Basamortuko klima

Valoracion: 
Average: 4.6 (3939 votes)

Basamortuen berezitasun nagusia lurralde horietako lehortasuna da. Basamortuak tropikoen inguruetan daude nagusiki, baina baita euri gutxi egiten duen lurralde epeletako hainbat aldetan ere: kontinente barneko lurraldeetan, mendikate handien atzealdean, itsaslaster hotzek ukitutako kostaldeetan…

Bai urtean zehar, bai egunaren eta gauaren artean, tenperatura-bitartea oso handia da basamortuetan. Prezipitazio kopurua, esan bezala, oso txikia dute, 250 mm/urteko baino gutxiago, eta zenbait lekutan (Saharako barnealdea, Atacama…), 5 mm/urteko baino gutxiago. Dudarik gabe, prezipitazio-urritasuna da klima horren ezaugarri nagusia.

Badira basamortu beroak baita hotzak ere. Basamortu beroetan, tenperatura altuak izaten dira urte guztian: egunez, 50 °C-tik gora irits daiteke zenbaitetan, baina gauez, asko jaisten dira tenperaturak, batzuetan 0 °C-tik behera.

Munduan basamortu ezagun asko dago: Sahara (munduko basamortu zabalena), Kalahari, Arabiako basamortua, Australiako Hareazko Basamortu Handia, Atacama, Sonora…

Basamortuen artean badira bereziak ere, basamortu hotzak deiturikoak. Basamortu horiek tropikoetatik nahiko urruti daude, berez klima-zona epelak diren guneetan. Udan, egunez tenperaturak oso altuak izaten dituzte (50 °C, zenbaitetan), eta gauez hotzak; baina neguan tenperaturak baxuak dira, bai egunez, bai gauez (–10 °C-tik beherakoak sarritan). Asiako zenbait basamortu, Gobi eta Takla Makan adibidez, horrelakoak dira.

Basamortuen bioma ingurune oso gogorra da biziarentzat, uraren urritasunak berak mugatzen baitu bizitzeko gaitasuna: landareei zaila egiten zaie inguru latz horretara egokitzea, eta, ondorioz, baita animaliei ere. Ura dagoen lekuetan (aintzira, putzu eta ibaien inguruak…) oasiak sortzen dira. Horregatik, basamortuetan, gizakiaren eragina txikia dela esan daiteke, baina azken urteotan areagotzen ari da nabarmen petrolio- eta gas-ustiatzeagatik.

Basamortuko landareek dagoen hezetasun apurra biltzeko sustrai luzeak, sakonak eta asko zabalduak izan ohi dituzte. Gainera, ura gordetzeko moldaturik egoten dira maiz. Ezagunenak kaktusak dira: handienek hamar metrotik gorako altuera hartzen dute, eta ehunka litro ur gorde dezakete barnean. Oso ezagunak dira palmondoak ere; hezetasun pixka bat lortzen dutenean basamortuetan baso txikiak osatzen dituzte.

Basamortuetako fauna ere berora eta lehorrera moldatua dago; dromedarioek eta gameluek, esaterako, egun askotan gorde dezakete ura gorputzean; kriskitin-sugeak edo eskorpioiak ezkutatu egiten dira egunez, bero handia egiten duenean… Animalia asko gauez bizi da.

Articulos Relacionados: