mota horietako kokagunerik ezagunena Erregeen Haranean dago.

Tenpluak

Hilobiekin batera egiptoarrek utzi ziguten beste eraikin motarik garrantzitsuena tenpluak izan ziren. Kanpoan esfinge batzuk edukitzen zituzten, sarrerako igarobide luze baten inguruan; tenpluaren aurrean, berriz, obeliskoak egon ohi ziren.

Eskultura

Heldu zaizkigun irudi nagusiak hilobietan aurkitutakoak dira. Egiptoarren sinesmenen arabera, irudi horien helburua hildakoaren arima jasotzea zen; horregatik, beharrezkoa zen oso jarrera “hieratikoa” izatea, oso serioa, nolabait esateko, inolako espresiorik gabe. Askotan, faraoien handitasuna adierazteko haien irudi erraldoiak egiten zituzten.

Horiekin batera baziren zurez edo buztinez eginiko beste irudi batzuk ere, eguneroko bizitza ondo azaltzen digutenak: nekazarien, abeltzainen, artisauen, etab.en irudiak. Bestalde, ezin dira ahaztu tenpluetako eta hilobietako hormetan egindako erliebeak. Horietako askoren helburua “pedagogikoa” zen, faraoiaren balentriak eta nagusitasuna erakustea, alegia.

Pintura

Hilobietan aurkitutako pinturen helburua bikoitza zen. Alde batetik, helburu erlijiosoa zuen, hildakoari hil ondoren nola jokatu behar zuen irakasten zitzaion. Bestetik, hildakoaren hemengo bizitzari ere jarraipena eman nahi zitzaion; horretarako, eguneroko bizitzaren pasadizoak (familiarekin, lagunekin, lanean, aisialdian, etab.) irudikatzen zituzten. Irudi horiei esker, egiptoarren bizimodua ezagutzea askoz errazago egin zaigu.

Beste arte batzuk

Artisautzarekin lotuta daudenak aipatu behar dira hemen. Hilobietan altzari ederrak, ontziak eta, batez ere, urrezko irudiak, bitxiak, etab. agertu izan dira. Oso ezaguna da, adibidez, Tutankamon faraoiaren hileta-maskara.