Habitaten egoera

Valoracion: 
Average: 2.2 (199 votes)

Hau da gure bioaniztasunari eusten dioten habitat eta ekosistema taldeen gaur egungo egoera:

Basoak: ingurumen eta gizarte-zerbitzuek oso aintzat hartzen dituzte, eta azken hamarkadetan haien azalera handitu egin da, basoetako plantazioak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako hainbat jarduera alde batera utzi direlako. Gaur egun, lurralde osoaren % 24 dira. Gehienetan, azalera txikiko baso gazteak dira.

Belardi eta laborantza-lur atlantikoak: eskualde atlantikoari aniztasun ekologiko handia ematen dioten habitat dinamikoak dira. Kezkatzeko moduan gutxitu dira, abeltzaintzako jarduera tradizionalak utzi direlako eta ibai handietako ibarrak artifizializatu direlako. Horiek zaintzea ezinbestekoa da bioaniztasuna babesteko.

Belardi erdinaturalak: Euskal Herriko paisaia kulturalaren alderdi garrantzitsua dira. Horiek ere, bioaniztasun aberatsa duten eta azalerari eusten dioten arren, egoera zailean daude, nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako aldaketa soziokulturalak direla eta.

Mendiak: bioaniztasunerako askotariko funtzioa duten espazioak dira. Gizarteak ondoen balioetsitako paisaiak dira, eta uraren erabilerako iturri handiena. Iragan hurbilean gutxien aldatu diren espazioak dira, eta horietako asko legez babestuta daude.

Ibaiak eta hezeguneak: herrialdeko paisaia guztietan aurki daitezke. Gizakien ongizaterako zerbitzu garrantzitsuenak ematen dituzten arren, ez zaie duten balioa aitortu eta, ondorioz, asko narriatu edo galdu egin dira. Azken urteetan, nahiz eta ibaietako uraren kalitate kimikoa hobetzeko aurrerapen nabariak egin diren, ekosistema moduan, oso hondatuta daude oraindik.

Kostaldeko habitatak: lurreko eta itsasoko ekosistemen artean daude. Habitat garrantzitsuak dira bi sistema horietako espezie ugarirentzat, eta biztanleriaren zati handi bati aisialdi- eta turismo-zerbitzuak ematen dizkiote. XX. mendean, haien azalera eta kalitatea asko murriztu ziren, gizakien okupazioa dela-eta, eta, orain, gelditu dena zaintzen saiatzeak lehentasuna du.

Itsasoko ekosistemak: Euskadiko kostaldeko uretan espezie aniztasun handia egon da, eta horrek ugaztun handienak ere erakarri ditu, baina hainbat mendez baliabideak berritzeko duten ahalmen-mailatik gora ustiatzearen ondorioz, ekosistema horiek gaur egungo pobrezia egoerara eraman ditugu. Itsasoko Garrantzi Komunitarioko Leku izendatzeak asko lagun dezake ekosistema horiek leheneratzen.

Inguru artifiziala: lurraldearen artifizializazioa bizkortu egin da azken urteetan, eta EAEko lurzoruaren % 6 izatera iritsi da. Azpiegitura linealek ekosistemak zatitzen dituzte eta ibarren okupazioak ibar emankorrak desagerrarazi ditu. Azken urteetan, udalerri askotan, herri edo hiri inguruneak ingurumenaren aldetik hobetzeko aurrerapenak egin dira, eta bioaniztasunean ere eragin ona izan dezake horrek.