Gizakiaren etorkizuna

Valoracion: 
Average: 3 (10 votes)

Gero eta gehiago dira Lur planetan gizakiak arazo eta kontraesan asko pilatu dituela eta horiek gainditzerik ez duela izango dioten biologo, soziologo eta ekologoak. Horiek diotenez, arazo horiei erantzun egokia ematen ez bazaie, bizidun-espezie askoren bizia (gizakiona barne) arriskuan egon daiteke lurrean.

Gizakioi hainbeste erosotasun ekarri dizkiguten aurrerapenek, eta horrek berekin dakarren industriaren eta teknologiaren garapenak, arrisku asko sortu dituzte, aldi berean. Gaur egun baditugu arazo kezkagarri franko: klima-aldaketa (zientzialari batzuen ustez, planetako batez besteko tenperatura igotzeak hondamen ikaragarria ekarriko lioke gizakiari), oihan eta basoetan egiten ari den soiltzea (ohian tropikaletan…), animalia eta landare ugari desagertzea, zentral nuklearretako ihes erradioaktiboak… Arazo horiek nahiko ez balira, energia fosilen (ikatza, petrolioa…) iturriak ez dira mugagabeak, eta kutsadura dezente sortze dute, gainera.

Gizakiok espezie gisa izan dugun arrakastak berak sortutakoa da beste arazoetako bat: gizaki gehiegi bizi gara munduan. Biztanleria neurriz kanpo hazi da azkenaldian (progresio geometrikoan) eta horrek arazo larriak sor ditzake (denontzat janaririk ez egotea, lehengaiak agortzea…).

Kutsadurak eragindako kalteen artean larriena urarena da. Edateko uraren eskasia gero eta handiagoa da, eta kezkagarria izan daiteke, hurrengo urtetan urak garbi edukitzen saiatzen ez bagara.

Hipotetikoki, gerra nuklearra hasiko balitz, Lur planetan egun bizi diren izakietatik asko (gizakia barne) desagertzeko arriskua legoke.

Badirudi animalia adimentsuak garatutako zibilizazioa zenbat eta aurreratuagoa izan, sor ditzakeen arazoak eta zibilizazioa bera hondatzeko aukerak ere, hainbat eta gehiago direla. Gizakiok, lehenago aipatu ditugun gure munduko arazo horiek konpontzeko, berehala hartu behar ditugu egoerari aurre egiteko neurriak. Hala diote, behintzat, jakitunek: gizakiok bizirik irauteko arazo horiei erantzuna ematea nahitaezkoa dela; denek, oro har, kontuan hartu behar ditugula, eta bakoitzari erantzuna emateko bideak jarri. Ez dugu ahaztu behar arazo horiei erantzuna ematen diegun neurrian iraun ahal izango dugula bizirik.

Bestalde, ez dugu eboluzioa ahaztu behar: Darwinek iragarritako hautespen naturalaren arabera, ingurunera egokien moldatutako izakiek bakarrik iraungo dute. Eta nork jakin dezake gizakia izango den geu aldatzen ari garen inguru honetara hobekien moldatuko den biziduna?

Gure ingurune ekologikoan bizi diren animalia asko menderau baditugu ere, badira gure mendean hartu ez ditugun beste batzuk. Birusak, adibidez, tamainaz txikiak izan arren, oso etsai latzak izan daitezke gizakiontzat. Birusen kontra ditugun sendagai bakarrak txertoak dira, oraingoz; baina birusek aldaera eta espezie berriak sortzeko izugarrizko erraztasuna dutenez, kalte izugarriak ekar diezazkigukete. Birusek desagerraraziko ote dituzte gaur egun planetan dauden bizidunak? Birusak izango ote dira eboluziorako bide berria markatuko dutenak? Horixe diote batzuek.

Norantz doa gure espeziea?

Gaur egungo gizarteak berehala konpondu beharreko hainbat arazo larri ditu, alde batetik; baina aurrerapenak direla-eta, unibertsoko beste planeta edo leku batzuk kolonizatzera ere irits daiteke etorkizunean. Gizakia Lurretik kanpo irtengo balitz, moldaketa-prozesu bat jasan beharko luke eta horrek aldaketa fisiologikoak eta psikologikoak ekarriko lizkioke, gizakia Lurraren biran, orbitan, luzaroan egon izan denean egindako behaketek erakutsi dutenez.

Homo sapiens sapiens delakoa beste azpiespezie berri batean bilakatuko litzateke, beharbada, denborarekin; azpiespezie berri horri Homo sapiens cosmicus deitu beharko genioke. Hipotesi bat besterik ez da, noski, baina behaketetan oinarrituta dago. Dena dela, aldaketak belanauldi askoren buruan gertatuko lirateke, gertatzekotan.

Lurretik kanpo bizi beharko lukeen gizaki horrek aurre egin beharko liokeen arazorik larriena grabitaterik ezarena izango litzateke. Gure giharren eta gainerako sistemen garapena Lurreko grabitateari moldatua dago, orain arte gizaki guztiok grabitatearen mende egon baikara beti, baita orekaren zentzua, odol artikulazioa, etab. ere.

Hori dela eta, espazioan bizitzera ohitutako gizakiak zenbait aldaketa izango lituzke: gorputzeko likidoen beste era bateko banaketa (odol gehiago “igoko” litzateke bular aldera eta burura); aurpegi biribilagoa izango luke; begi gorrituak; aurpegiko zainak dilatatuak; lepoa, eskuak eta besoak handituak; hanketako giharrak atrofiatuak (ez baitute grabitatearen aurkako indarrek egin beharko); bihotza txikiagoa; bizkarrezurra zuzena; ornoen arteko distantziak handiagoak; diafragma gorago kokatua; aldaka eta ipurdi txikiagoak; eskeleto deskaltzifikatua, maila batean (osteoporosis espaziala); odolean globulu gorri gutxiago (anemia espaziala)…

Gaixotasunei dagokionez, besteren artean, azaleko disfuntzio (erradiazio gehiago dago espazioan) eta giltzurrunetako harri (kalkulu) gehiago izango lituzke, baita bakterioek sortutako infekzio larriagoak ere (inmunologia-sistemak espazioan ez duelako berdin funtzionatzen eta bakterioak grabitaterik gabe erasotzaileagoak direlako).

Donald Johanson paleontologoaren ustez, gaur bertan 1.000 lagun espaziora bizitzera joango balira, eta bertan eboluzionatuko balute, hemendik 500.000 urtera horrelakoa izango litzateke espazioko gizakia: gu baino txikiagoa, lepo luzeagokoa, sendoa, beso argalekoa eta garezur handiagokoa.

Baina ez pentsa zientzialari guztiak ados daudenik ikuspegi horrekin. Beste zenbaiten ustez, gure espeziea desagertu egingo da, lehenago edo geroago, eta beste espezieren bat hedatuko da Lur osoan, eboluzioaren ateak beti irekirik baitaude. Azken batean, hipotesi bat baino gehiago daude gizakiaren eboluzioari eta etorkizunari buruz.