Erromanizazioa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Valoracion: 
Average: 3.4 (2544 votes)

Erromanizazioa gure artean  k.a. II. Mendetik k.o. V. mendera arte eman zen, beraz  gure lurraldeetan  Antzinaroa erromanizazio garaiarekin parekatu dezakegu.

Erromatarrak menderatu zituzten lurraldeetatik ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu ziren. Horretarako, konkistatutako lurraldeak berrantolatu egin zituzten, bakoitzak eman zezakeen onuraren arabera.

Jarduerak

Nekazaritzarako egokiak ziren lurraldeetan, lanak egiteko moduak erabat aldatu zituzten. Berrikuntza nagusien artean ureztatze-lanak, goldea, ongarrien erabilera eta lursailen hirurteko txandatze-sistema aipatu behar dira. Horrek guztiak aldaketa handia ekarri zuen; izan ere, lehen aldiz uzta handiak lortzen hasi ziren; beraz, soberan zutena saldu eta irabaziak lortzeko aukera izan zuten. Euskal lurraldeetan, batez ere Ebro eskualdean garatu zen egoera hori.

Produktu berri ugari ekarri zituzten erromatarrek, garia, olioa, mahatsa..., fruta-arbolak ere sartu zituzten, besteak beste, gerezia eta pikua. Edarietan garagardoa, ardoa eta sagardoa egiteko teknikak ere ekarri zituzten. Ehunak egiteko zenbait landare ere (kalamua eta lihoa bereziki) erromatarrei sor dizkiegu.

Zenbait lekutan, meatzaritza ere landu zuten, urrea, beruna, eztainua, kobrea, burdina eta merkurioa lortzeko. Arditurritik (Aiako Harria) adibidez, zilarra, kobrea eta burdina atera zituzten. Oiassoko (Irun) portutik bideratzen zuten mearen garraioa.

Elikagaien transformazioari lotutako jarduerak aipa daitezke azkenik. Erribera aldean olioa egiteko prentsak aurkitu dira. Ardoa ere toki askotan egiten zen. Bai ardoa eta bai olioa anforetan garraiatzen zen.

Energia aldetik, erromatar teknologia aurreko eta hurrengo mendeetakoaren antzekoa zen. Funtsean, animalien eta esklaboen indarra erabiltzen zen lanerako. Egurra eta egur-ikatza ziren erregai nagusiak. Erromatarrek indar hidraulikoa baliatzeko teknologia ere garatu zuten, ur-errotak eta gisako tresnekin. Ura bideratzeko lanak egiten oso trebeak izan ziren, presa, ubide, akueduktu eta antzekoek frogatzen dutenez.

 Tresna berriak

Jarduera berriekin lotuta hainbat tresna berri ekarri zituzten erromatarrek. Nekazaritzan golde erromatarra erabiltzen hasi ziren, goldeak lurra errazago biratzea ahalbidetu zuen, horrela, uzta handiagoak eta hobeak lortuz.

Ureztatze-sistemari dagokionez, ubideak dira aipagarrienak, haien bitartez ura noranahi eraman zezaketen: soroetara, landareak ureztatzeko, nahiz etxeetara, etxeko ur beharrak asetzeko.

Erromatarrek ekarritako tresna eta teknika berriei esker arrantz- jarduerek ere loraldia izan zuten. Arraina kontserbatzeko lantegiak sortu ziren; horrez gain beste ekoizpen berezi bati ekin zioten: arrainetatik ateratzen zuten saltsa bat, garum izenekoa, erromatar munduan oso preziatua. Anfora ontzietan garraiatzen zuten. Horrelako lantegien aztarnak aurkitu dira Getarian (Lapurdi).

Erromatarrek artisautza ere indartu zuten. Horren eredu terra sigillata motako zeramika ekoizten zuten tailer txikia aurkitu da Pompaelon (Iruñea). Era berean, zenbait eskulangintza-tailer egon ziren garai hartan, bereziki hiri inguruetan: arotzak, harginak, teilaginak, beiragileak, oihalgileak, larrugileak, jostunak, etab.

Elikadura

Garai hartan euskal lurraldeetako biztanle gehienen elikadura etxean bertan ekoitzitako edo bildutako produktuetan oinarritzen zen: etxean hazi eta etxean jan. Dietaren parterik handiena, landare jatorrikoa zen, haragia eta arraina urri ziren.

Garia, garagarra, artatxikia, oloa, baba, ilarra, mahatsa eta beste landare batzuk aspalditik ziren ezagunak euskal lurraldeetan. Gariak garrantzia berezia zuen lurralde osoan, ogia egiteko lehengaia baitzen, barku formako eskuzko errotak erabiltzen zituzten gari-alea eho eta irina lortzeko.

