Antzinako Mesopotamia: egitura politikoa

Valoracion: 
Average: 4.5 (2508 votes)

Lehen zibilizazio haien egitura politikoa ulertzeko, aurrez erregea nola ikusten zuten jakin behar da.

Garai haietan erregea gizakia baino zerbait handiagotzat hartzen zuten. Erregeak jainkoen eta gizakien arteko bitartekari-lanak egiten zituen, hura zen mendeko guztien aberastasunen babeslea, arrisku guztien aurrean ziurtasuna eskaintzen ziena. Harreman zuzena zuen jainkoekin, eta hortik zetorkion boterearen jatorria. Egitura politikoan berebiziko garrantzia zuten ezaugarri erlijiosoek, eta ondorioz sistema politiko hori monarkia izateaz gain teokraziaren hastapena ere izan zela esan dezakegu (teokrazia: teos + kratos; grekoz, jainkoan eta erlijioan oinarritutako boterea).

Mesopotamiako egitura politikoa honela irudika daiteke:

Persiar Inperioaren buru errege bat zegoen: erresuma guztiaren gainetik zegoen. Hark egiten zituen legeak eta hark erabaki zein politika aurrera eraman, aholkularien laguntzaz. Erresumako probintzia bakoitza erregearen aurrean erantzule zen. Postu garrantzitsuak aristokratei, nobleei eta erregearen lagunei eta ahaidekoei ematen zitzaizkien.

Hiritar estatusa zutenek (funtzionario, merkatari, artisau eta nekazari) tokiko batzar txikietan parte har zezaketen. Hiritar ez ziren biztanle askeek (atzerritarrak eta emakumeak), eta esklaboek ez zuten inolako botere politikorik. Hiritarrek batzarretan parte har zezaketen, baina erregeak zuen azkenean edozein erabakiren gaineko azken hitza.