Erdi Aroa Euskal lurraldeetan: erakundeen antolaketa

Valoracion: 
Average: 3.1 (9 votes)

Gaur egungo erakunde gehienak Erdi Aroan sortutakoak dira, bai herri mailakoak eta baita herrietatik haragokoak ere.

Herri mailako erakundeak

Batzarrak herriak gobernatzeko erakundeak ziren eta herrietako komunitateak eratzearekin batera agertu ziren, herritar guztiek komunean zituzten interes edo arazoei erantzuna emateko gutxieneko antolakuntza baten beharra sortu zenean. Herrietan eta hirietan egiten ziren batzar horiek irekiak edo itxiak izaten ziren.

Batzar itxia hiriko bizitza gidatzen zuten ofizialek eta karguek osatzen zuten. Kargu guztiek (alkateak, errejidoreak, diputatuak, kontalariak, diruzainak, zinpekoak, pielak…) izaten zuten urtebeteko iraupena. Kontzeju itxien hautaketan auzokideek parte hartzen zuten, hau da, etxe bakoitzeko ordezkariek. Nagusiki, gizonezkoek hartzen zuten parte aukeraketa horretan. Kargu hori bete ahal izateko hainbat baldintza bete behar ziren: gaztelaniaz idazten eta irakurtzen jakitea, gutxieneko diru kopuru edo ondasunak izatea, bizilekua hiribilduaren harresiz barne izatea…

Batzar irekian 25 urtetik gorako adina zuten herriko biztanleek soilik zuten bozkatzeko aukera. Ezohiko batzarrak izaten ziren, oso gutxitan eta oso garrantzitsuak ziren gaiak lantzeko. Kontzeju irekiak batez ere elizetan egin ohi ziren.

Herrietatik haragoko erakundeak

Lurralde antolaketari zegokionez, XIII. menderako Nafarroako Erresuman lau merindade zeuden: Iruñea-Mendialdea, Zangoza, Lizarra eta Erribera. Horrez gain, Pirinioez bestaldean bazen era askotako lur multzo bat, gaur egun “Nafarroa Beherea” deitzen duguna, baina garai hartan ez zegoena merindade bakarrean bilduta, baizik eta baile-herri deitutako bi ataletan banatuta: Donibane Garaziko baile-herria eta Mixa-Oztibarreko baile-herria.

Merindade bakoitzaren arduradun gisa merio kargu bat zegoen, erregearen ondarea, errentak eta eskubideak kudeatzen zituena. Merioak erregearen izenean justizia aplikatu eta ordena publikoa zaindu behar zituen. Nafarroa Garaiko baile-herrietan merioaren lana baile karguak betetzen zuen.

Nafarroa Behereko lurrek ez ezik, erresumako hiri nagusiek ere baile-herriak eratu zituzten, alegia, Iruñeak, Zangozak, Lizarrak eta Tuterak, Garesek eta beste gutxi batzuek. Kasu horietan ez dira nahasi behar baile-herrien eskumenak eta udalbatzetako agintarienak: bailea erregeen ondasunen administrazioaz eta juduen zuzenbideaz arduratzen zen, eta udalbatza, berriz, hiriko gobernuaz, ohiko zuzenbideaz eta foruak emandako gainerako eskumenez.

Beste euskal lurraldeetan, antolaketa politiko-instituzionala ez zen Nafarroakoa bezain garatua. Izatez, XIV-XV mendeetan joan ziren finkatzen gerora Batzar Nagusi izena hartuko zuten erakundeak, eta haien eskutik joango ziren finkatzen lurraldeko foruak, astiro-astiro. Gaztelako erregeak XIV. mendetik bere ordezkari bat zuen probintzia bakoitzean, Bizkaian eta Gipuzkoan korrejidore deitzen zena. Bizkaiko kasuan bertako jaun aristokratek 1342. urtean Gernikan bildurik Kapitulatua deitu zen agiri bat idatzi zuten Bizkaiko jaunaren (erregearen) eta bizkaitarren arteko harremanak eta eskubideak zehazteko. Batez ere, bizkaitar nobleen pribilegioak zehazten zituen, baina batzuetan zenbait eskubide bizkaitar guztienak zirela iradokitzen zen. Aurrerago, 1452. urtean, Bizkaiko estamentu pribilegiatuetako kideek Bizkaiko Foru Zaharra idatzi zuten, beren buruen alde batez ere, baina berriro ere herritar guztien zenbait eskubide zehaztuz.

Gipuzkoako kasuan bertako hiribilduak Ermandade batzarretan elkartzen hasi ziren. Ezagutzen den lehen batzarra, 1375. urtekoa, Tolosan bildu zen. Ermandadeak, batez ere, jaunen gehiegikeriak mugatzeko elkartzen ziren. Era horretara, Gernikako batzar eta Ermandade haien inguruan finkatzen joan ziren gerora Batzar Nagusiak izango zirenak.