Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: ontzigintza

Valoracion: 
Average: 4.7 (1340 votes)

Kostalde zabala edukitzeak, itsasoari lotutako jarduerek (arrantza, merkataritza, balearen arrantza …) garrantzi handikoak izateak, eta beharrezko hornigaiak (zura eta burdina) ugari eta eskura errazak izateak bultzada handia eman zion euskal ontzigintzari. Garraiorako, arrantzarako eta erregearen aginduzko gerraontziak egiten zituzten.

Garaiko ontziola nagusiak Bizkaian Bilboko itsasadarrekoak ziren (batez ere Zorrotzakoa eta Deustukoa), eta Gipuzkoan, berriz, Zumaiakoa, Debakoa, Mutrikukoa, Pasaiakoa eta Oriokoa. Baina beste hainbat herritan ere aurki zitezkeen ontziola txikiagoak (Hondarribian, Irunen, Donostian, Zarautzen, etab.). XVI. eta XVII. mendeetan Espainiako monarkiaren itsas armadaren ontzi gehienak Zorrotzako (Bilbo) ontziolan eraikitzen zituzten.

XVI. mendean Gipuzkoan bakarrik 357 itsasontzi eraiki ziren eta hurrengo mendean 381, hau da, urtero hiru-lau ontzi, batez beste. Bizkaiko ekoizpena apur bat apalagoa zen XVI. mende osoko ekoizpena ehun bat ontzikoa izanik. Gehien eraiki ziren itsasontzi motak naoak eta galeoiak izan ziren. Gainera, jarduera horren inguruan beste batzuk garatu ziren; errementariez eta arotzez gainera, belak edo sokak egiten zituzten lantegiak ere ugaritu ziren.