Arriskuan dauden espezieak

Valoracion: 
Average: 4.1 (1072 votes)
ORNODUNAK
Zona geografikoa Ugaztunak Hegaztiak Narrastiak Anfibioak Arrainak
Europa 82 56 31 10 83
Asia eta Ozeano Barea 526 547 190 75 256
Zona Polarrak 0 6 7 0 1
Afrika 294 217 27 24 117
Ipar Amerika 51 50 47 17 148
Hego Amerika eta Karibea 275 361 77 28 132

Munduko bizidunen aniztasunari, eta, batez ere, munduan arriskuan dauden espeziei buruzko informazioa duzu hor goiko taula horretan. Bertan, biosferako hainbat zona geografikotan arrisku bizian aurkitzen diren ornodun kopurua azaltzen da (ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta arrainak). Datu horiek NBE erakundeak egindako ikerketa batean bildutakoak dira.

Informe horretan bertan ateratzen diren kontuen arabera, munduan bizi daitezkeen bizidun moten kopurua 15 milioi ingurukoa izan daiteke, eta horietatik egun zehatz-mehatz ezagutzen ditugunak, sailkatuak daudenak, pare bat milioi besterik ez dira. Gainera bizidunen aniztasuna are eta gehiago murrizteko arriskuan dagoela diote zientifikoek, eta hórrela jarraituz gero, 100 urte barru, 1.500.000 animalia eta landare espezie betiko desager daitezkeela munduan.

Etsai nagusia, gizakia

XIX. mendeaz geroztik, garapena itsu-itsuan helburutzat hartzeagatik, gizakia espezie askoren etsai bilakatu dela esan daiteke. Gizakiak eragiten duen kalte handiena azpiegiturak (bideak, zubiak, aireportuak, turismo-guneak, industria-eremuak...) eta hiriak handitzeagatik animalien habitatak deuseztatzea da. Adibidez, egurra atera edo nekazaritza-eremuak handitzeko oihanak neurri gabe ustiatzen dira, eraikuntza berriak egiteko eremu hezeak idortzen dira, koral-errezileak ustiatuz, benetan aberatsak, baina, era berean, oso sentikorrak diren ekosistemak hondatzen dira.

Ehiza eta komertzioa dira espezieak desagertzearen bigarren arrazoi nagusia. Animalia basatiak kontinente guztietan dira elikagai-iturri garrantzitsu eta neurri gabeko ehizak eta arrantzak ikaragarrizko hondamendiak sor ditzakete. Bestalde, parke zoologikoetarako, laborategietarako eta konpainiarako animalia bizien salerosketa izugarria dago, baita elikatzeko edo larrua baliatzeko erabiltzen diren animalia hilena ere. Komertzio legalaren parean, urtean 15 miliar euroko salerosketa ilegala garatu da. Harrigarria badirudi ere, trafiko hori droga eta arma-trafikoaren ondoren garrantzi handienekoa da.

Bestelako jarduera batzuek, zeharkako ondorioak eragiten dituzte. Horietakoak dira, esaterako, suteak, goi tentsioko lineak, turista gehiegi ibiltzea, kirol batzuk eta espezie inbaditzaileak libratzea.

Airearen poluzioa, eta are gehiago urarena, animalientzat mehatxu handia izan daitezke, zuzenean heriotza masiboa eragiten dutelako edo zeharka elikagaiak desagertzea eragin dezaketelako. Poluitzaile nagusiak pestizidak, marea beltzak eta metal astunak dira.

Goiko taulak adierazten duen moduan, arriskuan azaltzen den ornodun espezie kopurua oso handia da. Arriskuan dauden ornodun horietako batzuen egoera oso kezkagarria da: katamotz iberiarra, esaterako, Europan desagertzeko zorian dago. Baina ez da bakarra. Beste espezie asko ere egoera berdintsuan daude, Euskal Herrian esate baterako ugatza, eguzki-arranoa, zuhaitz-igela, Pirinioetako hartza, bisoi europarra, ibai-kabuxa, apoarmatu istilzalea... Aipatu behar da espezie horiek guztiak legearen babespean daudela.Taula horretan garbi ikusten da gizakiaren eragina txikia den lekuetan (polo inguruetako zonak) arriskuan dagoen ornodunen kopurua ere txikia dela.

Elkarteak berak, aldizka, arrisku bizian dauden espezieen zerrenda ere kaleratzen du. 2.000ko zerrendaren arabera animali ornodunei begira egoera hau plazaratu zen: ugaztunen % 24, hegaztien % 12, narrastien % 25, anfibioen % 20 eta arrainen % 30 legoke arriskuan. Banaketa geografikoari dagokionez, herrialde batetik bestera egoera aldatu egiten dela dirudi. Ugaztun eta hegazti mehatxatu gehien Indonesian, Indian, Brasilen eta Txinan omen daude.

Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoan (landare eta ornodunak), Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 293 espezie mehatxatua azaltzen dira, eta Nafarroan berriz 100 espezie. Espezie batzuk bi katalogoetan azaltzen dira, eta zenbaitetan mehatxu arriskua desberdina izan daiteke ere.

Espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela esateko hainbat datu hartu behar izaten dira kontuan, besteak beste, banaketa geografikoa, populazio maila, ezaugarri biologikoak, ugaltzeko berezitasunak eta dituen mehatxuak. Orokorrean, banatze eremu txikia, indibiduo gutxi, berezitasun eta sentsibilitate handia eta ugaltze-ziklo luzea dituzten espezieek desagertzeko aukera handiagoa izan ohi dute.

Hala ere, ildo nagusi horien azpian ezjakintasun handia egon daiteke eta, hain zuzen, horregatik da hain zaila espeziea benetan arriskuan dagoen edo ez zehaztea. Adibidez, maiz, espezie kopurua kontatzea lan zaila izaten da, eta kasu batzuetan ezinezkoa ere gerta daiteke animaliaren tamaina txikiagatik edo oihanean barna sartzea zaila delako. Afrikako elefantearen kasuan, esaterako, kalkuluak 500.000 eta 800.000 indibiduo artean daude. Hala ere, arazo nagusia espeziearen bizi-ohiturak definitzea izaten da. Besteak beste, jateko ohiturak, gaixotasunekiko sentsibilitatea eta ugaltze-zikloa izaten dira garrantzitsuak, baina, zoritxarrez, hutsune eta ezjakintasun handia dago oraindik ere.

Baina noiz esan daiteke espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela? Ondorio horretara heltzeko, indibiduo kopurua eta desagerrarazi dezakeen mehatxua identifikatu behar dira. Ondoren, probabilitateak kalkulatu eta mehatxuaren aurrean espezieak duen sentsibilitatea neurtzen da. Lan luze eta pazientzia handikoa gerta daiteke guztia, baina, aldi berean, beharrezkoa, gizakiaren eragina neurtu eta aurrerantzean hartu beharreko neurriak definitzeko behintzat. Gero neurriok errespetatuko diren ala ez, hori besterik da.