Antzinako Egipto

Valoracion: 
Average: 2.5 (4358 votes)

Egiptoko zibilizazioa ia 3.000 urtean Nilo ibaiaren alboan sortu eta garatu zen. K.a. 332. urtean Alexandro Handiak konkistatu arte iraun zuen.

Antzinako Egiptoko zibilizazioaren arrakasta Nilo ibaiaren aldaketetara ongi moldatzetik dator. Ibar emankorraren ureztatze kontrolatuak uzta oparoak eragin zituen, eta gizartearen eta kulturaren garapen handia eragin zuten.

Egiptoko egitura politiko guztia faraoiarengan oinarritzen zen. Faraoia jainkoa zen, jainko nagusia, eta jainko gisa bere herriaren eta beste jainkoen arteko bitartekari-lanak egiten zituen.

Egiptoren ondare ezagunena artea eta arkitektura da; horren eredu argia piramideak dira, Antzinaroko Zazpi Mirarietatik zutik dirauten aztarna bakarra.

Antzinako egiptoarren lorpen ugarien artean daude matematika sistema konplexuak, meatzaritza aurreratua, beiraren teknologia, medikuntza eraginkorra, ureztatze eta nekazaritza sistema emankorrak, idazkera hierografikoa eta munduko lehen bake hitzarmena.

Antzinako Egipto: bilakaera historikoa

Egiptoren historia aztertzen denean, gehienetan hainbat aldi aipatzen dira: Dinastien aurreko aldia (batasun politikoa lortu baino lehen); Antzinako Inperioa; Inperio Erdikoa; Inperio Berria; eta, azkenean, Saistarren dinastia.

Dinastien aurreko aldia (K. a. IV. milurtekoa)

Neolito garaitik Nilo ibaiaren ertzetan, oso herri garrantzitsua eta nortasun handikoa hasi zen sortzen eta garatzen. Gune politiko-ekonomiko nagusiak bi hauek izan ziren: ibaiaren delta aldean sorturiko Egipto Beherea, eta ibaiaren lehen ur-jauzitik deltarainoko Egipto Garaia.

Antzinako Inperio Zaharra (K.a. 3000-K.a. 2200)

Batasun politikoa lortu ondoren, faraoiaren botere politikoa erabatekoa zen, absolutua eta guztiz zentralizatua. Botere horren isla garbia da garai hartako piramideen eraikuntza.

K.a. 2500. urtetik aurrera faraoien botere politikoa ahultzen joan zen, eta eskualdeetako nomarka buruzagiak hasi ziren beren lurretan boterea bereganatzen.

Inperio Erdikoa (K.a. 1990-K.a. 1785)

Mentuhotep faraoiak, borroka luze eta latzen ostean, berriro batasun politikoa lortu zuen. Bere ondorengoek estatu berriaren oinarri politikoak ezarri zituzten eta Egiptok, lehen aldiz, ordura arte izan zituen mugak zabaldu zituen: Sudango iparraldea, Palestina, Libano eta Siriako zati garrantzitsu bat mendean hartu zituen. Eragina Babiloniaraino eta Kreta uharteraino ere heldu zen.

K.a. XVIII. mende amaieratik aurrera, barne-arazoak eta Asiatik zetozen hiksoen erasoen ondorioz, faraoien botere politikoa, berriro ere, ahuldu egin zen eta inperioa desagertu.

Inperio Berria (K.a. 1550-K.a. 1085)

Amosis I.a faraoiak hiksoak kanporatzea lortu zuen, eta Egiptoren mugak hegoalderantz eta ekialderantz zabaldu zituen. Ondoren, Egiptoko mugak inoiz baino gehiago zabaldu ziren Sudango iparraldetik Eufrates ibairaino, Mesopotamiako iparralderaino alegia.

Hurrengo faraoiek Asiatik eta itsasotik etorritako inbasioei aurre egin behar izan zieten eta ozta-ozta lortu zuten inbaditzaileak kanporatzea. Egiptoren mende zeuden errege eta printze askok, egoera nahasia baliatuz, independentzia aldarrikatu eta estatu indartsu berriak sortu zituzten. Azkenean, apaizburu batek bere burua faraoi koroatu zuen eta handik aurrera Egipto beste aldi larri batean sartu zen.

Saistarren dinastia (K.a. 730-K.a. 525)

Sais hiriak Egipto osoa bere mendean hartzea lortu zuen, baina egoera ez zen batere lasaitu. Lehenengo asiriarrek eraso zieten eta geroago persiarrek. Azkenean, Egipto Persiar Inperioko probintzia bilakatu zen.