Antzinako Erroma: kultura

Valoracion: 
Average: 3.7 (2082 votes)

Erromak guregan izan duen eragina handia dela nabarmena da.

Guk erabiltzen dugun alfabetoa erromatarra da; mendeak eta beste hainbat gauza zehazteko erabiltzen ditugun zenbakiak ere erromatarrak dira (I, III, V, X, M, C); gaur egun erabiltzen dugun egutegia haiek sorturikoa da.

Europako hizkuntza asko latinetik datoz (gaztelania, frantsesa, italiera, portugesa, katalana) eta beste hainbatek latinaren eragin handia izan dute (ingelesa, alemana, euskara).

Erromatarren garaiko hirigintza ere ezin ahaztu, haiek sortutako hirietan bizi baikara oraindik; gure zuzenbidea ere ez litzateke ezer izango oinarri erromatar guztiak kenduko bagenizkio.

Egutegia

Hasieran, erromatarrek 304 eguneko urtea zuten, martxoan hasitako hamar hilabetetan banatuta: Martius, Aprilis, Maius, Junius, Quintilis, Sextilus, September, October, November eta December, lehen laurak jainkoei eskainiak. K.a. 700. urtean beste bi hilabete erantsi zizkioten: Ianuarius eta Februarius.

K.a. 46. urtean Julio Zesarrek, urtea eguzkiaren arabera antolatu zuen, 365 egun eta sei orduko iraupena emanez. Sei ordu horiek zirela eta, lau urtetik behin egun bat gehiago erantsi zitzaion urteari otsailean. Urtea urtarrilaren batean hasi zen handik aurrera. Apirila, ekaina, iraila eta azaroak 30 egun izango zituzten, otsailak 28 eta besteek 31.

Zuzenbidea

Erromatarrak senatuan harreman pertsonal pribatuak eta publikoak arautzen hasi ziren. Legezko arau horiekin bilduma edo kode batzuk egin zituzten. Horiei esker hiritarren eskubideak babes zitezkeen, eta gainera, inperio osorako lege komunak zirenez, horrek epaileen lana asko erraztu zuen.

Zuzenbide erromatarra inperio osoan zabaldu zen, eta inperioa desagertuagatik ere mantendu egiten da, gaur egun mendebaldeko herrialde gehienen zuzenbidearen oinarri bihurtu baita.

Hizkuntza

Erromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen. Inperioko hedapenak latina zabaldu eta sakabanatu zuen. Denborak aurrera egin ahala hizkuntza garatu eta zatitu zen. Latinezko literaturak greziar egileen eragin handia jaso zuen eta, gauza bera, musika arloan.

Erlijioa

Erromako erlijioak hainbat ezaugarri izan zituen. Oro har, K.o. IV. mendean kristautasuna onartu arte erlijioa politeista zen.

Jainko ugari zituzten, baina nagusiak Jupiter (jainkoen eta gizakien aita eta erregea), Juno (Jupiterren emaztea eta arreba, ezkontzaren babeslea) eta Minerva (jakinduriaren jainkosa) ziren.

Greziarrekin izandako harremanen ondorioz, haien jainkoak bereganatu zituzten, eta jainkoek giza irudia hartu zuten. Olinpokoak ziren jainko nagusiak, publikoak, eta estatua zen haien gurtzaren zaintzailea eta arduraduna.

Jainko bakoitzak bere eguna zuen egutegian, eta egun horretan festa eta joko ugari antolatzen ziren. Jaiak eta errituak (fruituen eta animalien sakrifizioak) apaiz berezien ardura ziren.

Augusto enperadorearen garaian, enperadore bera ere jainkotu egin zen eta horri ere festa, otoitza eta gurtza egiten zitzaizkion.

Kristautasuna. Erlijio monoteista da (mono + theos: jainko bakarrekoa) eta hori ez zetorren bat ordura arteko erlijioekin eta ohiturekin; gainera, ez zuen onartzen enperadoreari egindako gurtzarik ere. Hori zela eta, gatazka ugari izan ziren kristautasunaren eta bere jarraitzaileen aurka.

Kristautasuna ekialdeko probintzietatik sartu zen pixkanaka Erromara. Erlijio horrek hedapen handia izan zuen herri xehean, plebeioen eta esklaboen artean, batez ere; kristautasunak gizaki guztiak askeak eta berdinak direla aldarrikatzen baitzuen.

Erromako apezpikua eliza katolikoko agintari goren bihurtu zen. K.o. 313. urtean Konstantino enperadoreak kultu askatasuna onartu zuen.