Aro Modernoko gizarte-antolamendua: erakundeak

Aro Modernoko biztanleak hainbat erakundetako kide ziren. Familiatik hasi eta Elizaraino.

Lehenengo mailan, familia zegoen, pertsonen artean osatutakoa. Etxe edota baserri batean bizi ziren eta familiaburuak Etxeko jauna edo Etxeko andrea ziren. Familiaburuek erabakitzen zuten noren eskutan uzten zuten etxea edo baserria, eta horri oinordeko edo maiorazkoa deitzen zitzaion. Gehienetan jabetza guztia maiorazkoak jasotzen zuen. Ordainetan, maiorazkoak gainerako senitartekoei dotea edo senipartea izenekoa ordaindu behar izaten zien. Dotea senitartekoek beste bizimodu bati ekiteko modukoa izan behar zen.

Familiak batzarretan edo kontzejutan antolatzen ziren. Batzarretan herriko etxe guztien ordezkariak elkartzen ziren herriarentzat garrantzitsuenak ziren erabakiak hartzeko.

Batzar horiek, goragoko mailan, probintzia maila edo lurralde mailako erakundetan biltzen ziren. Erakunde horiek Batzar Nagusiak ziren. Herri guztietako ordezkariak osatzen zuten eta lurralde horretan gobernatzen zuten.

Erakundeen maila gorena errege-erreginek zuzendutakoa zen. Erregea edo erregina, erresuma edo estatu baten burua zen. Errege-erreginek erresumako herritarrei babesa eskaini behar zien eta justiziaren arduradun nagusiak ziren. Erregeek herritarren eskubideak errespetatu behar zituzten eta horregatik lurraldeetako foruak beteko zituztela zin egiten zuten.

Bazen beste erakunde esanguratsu bat: eliza. Erresuma eta garaien arabera erlijio katolikoa edo protestantea zen nagusi lurralde horietan. Elizaren arabera, Errege-erreginen gainetik zegoen bakarra jainkoa zen, eta jainkoak izendatutakoak zirela pentsatzen zen. Botere handia zuen herritarren gain.

Utzi erantzuna