Erromanizazioa euskal lurraldeetan: gizartea

Valoracion: 
Average: 2.7 (6426 votes)

Erromanizazioa gure artean  k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen, beraz  gure lurraldeetan  Antzinaroa erromanizazio garaiarekin parekatu dezakegu.

Gizarte-antolaketa

Euskal lurraldeetako biztanleen eta erromatarren arteko harremanak oso onak izan omen ziren. Erromatarrek ez zuten arazo berezirik izan, euskal lurralde guztiak konkistatu ondoren, beren biztanleak kontrolpean edukitzeko.

Erromatarren eta baskoien arteko harremanak adiskidetsuak izan ziren, eta horri esker baskoiek beren lurrak zabaltzea ere lortu zuten; adibidez, Ponpeio eta Sertorioren arteko gerran (K.a. 82-72), Pompaelo (Iruñea) fundatu zuen Ponpeiok. Ondoren, jasotako laguntza saritzeko Calagurris eta Cascantum eman zizkien baskoiei, eta badirudi Jaka eta inguruko lurraldeak ere baskoien eskuetara pasatu zirela.

Erromatarrak nagusitu zirenetik K.o. IV. mendera arte ez dugu inolako gerraren edo matxinadaren berririk; alderantziz, hemengo biztanleak erromatar armadan sartu ziren, eta Ingalaterrako edo Germaniako gerran ibili ziren. Nahiko ezaguna da karistiarrek, barduloek eta baskoiek osatutako armada taldea, “Cohors II vasconum”.

Erromatarrek euskal lurraldeetako biztanle guztiak izen beraren mendean bateratu zituzten. K.o. II. mendetik aurrera, aurreko barduloak eta autrigoiak baskoi bilakatu ziren.

Euskal lurraldeetan, gutxi edo asko, erromatar ereduko elementu politikoak, sozialak, ekonomikoak zein kulturalak, errotu egin ziren. Bertako eliteak (goi-mailako jendeak) erromatar eliteak imitatu zituen, baina herritar gehienen artean erromatar ereduko hainbat osagai bereganatu baziren ere, bertako ereduak sendo mantendu ziren.

Erromatar hiritartasuna zuten biztanleak oso gutxi ziren euskal lurraldeetan, indigena (bertako jendea) libreak ziren nagusi. Halere, dokumentatuta dago esklaboak bazeudela, baina inperioko beste lekuetan baino proportzio askoz txikiagoan.

 Jabetza

Erromatar gizarteko eliteek, konkista eskubidean oinarrituta, aberastasun handiak lortu zituzten. Horrek ahalbidetu zuen lurrak komeni zitzaienei banatzea: soldadu ohiei, kolonoei (jatorriz erromatarrak ziren nekazariak), indigena leialei... Era horretara, modu askotako nekazariak sortu ziren, gehienak lur-jabe txikiak eta batez ere etxerako ekoizten zutenak.

Lurra zen aberastasunaren seinale eta jabetza izugarriak lortu zituzten. Lurra esklaboen bitartez lantzen zuten, horrela etekin ekonomiko handiak ateratzen zituzten. Oro har, esklaboak lurra lantzeagatik ez zuten ordainik jasotzen, mantenua (jana eta jantziak) eta bizilekua bakarrik. Lur-jabe handiak botere ekonomiko eta politiko handia zuten.

Baziren lur-jabe txikiak ere, maiz lur-jabe handien lurretan lana egitera behartuta aurkitzen zirenak.

Euskal lurraldeetan II. mendetik V. mendera jauntxo handien kontra altxatu ziren bagaudak (nekazari talde txikiak). Matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen. Lur-jabe handiak eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka altxatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta matxinada guztiak zapaldu egin zituzten.

 Herriak eta hiriak

Saltus esparruan kolonizazioa ez zen oso sakona izan. Dena den, hainbat hiri sortu zituzten, hala nola: Lapurdum (Baiona), Oiasso (Irun), Forum (Forua), Menosca (Zarautz edo Getaria?), etab.

Ebro ibaiaren arroan, ordea, erromatarren eragina oso handia izan zen. Gure artean erromatarrek sortu zituzten harriz egindako lehen hiriak. Calagurris (Calahorra) eta Graccurris-ekin (Alfaro) batera badira beste batzuk ere: Pompaelo (Iruñea),), Veleia (Iruña Oka), Andelos (Muruzabal Andion, Mendigorria), Cara (Santakara), Cascantum (Cascante), Ilumberri (Irunberri)...

Hiri horietan, beste erromatar hirietan bezala, forum delakoaz gain, teatroak, termak (Arkaian), anfiteatroak, tenpluak eta azokak ere eraiki zituzten, eta baita hirietara ura garraiatzeko ubide edo akueduktuak ere (Lodosan adibidez).

Erromatar garaiko hirien funtzio nagusia ez zen ekonomikoa, politikoa baizik. Aberastasuna ez zen hirian sortzen: hirian gastatu egiten zen. Hiriak boteregunea ziren, eliteak (goi-mailako jendea) bizi ziren tokia, eta nekazaritza-eremua gobernatzeko gunea.

 Bizilekuak

Hirietako eraikinak zurez, harriz eta morteroz egiten ziren, batzuetan adreiluz ere bai, eta teilatua buztinezko teilekin estaltzen zuten. Erromatar ereduko etxeak ez ziren kanpotik oso ikusgarriak izaten. Leiho gutxi eta txikiak izaten zituzten, garai hartan ez baitzen beira erabiltzen leihoetan.

Maila sozialaren arabera, barruan hainbat apaingarri eta luxu izan zitzaketen; adibidez, zoruan jartzen zituzten mosaikoak, hainbat koloretako teselaz (kubo formako harriak) egindako marrazki ikusgarriak.

Etxe gehienek barruko patio bat zuten, patioak etxeari argitasuna ematen zion, eta gelak haren inguruan antolatzen ziren.

Landa-eremuan baziren alde batetik erromatar ereduko etxalde handiak, villa deituak, eta bestetik nekazarien etxe apalagoak.

Villatan ura oso elementu garrantzitsua zen, bai edateko, bai lurrak ureztatzeko, horregatik villa gehienak erreka, ur-putzu edo antzeko tokietatik gertu egoten ziren. Inguruko paisaia ederra izatea eta galtzadetatik gertu egotea ere garrantzitsua izaten zen villak kokatzeko orduan.

Herritar xumeen etxeak ez ziren horren ikusgarriak. Haiek etxoletan bizi ziren, etxe biribil txikietan. Etxolak eraikitzen hasi aurretik, zorua prestatzen zuten. Horretarako, lurrean metro erdi inguru sakontzen zuten, eta lurra zapalduz trinkotasuna ematen zioten zoruari. Zurezko zutoinen gainean teilatua jartzen zuten, gehienetan lastozkoa, hormak lurrez estalitako adar-bilbez egiten zituzten, harria ere erabil zitekeen hormak egiteko. Etxolen barruan ez zen, gehienetan, gelarik bereizten. Hala ere, txoko batean sua egoten zen janaria prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.