Aro Modernoko gizarte-antolamendua: euskal lurraldeetako erakundeak

Valoracion: 
Average: 2.7 (5452 votes)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Batzar Nagusiak zeuden, bana herrialde bakoitzean. Batzar Nagusiak herrialdeko parlamentu modukoak ziren. Bizkaiko Batzar Nagusiak bi urtetik behin elkartzen ziren. Gipuzkoakoak urtean bitan, txandaka probintziako hainbat herritan. Arabako Batzar Nagusiak urtean birritan, behin Gasteizen eta beste behin Arabako beste kuadrillaburu edo eskualdebururen batean, txandaka. Hori ohiko bilkurei dagokionez: gerra-garaian edo bestelako larrialdietan ezohiko bilkura gehiago egiten ziren hiru herrialdeetan.

Batzar Nagusiek bi talde elkartzen zituzten. Alde batetik erregearen ordezkaria egoten zen, Bizkaian eta Gipuzkoan korrejidore izena zuena. Araban erregearen ordezkaria Diputatu Nagusia zen. Bestetik, herrietako ordezkariak zeuden. Batzar Nagusietan ordezkari izateko ondasun-baldintza batzuk bete beharra zegoen. Beraz, ez zen ordezkaritza demokratikoa, hau da, herri osoari irekia, baina bai nahiko zabala. Batzar Nagusiek arlo askotako eskumenak zituzten: exekutiboak, judizialak eta hein batean legegileak. Berez, Batzar Nagusiek onartutako arauak lege bihurtzeko erregeak berrestea behar zen, baina lege-proposamena egiteko eskumena bazuten behintzat. Erregeak onetsiak zituen euskal herrialdeetako legeei foruak deitu ohi zitzaien. Batzar Nagusiak bilduta ez zeuden bitartean, haien ordezko organo bat jartzen zen martxan: Diputazioa. Batzar Nagusiak herrialdeetako parlamentu modukoak ziren; beraz, eta Diputazioak herrialdeko gobernu modukoak.

Nafarroak, gaztelarren konkistaren ondoren, bi errealitate zituen: alde batetik Nafarroako berezko erregeak Nafarroa Beherean jarraitu zuten eta Nafarroa Garaian erresuma izaten jarraitu zuen, baina Espainiako koroari atxikitako erresuma gisa. Gorteak izaten jarraitu zuen; Espainiako erregearen ordezkariak, Nafarroan, erregeorde izena zuen. Gortea, Batzar Nagusiak ez bezala, erakunde estamentala zen. Hau da, hiru adar zituen: nobleen adarra, kleroaren adarra eta herrien adarra. Erabakiak hartzeko hiru adarrak ados jarri beharra zuten. Bizpahiru urtetik behin elkartu ohi ziren, edo sarriago, egoerak eskatzen bazuen. Iruñean edo merindadeen hiriburuetan (eskualdeburuetan) elkartu ohi ziren. Batzar Nagusien antzera, hartutako erabakiek erregearen onespena behar izaten zuten. Gorteetan erregeordeak ere parte hartzen zuen. Nafarroak ere foruak zituen, hau da, oinarrizko arau idatziak. Gorteak elkartzen ez ziren garaian Nafarroan ere Diputazio bat jartzen zen martxan gobernu antzean funtziona zezan.

Nafarroa Beherean ere Gorteak zeuden, izaera estamentala zutenak eta ez zuten biltzeko epe jakinik. Gaztelako koroak Nafarroa konkistatu ondoren, Nafarroa eta Nafarroa Beherea bereizi egin ziren. Nafarroa Behereko Gorteak lehenengoz 1523an bildu ziren. 1620an Frantziako koroak bereganatu egin zuen Nafarroa Beherean kokatzen zen Nafarroako erresuma, eta, handik aurrera, Frantziako erregea izan zen Nafarroako erregea; foruek eta berezko erakundeek lehenean iraun zuten, hala ere. Baina Paristik eskumen horiek murriztu zituzten, Nafarroa Garaian baino gehiago. Nafarroa Behereko erregearen ordezkariak, berriz, baile izena zuen gorteak hartzen zituen erabakietan eragin handia zuen.

Lapurdin ere sortu zen XVI. mendean herrietako ordezkariak biltzeko parlamentu moduko bat, Lapurdiko edo Uztaritzeko Biltzarra eta epe jakinik gabe biltzen ziren. Eskumenak, ordea, Hegoaldeko erakundeenak baino apalagoak ziren. Funtsean, udalerrien arteko politika koordinatzen zuen. Lapurdiko Biltzarra ere ez zen estamentala. Erregeak Lapurdin zuen ordezkariari bailea deitzen zitzaion eta eragin handia zuen biltzarrean.

Zuberoan bi biltzar zeuden. Batetik Ordako Gortea erakunde estamentala zegoen, epe jakinik gabe elkartzen zena eta nobleak eta kleroa biltzen zituena. Bestetik, Silbiet herritarren biltzarra zegoen, Iribarneko basoan biltzen zena. Bi erakunde horiek elkarrekin koordinatu beharra zuten. Edonola ere, Ordako Gorteek garrantzia handiagoa zuten. Bestalde, Frantziako erregearen ordezkaria Zuberoan Mauleko gazteluko kapitaina zen eta erabaki ahalmen handia zuen.

Aipatzekoa da Hego Euskal Herriko erakundeak espainiar monarkiaren barruan aski sendoak izan ziren bitartean, Ipar Euskal Herriko erakundeak Frantziaren barruan askoz ahulagoak izan zirela; Frantziako erregearen ordezkariek botere handia zuten. Hegoaldeko foruak ere , hegoaldekoenak baino askoz abantaila handiagoak zituzten.