Zereal eta barazki horiei erromatarrek ekarri zituztenak erantsi zitzaizkien: aza, tipula, baratxuria, porrua, dilistak

Bildutako fruituak eta landareak osagarri gisa maiz jaten zituzten. Horrela, basoan edo etxe inguruko fruta-arboletan sagarrak, hurrak, intxaurrak, masustak, basaranak eta ezkurrak biltzen ziren jateko, gaztainak ere bai, seguru asko.

Aipaturiko fruituei erromatarrek ekarritakoak erantsi behar dizkiegu: olibak, gereziak, pikuak, almendrak, pinoiak, aranak eta melokotoiak. Horien guztien arrastoak aurkitu dira aztarnategietan.

Garaiko dietan abelazkuntzak ere bazuen garrantziorik. Abere motarik ohikoenak behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak eta oiloak ziren. Abere horiek, haragiaz gain, edo haragia baino lehenago esnea, gantza eta arrautzak ematen zituzten.

Erromatarren artean hiru otordu egitea zen ohitura: gosaria (ientaculum), bazkaria (prandium) eta afaria (cena), batzuetan baita askaria ere (merenda). Ez dakigu hemengo jendeak ohitura berbera ote zuen, baina baliteke hala izatea.

Erromatar eliteen artean oso ohitura errotua zen afarira gonbidatuak ekartzea, eta erdi-etzanda afaltzea triclinium ohe moduko batzuetan. 

Edaritan ardoa zen estimatuena, Estrabon historialariak aipatzen zuen menditarrek garagardo moduko bat ere egiten zutela.

Jakien prestaketa

Janari prestatzeko metalezko eltzeak edo pertzak, lapikokoak egosteko balio zutenak, bai kobrezkoak eta bai burdinazkoak erabiltzen zituzten. Bestalde, baziren zeramikazko hiru oineko ontziak ere, sutan janaria prestatzeko balio zutenak.

Erromatarrek ez zuten sardexkarik ezagutzen, eta gehienbat eskuz edo ogiz lagunduta jaten zuten. Bertako jendearen artean ere berdintsu izango zen. Platerak, ontziak, basoak eta gisako baxerak, aldiz, oso zabalduta zeuden erromatarren garaian, batez ere lehenago aipatu ditugun terra sigillata zeramikaz egindakoak.

Merkataritza

Erromatarren garaian asko indartu zen. Euskal lurraldeak, galtzada eta itsas bideen bidez, Erromako merkataritza -arean sartu baitziren. Jarduera komertzialak ahalbidetzeko neurri eta txanpon mota estandarrak sortu eta hedatu zituzten.

Garai hartan euskal lurraldeek Ebro ibarrarekin eta Galia (gaur egungo Frantzia) hegoaldearekin izan zituzten harreman komertzialik handienak, nahiz urrunagoko produktuak ere iristen ziren aldika. Horren erakusgarri da aipatzen ari garen terra sigillata zeramika; gehien erabili zena Ebro aldekoa bazen ere, aurkitu dira Galiatik, nahiz Italia edo Afrika iparraldetik ekarritakoak ere. Beirazko zenbait ontzi ere, adibidez Veleian aurkitu direnak, urrunetik inportatu zirela dirudi.

Ildo berean, elikagaiaren parte handiena norbere ingurukoa izan arren, inportatutako jaki eta edari batzuk lortzea ere nahiko arrunta zen.

Dirua Metal Arotik ezagutzen bazen ere, erabilera erromatarren garaian merkataritza-jarduerarekin batera hedatu zen. Batez ere hirietan eta salerosketa munduan erabiltzen zen, nekazaritza-eremuetan urriagoa zen.

Zergak ere ezarri zituzten erromatarrek, eta salerosketarako ez ezik, zergak ordaintzeko erabili zituzten txanponak.

Produktuak garraiatzeko eta lurraldea kontrolatzeko galtzadak (gaur egungo autopistekin konparatu daitezken bideak) eta ibaiak zeharkatzeko zubiak eraiki zituzten. Ardoa, olioa eta garum-a garraiatzeko anforak erabiltzen zituzten. Anforak elikagaiak itsasontzietan garraiatzeko forma egokia zuten, behetik estua itsasontziaren hondora ondo egokitzeko.

Merkataritzaren mesedetan ezarri ziren pisu eta neurriak ere. Esate baterako, distantziak miliatan (mila pauso) neurtzen zituzten eta galtzadetan distantziei buruzko informazioa milia-harrietan (miliario) jartzen zuten.

Denbora neurtzeko unitateak ere ezarri zituzten, hala nola Juliar egutegia (Julio Zesarrek proposatutakoa), urteari 365 eguneko iraupena ezarri eta hamabi hilabetetan banatu zuen: Ianuarius, Februarius, Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Iulius, Augustus, September, October, November eta December.