Belardien erabilera

Valoracion: 
Average: 2.9 (224 votes)

Belardien erabilera era askotakoa da, herrien eta baldintza klimatikoen arabera. Estatu Batuetako Lautada Handietako indiarrak (siuxak, cheyenneak, komantxeak, eta abar) ehiztariak ziren, Asia erdialdeko kirgizak, mongoliarrak, uzbekoak… abeltzainak ziren batik bat, eta Europako belardiak, berriz, nekazariek erabili izan dituzte Neolito garaitik. Ezin da, beraz, esan belardia gizakiaren bizimodu zehatz bati lotzen zaionik. Dena den, zenbaitetan gauza bitxiak ere gertatu izan dira. Europarrak Ameriketara heldu zirenean, han ez zuten zaldia ezagutzen eta oinarrizko nekazaritzan aritzen ziren. Baina, denbora igaro ahala, munduko zaldunik trebeenetarikoak bihurtu ziren. Beren ohiko bizimodua utzi eta bisonte-ehizan hasi ziren. Antzeko zerbait gertatu zen Argentinako Panpako biztanleei dagokienez ere: zaldi gaineko trebetasuna behiak zaintzeko erabiltzen hasi ziren eta horrela sortu ziren hain ezagunak diren gautxoak.

Gaur egungo egoera ekonomiko berriek izugarrizko eragina izan dute belardietan. Nahiko euri egiten duen lurraldeetan ―Estatu Batuetako Lautada Handietako ekialdean eta Europan, adibidez― oso nekazaritza aberatsa sortu da. Aipagarriak dira Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako edota Argentinako garia, artoa eta bestelako laboreak; munduko labore-biltzailerik handienak dira eta leku guztietara esportatzen dute.

Euri gutxi egiten duen lekuetan ureztatze-sistemen bidez egokitu dituzte lurrak nekazaritzarako; Asia erdialdeko errepubliketan, adibidez. Dena den, Asiako leku askotan oraindik ere mantentzen dira abeltzain nomadak.