Antzinako Grezia: kultura

Valoracion: 
Average: 2.9 (1884 votes)

Erlijioa

Greziarrak, antzinateko ia herri guztiak bezala (salbuespen bakarrak judutarrak izan ziren), politeistak ziren, jainko askorengan sinesten zuten, eta hainbat sinesmen mota batera bizi ziren.

Greziar guztiek Olinpo mendi gainean egoitza zuten jainko eta jainkosengan sinesten zuten. Ezagunenen artean aipa ditzakegu Zeus (zeruetako erregea eta jainko-jainkosa guztien aita), Hera (Zeusen emaztea eta lurraren jainkosa), Ares (gerraren jainkoa) eta Afrodita (maitasunaren jainkosa).

Hiri bakoitzean jainko edo jainkosa bati gurtza berezia egiten zitzaion. Esate baterako, Atenasen Palas Atenea (jakinduria, artea eta zientzien jainkosa) zen jainkosa nagusia, eta hura gurtzeko eraiki zuten tenplu greziar famatuena.

Zeusi, esan bezala, Olinpian egiten zitzaion gurtza, eta bere omenez lau urtetik behin ospakizun bereziak egiten ziren: Olinpiar jaiak, gaur egungo Olinpiar jokoen aitzindariak. Ospakizun haietan Greziako hiri guztiek hartzen zuten parte, eta bakoitzak bere kirolariak bidaltzen zituen lehiaketetan parte hartzera. Irabazleak ospea baino ez zuen irabazten, baina bere hiriak ondo eskertzen zion hiriari horrelako ospea emateagatik. Jai horietan gizonezkoek soilik har zezaketen parte.

Olinpiar joko horiek beste eginkizun bat ere izaten zuten. Greziarren egutegia joko horien arabera antolatzen zen, urteak zenbatu ordez, jokoak zenbatzen zituzten. Esate baterako, XXV. Olinpiadetako 3. urtea (Olinpiar jokoak K.a. 776. urtean hasi zirela kontuan izanda, data hori K.a. 673. urtea izango litzateke).

Emakumeentzat beste lehiaketa batzuk zeuden Olinpian bertan; Eraia izena zuten, Hera jainkosaren omenetan.

Filosofia eta zientzia

Greziarrei zientziaren sorrera eta garapena zor diegu, eta horrekin batera gure ikuspegi filosofikoaren oinarria.

Greziar kulturaren hasieran munduan eta gizartean gertatzen zirenak ulertzeko azalpen erlijiosoak erabiltzen ziren edo mitologiaren inguruko istorioak. Tales Miletokoak eta Pitagorasek, besteak beste, munduaren eta gizakiaren ulermenerako pentsamendu arrazionala proposatu zuten. Hori da pentsamendu zientifikoaren oinarria. Bide hori jorratu zuten filosofoak eta zientzialariak ugari izan ziren: Sokrates, Platon, Aristoteles...