Bizitza basamortuan

basamortua-aurrebista.jpg

Basamortua ez da gizakia bizitzeko leku atsegina; baina, hala ere, basamortua aspaldi bihurtu zen gizakien bizileku.

Bizitza basamortuan

Afrikako Kalaharin, Australiaren barnealdeko basamortuan eta Estatu Batuetako mendebaldeko eta hego-mendebaldeko basamortuetan ehiztari biltzaileak aurki ditzakegu: Kung herria (boskimanoak), Australiako aborigenak eta Estatu Batuetako shoshonak, adibidez. Herri horien bizimodua ehiza eta fruitu-biltzea da. 

Basamortua hain leku txiroa izanik, bizitzeko adina badute ere, arazo nagusia ur-eskasia da; horregatik etengabe aritzen dira ur-putzu batetik besterako joan-etorrian.

Basamortuetan bizi diren herri esanguratsuak dena den, Saharako, Arabiako edota Gobiko abeltzain eta merkatari ibiltarienak dira. Herri horiek (tuaregak, beduinoak eta mongoliarrak) basamortuan zehar mugitzen dira beren abere-taldeekin, euri urrien eraginez sortutako belardien bila. Mugimendu horiei esker, herri horiek merkatari bilakatu ziren. Ezagunak dira tuaregek Sahara iparraldetik hegoalderantz eta alderantziz egiten dituzten bidaiak, edota beduinoek Ekialde Hurbileko basamortu guztietan zehar egiten dituztenak.  Halakoen bizimodua ezin da moldatu oasi eta ibai alboetan bizi diren nekazariekin dituzten harremanik gabe. Nekazariak ura agertzen den lekuetan kokatzen dira eta, ureztatzeko teknikak erabiliz, gai dira oinarrizko nekazaritza abiarazteko.

Basamortuan handia izan da gizakiaren eragina. Horrela, Egipton, Mesopotamian (gaur egungo Irak eta Siria), Pakistanen, eta Perun adibidez, ureztatzeko teknikak erabiliz, basamortu zena lur emankor bihurtu dute Antzinarotik. Ureztatze-lan horiengatik zein nekazaritzan eta abeltzaintzan teknika desegokiak erabiltzeagatik, lehenago estepa edo sabana zena basamortu bihurtu da zenbait lekutan.

Bi eragin horiek, ureztatze lanak eta biztanleriaren hazkundea, areagotu egin dira gure egunotan: Arabiako penintsulan, Egipton, Libian… ureztatze-lan erraldoiak egiten dira. Biztanleriaren hazkundeak, bestalde, presio izugarria egiten du zoruaren gain eta, horren guztiaren ondorioz, lurra pobretu ez ezik, poliki-poliki basamortu bihurtzen ari da.

Horrez gain, mundu mailan gertatzen ari den aldaketa klimatikoaren eraginez, gero eta euri gutxiago egiten du eskualde askotan eta, egiten duenean, oso gogor egiten du.

Eragin horien ondorioa bera da: zorua galdu eta basamortua sortzea edo zabaltzea. Basamortua da munduan zabaltzen ari den bioma bakarra, horrek dakartzan ondorio sozio-ekonomiko, politiko, demografiko… eta guzti.

Basamortuaren ustiaketan, petrolioa edota gas naturala ateratzeko dorreak dira nagusi. Petrolioa leku askotan lortzen da baina munduko ekoizlerik handienak Arabiar penintsulakoak (Saudi Arabia, Kuwait, Qatar…) eta Afrika iparraldekoak (Aljeria eta Libia) dira. Ekoizpen horrek, etekin ekonomiko handiak ematen ditu eta biztanleriaren bizimodua aldatzea ekarri du; beduinoak eta tuaregak desagertzeko zorian daude; bai eta, beraiekin, milaka urtetan iraun duen bizimodua ere.

Utzi erantzuna