Gizakia eta oihan tropikala

Valoracion: 
Average: 3.8 (585 votes)

Europatik begiratuta, oihan tropikala, arrotza ez ezik, arriskutsua eta bizitzeko guztiz desegokia ere iruditzen zaigu. Hala ere, milaka urtetan gizakia oihan tropikaletan ia isolaturik bizi izan da eta gaur egun ere halatsu bizi da.

Isolamendu horren lekukorik adierazgarriena Australiako iparraldean dagoen Ginea Berria uhartea izan daiteke.

Gure ikuspegi eurozentristatik aztertuta (beste kulturak eta zibilizazioak europarren zibilizazioaren eta irizpideen arabera aztertzea da eurozentrismoa), herri horiek atzeratuak dira, baina egokitzapen ezin hobea lortu dute, oihan tropikalean bizitzeko.

Oihan horretako biztanleak sailkatzerakoan, ehiztari eta biltzaile hutsak daude, alde batetik; eta, jarduera horiez gain, nekazari eta abeltzain direnak, bestetik.

Ehiztari eta biltzaile hutsak oso gutxi dira eta desagertzeko zorian daude. Horien artean aipa daitezke Kongo ibaiaren inguruko oihanetan bizi diren pigmeoak eta Asia hegoaldean dauden Andaman uharteetako jatorrizko biztanleak. Talde txikietan, batera eta bestera ibiltzen dira oihanean zehar, ehizaren atzetik. Beren garapen teknologikoa oso apala da: arku, gezi eta antzekoez gain, ehizatzeko sareak erabiltzen dituzte. Ehizaz gain, naturak berez ematen dituen fruituak biltzetik bizi dira. Herri hauek ez dute eragin berezirik egin oihanean, ez onerako, ez txarrerako; baina beste herri batzuekin alderatuta, egoera oso ahula eta ezegonkorra izan dute eta, askotan, oihana bizitzeko lekua ez ezik, ezkutaleku gisa ere gertatu zaie. Gaur egun, zibilizazio modernoarekin izan dituzten harremanen ondorioz, desagertzeko zorian daude.

Nekazariak eta abeltzainak oihanean sakabanatuta bizi dira. Beren teknologia oso primitiboa da. Ez dute, ez golderik, ezta ongarririk ere ezagutzen. Oinarrizko lanabesa aitzur baten antzeko tresna edota, askotan, puntadun makila bat izan ohi dute. Bizpahiru uzta bildu ondoren, lurra erabat agortuta gelditzen zaie eta alde batetik bestera mugitu beharrean aurkitzen dira. Kokapen berrian, lehendabizi, lurra prestatu behar izaten dute nekazaritzarako; horretarako, oihana erre eta sortutako errautsak ongarri gisa erabiltzen dituzte.

Herri hauek oihana etengabe eraldatzen ari dira. Alde egiten dutenean, oihana berriz osatzen da, baina ez da hasierako itxurara itzuliko, gizakiek zoruaren ezaugarriak aldatu egin dituztelako.

Nekazari hauek artoa, arroza, arto beltza, mandioka, ñamea eta antzeko tuberkuluak ereiten dituzte.

Horrela diharduten herrien artean, Amazonas arroko yanomamiak edota Ginea Berriko tsenbagak aipa ditzakegu.

Herri horien eragina oihanean nabarmena izan bada ere, esan liteke ingurunea errespetatu egin dutela gaurdaino. Zoritxarrez, ezin da hori bera esan gaur egun gertatzen ari denari buruz.

Oihanetan bizi izan diren herriek oihana errespetatu badute ere, gaur egun mundu osoko oihan tropikala arrisku bizian dago.

Interes ekonomikoak zirela-eta, europarrak heldu zirenetik lurralde horietara, oihanaren ustiaketa sistematikoa hasi zen. Hasieran Europak nahi zituen azukrea, kafea, kotoia edota kakaoa ekoizteko, oihanaren erdian landaketak, lursail erraldoiak, sortu ziren. XX. mendean lehengaien eskaria asko handitu zen eta, ohiko landaketez gain, zuraren, petrolioaren edota urrea bezalako mineralen ustiaketa zabaldu zen. Horretarako, komunikabideak, errepideak eta, batez ere, trenbideak zabaldu zituzten alde guztietan.

Bestalde, leku askotan basoa desagerrarazi egin da, haren lekuan abereen hazkuntzarako belardiak sortzeko.

Oihanak aurkitzen diren estatuak munduko txiroenak dira eta hazkunde demografiko handia dute. Hazten ari den biztanleriari jaten emateko, lursailak ugaritu egin behar izaten dituzte, oihanaren kaltetan, baina betiko teknikak erabiltzen dituzte; ondorioz, lurzoruaren gainean presio handiegia egiten ari dira eta oihana desagertuz doa, baina, garai batean gertatzen zenaren aurka, ez da berreskuratzen.

Badago aipatu beharreko kasu bat: Asiako hego eta hego-ekialdeko oihana desagertzeko zorian dago gizakiaren eraginez, arroz-landaketaz ordezten ari baitira. Eskualde horretako paisaia urperatutako arroz-sailek osatzen dute.

Leku askotan, ustezko garapen baten bila, oihanak zeuden lekuan urtegiak egin dira, elektrizitatea ekoizteko.

Bide horretatik jarraituz, munduko oihan tropikal guztiak desagertu egingo dira, inork uste baino lehenago.