Biziaren sorrera eta garapena

biziarenSorrera05aurrebista.jpg

Zientzialariek azkenaldian egindako kalkuluen arabera, orain dela 4.600 milioi urte inguru sortu bide zen Lurra, eta duela 3.800-3.400 miloi urte, garai hartako fosil mikroskopikoen datazioak erakusten duenez, agertu bide ziren Lurrean (itsasoan) lehenengo zelulak biziak, garai hartan gure planetak zituen egoera fisikoei eta kimikoei moldatuta.

Baina sortu zen bizia Lurreko itsaso haietan?

Gaur egun egiaztatuta dago izaki bizidun guztien jatorria beste izaki bizidun batzuengan dagoela.

Baina berezko sorreraren ideiak luzaroan egon ziren indarrean. Ideia horien arabera, igelak, sugeak eta krokodiloak lokatzetatik sortzen ziren eta izaki bizidunak sortzeko errezetak ere eman zituzten.

Francesco Redi

XVII. mendean berezko sorreraren ideiak baztertzearren, Francesco Redi italiar zientzialariak esperimentu baten bidez frogatu zuen haragi usteletik ateratzen diren har zurien jatorria ez zela haragia, euliek haragian jartzen zituzten arrautzak baizik. Saiakuntzaren ondorioz, estali gabeko ontzian euliek jarritako arrautzetatik harrak sortzen ziren; estalitako ontzian ez zen harrik sortzen (mikroorganismoen eraginez haragia usteldu egiten zen, ordea).

Francesco Redik berezko sorrera ezeztatzeko egindako esperimentua.

Aurrerago, XIX. mendean, Louis Pasteur (1822-1895) frantsesak egiaztatu zuen mikroorganismo txiki-txiki horiek ere ez zirela berez sortuak. Pasteurrek mikroorganismo horiek airean zeudela eta elikagaien gainean garatzen zirela frogatu zuen. Mikrobiologian aitzindaria izan zen. Hasieran argiaren polarizazioaren inguruko ikerketak egiten hasi zen. Gero germenekin egin zuen lan, eta mikroorganismoek hartzidura laktiko eta alkoholikoan daukaten funtzioa frogatu zuen. Hortik abiatuta pasteurizazio eta esterilizazio teknikak garatu zituen. 1885. urtean amorruaren aurkako txertoa lortu zuen. Bi urte beranduago bere izena daraman institutua fundatu zuen.

Hauxe da Pasteurrek mikroorganismoak airean zeudela eta elikagaien gainean garatzen zirela frogatzeko egindako esperimentua.

Aleksandr Oparin biokimikari sobietarraren ustez (1924), egitura kimikoen eboluzioaren eta birmoldaketen bidez sortu ziren lehen bizidun zelulabakarrak; hau da, bizirik gabeko kimikatik sortu zen bizia.

Hala ere, hipotesi hori ez zen 1953. urtera arte frogatu; urte hartan, Chicagoko Unibertsitateko Stanley Miller eta Harold Urey zientzialari estatubatuarrek biziaren historiarentzat berebiziko garrantzia izan zuen saiakuntza famatu bat egin zuten, frogatzen zuena molekula organikoen sintesia posible zela molekula inorganikoetatik abiatuta. Saiakuntza horretan, Lurrak gaztea zenean izan zezakeen atmosfera (orduko gas-nahastea) eta baldintza fisiko-kimikoak (Eguzkitiko irrada ultramoreak, ekaitzek sortutako tximistak…) laborategian sortzen saiatu ziren, metano, amoniako, ur eta hidrogenozko nahaste bat luzaroan deskarga elektrikoen eraginpean jarrita.

Oparinek hori baino lehenago aurreikusi eta iragarri zuenez, erreakzio horren hondakinetan konposatu organiko ugari aurkitu zituzten, aminoazidoak, horien artean. Aminoazidoak dira biziaren oinarrizko osagaiak, adreiluak.

Horrelako saiakuntzetatik abiatuta, zientzialariek biziaren sorrerari buruzko hainbat teoria osatu dituzte eta, gaur egun hedatuen dagoenaren arabera, atmosfera hartan osatutako aminoazido-molekulak itsaso epeletako putzuetan pilatzen hasi ziren. Aminoazidoetatik proteinak eta azido nukleikoak osatu ziren gero, eta horietatik, gai horiek erregulatzeko eta bikoizteko gai bihurtu ziren izakiak. Hortik aurrera, noizbait piztu zen bizia, eta horren eboluzioa izango genuke geroztiko bilakaera.

Bide hori erakusten duten aztarnak fosiletan aurkitu daitezke, neurri batean, eta badira fosil horien artean bereziak diren batzuk, estromatolito izenekoak.

Denbora askoan arrokak zirela uste izan zuten adituek, baina, mikroskopioz aztertuta, nukleorik gabeko milioika eta milioika izakiren hondakinek osatuta daudela frogatu dute ikertzaileek. Ezagutzen diren hondakin fosil zaharrenak dira (3.500 miloi urte) eta biziarentzat oinarrizkoak izan daitezkeen izakiek (zianobakterioek, alga berde-urdinek) osatuak dira.

Gaur egun ere, zenbait leku berezitan (Australiako zenbait lekutan, adibidez) aurki daitezke estromatolitoen osagai diren bizidunen antzeko izakiak. Bizidun horiek fotosintesi anaerobikoa (oxigenorik gabekoa) egiten dute, eta, prozesuko hondakin modura, oxigeno gasa isurtzen da atmosferara. Ustez, Lurraren atmosferaren osaera alga zianofizeoen eraginez aldatu zen; gure atmosferako oxigenoa bizidun horiek eratua da.

Estromatolitoetatik abiatuta, hainbat bizi-forma joan ziren sortzen, betiere une bakoitzean Lurreko baldintzek hautespen naturala bideratuta. Halako batean, duela 1.700tik 1.000 miloi urtera bitarteko epean, lehenengo zelula eukariotak agertu ziren: nukleodunak eta bikoizteko ahalmenaz hornituak. Zelula eukariotak zituzten bizidunak aerobikoak ziren; hau da, oxigenoa zegoen lekuetan bizitzeko gaitasuna zuten.

Dena dela, ez da ahaztu behar fotosintesia egiteko gai ziren bizidun anaerobikorik gabe ezinezkoa zela atmosferan oxigenoa eta bizidun aerobikoak sortzea.

Hurrengo 400 milioi urteetan, zelula eukariotak zituzten bizidunak azkar dibertsifikatu eta bizidun zelulaniztunak agertu ziren.

Utzi erantzuna