Antzinako Erroma: egitura politikoa

Valoracion: 
Average: 3.8 (7477 votes)

Erromako zibilizazioak iraun zuen hamabi mendeetan, hiru aginte-modu ezagutu zituen: monarkia, errepublika eta inperioa.

Monarkia

Erromako lehen erregea Romulo izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen, monarkiak iraun zuen 250 urtean. Erromako azken monarka Tarkino Harroa izan zen. Bere agintaldian tirania ezarri zuelako, herritarrek kargutik bota egin zuten, eta orduan errepublikari hasiera eman zitzaion.

Errepublika

Tarkino erregeak tirania ezarri nahi zuelako, K.a. 509. urtean herritarrek kargutik bota egin zuten eta errepublika ezarri.

Magistratu edo senatari izendatua izateko, aberastasun propioa eduki behar zenez, Erromako Errepublika oligarkia dela esaten da eta ez demokrazia. Erromako agintari gorenak bi kontsul izaten ziren; urtero aukeratzen zen bietako bat. Gerra-garaian aginte goren bakar gisa, diktadore bat izenda zitekeen sei hilabeterako.

K.a. VI. eta K.o. II. mendeen artean Erromak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Errepublika krisian sartu zen eta, desberdintasun sozialen ondorioz, gatazka sozial ugari gertatu ziren. Era berean, agindu nahi zuten hainbat agintari militarren artean gerra zibilak ere ugaritu ziren. Azkenean, Julio Zesar diktadore izendatu zuten.

Diktadura

Erromako lurrak ugaritzen zihoazen heinean, senatua gero eta indar gehiago hartzen joan zen, baina gizartean patrizioen eta plebeioen arteko konponezinak hor zirauen.

Giro nahasi horretan ugariak ziren armadako buruen arteko gatazkak eta horiek eragindako gerra zibilak. Ponpeioren kontrako gerraren ondoren, K.a. 54an, Julio Zesarrek Erromako buruzagitza, diktadura gisa, bereganatu zuen behin betiko.

Kaio Julio Zesar diktadore jarri ondoren, aurreko garaiekin alderatuz, egonkortasun apur bat nabaritu zen Erroman. Gauzak horrela, ez zen denbora asko igaro azpijokoen bidez diktadorea erail zuten arte. Egoera horrek beste etapa baten hasiera eragin zuen.

Inperioa

Zesar Oktavio Augustok, K.a. 27an, eskuratu zuen boterea. Errepublikako erakundeak mantendu egin zituen, baina aholkulari gisa bakarrik.

Enperadorea botere ororen jabe egin zen. Alde batetik, botere militarra (imperator) eta politikoa (princeps) eskuratu zituen, eta bestetik, botere erlijiosoa, apaiz gorenaren kargua (maximus pontifex), jainkotasun kutsua (augusto) bereganatuz.

Milioika pertsonarengan botere zentralizatzailea eta autoritarioa ezarri zuten laurogei enperadore izan zituen Erromak, bost mende luzetan.

Augustok ezarritako pax romanari esker (derrigortuta, zapalketa bidez lortutako bakea), Erromak garai lasai antzekoak bizi izan zituen berrehunen bat urtetan. Haren ondorengoek mugak sendotu zituzten, Mauritania menderatu eta Britainia Handia bereganatu.

K.o. III. mendetik aurrera Inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. Berrogeita hamar urtean hamabost enperadore egon ziren, jeneral eta soldaduek erailak guztiak. Kanpoko erasoak ere gero eta nabariagoak ziren.

395. urtean Teodosio enperadorea hiltzean, inperioa bitan banatu zen:

  • Mendebaldeko Inperioa. Erroma zuen hiriburu, baina berehala Ravenara pasa zen.
  • Ekialdeko Inperioa. Bizantzion zuen hiriburua.

476. urtean Romulo Augusto, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion. Erromatar Inperioak ekialdean iraun zuen, Bizantziar Inperioa izenarekin, 1453an turkiarren eskutan erori zen arte.

Articulos Relacionados: