Froga biogeografikoak (biogeografia)

frogaBiogeografikoak01aurre.jpg

Animalia eta landareen banaketa geografikoa zorizkoa ez zela argi zegoen biologo guztientzat, baina ez horren kausak. Esate baterako, nola azal daiteke, bai klima eta bai bestelako baldintza fisiko antzekoak dituzten erregio elkarrengandik urrunetan animalia eta landare guztiz desberdinak bizitzea? Darwinek Australia, Hegoamerika eta Europako adibidea aipatu zuen, izan ere, kontinente horiek gune batzuetan elkarren oso antzekoak izan arren, ez baitago ugaztun natibo bakar bat hirurotan bizi denik. Baina, bestalde, nola ulertu erregio bakar batean, non ingurune-baldintzen espektro oso zabala baitago, bizidun-taldeak elkarrekin ahaideturik egotea eta, ostera, ahaideturik ez egotea antzeko baldintzak dituzten lurralde urrunetako bizidun-taldeekin? Darwinek mahaigaineratu zuenez, modifikaziodun deszendentziak (gogoratu hori dela Darwinek eboluzioari emandako izena) argitzen ditu kontuok.

Kontinente guztietako espezieen antzekotasunak aztertuta, noizbait jatorri bera izan zutela ikus daiteke. Adibidez, 100 milioi bat urtetan Hego Amerika eta Afrika elkartua egon ziren; hala, gaur egun bateko eta besteko ugaztunak konparatzen baditugu, antzekotasunak aurkituko ditugu, nahiz eta, kontinenteak bereizi zirenean, bakoitzak bere eboluzioa izan bide zuen eta espezie berriak sortu bide ziren.

Geografikoki isolatuta dauden lekuetan (adibidez, kontinenteetatik berezita dauden ozeanoko uharteetan), moldaerak dituzten fauna eta flora bereziak daude; espezie batzuk, gainera, uharte jakin batean baino ez daude. Hori azaltzeko, onartu egin behar da organismo kolonizatzaile batzuek eboluzio independentea izan zutela, aurrekoetatik hesi geografikoen bidez (ozeanoa) isolatuta gelditu eta espezializazio-prozesua izan ondoren.

A) Gondwanaren banaketa.

B) A ataleko mugimenduetatik espero zitekeen hegazti familia jakin baten (ratiteak) banaketa eta sailkapena.

C) Ratiteen benetako sailkapena, ikerketa genetikoen arabera.

Kreditua: Not exactly rocket science / Mitchell eta al, 2014.

Utzi erantzuna