Kanpoko eragile dinamikoak

Higadura, garraioa eta sedimentazioa kanpoko eragile dinamikoen berezitasuna dira. Hainbat eragileren eraginez gertatzen dira, eta meteorizazioan ez bezala, materialak leku batetik bestera mugitzen dira.

  • Itsasoa. Olatuak dira, bereziki, itsasoaren higadura lana egiten dutenak. Olatuek itsasertza higatzen dute: haitzak zulatu, labarretatik arrokak erauzi, arroka horiek joan-etorrian higatu eta biribilduā€¦ Hortik sortutakoak dira itsasertzetako haitzuloak, itsaslabar higatuak, arroka biribilezko harritzak, hondartzakā€¦
  • Euri-ura. Euriak, batez ere euri-jasa handiak direnean, lurra soiltzen du, lur-partikula ugari, eta zenbait arroka (indarraren arabera) erauzi eta garraiatuz. Euriak bezala, euri asko denean sortzen diren uhar, erreka eta ibaiek ere higatzen dute lurrazala. Ur horrek erauzten duen materiala urak berak garraiatzen du, distantzia gehiagoan edo gutxiagoan, uraren indarraren arabera, eta batzuetan itsasoraino. Ibaiek garraiatzen dituzten materialak ibaiaren hondoan eta ertzetan pilatzen dira, batez ere ibaiak indarra galtzen duenean, hau da, ibaiaren beheko ibilguan. Esate baterako, ibai handiak inguru lasaietan itsasoratzen direnean, deltak sortzen dira ibaietako bokaletan.
  • Glaziarrak. Glaziarrek haitz handiak garraiatzen dituzte, eta beren ibilbideetan sakon higatzen dituzte glaziarrak jaisten diren haranetako hondoa eta hegalak. Bestalde, hainbat material garraiatzen dituzte glaziar horiek eta glaziar-mihiaren amaieran (morrena terminalak) edo alboetan (alboko morrenak) pilatzen dituzte.
  • Haizea. Haizeak erliebea higatzen du, eta materialak garraiatzen. Zenbat eta indartsuagoa izan haizea, orduan eta indartsuago eta urrutirago garraiatuko ditu materialak, eta abiadura mantsotzean eta haizearen indarra txikiagotzean, materialak lurrera erori eta han pilatzen dira. Era horretan, harea-lautadak eta dunak sor daitezke. Eskualde lehorretan askoz handiagoa da haizearen eragina (eragin eolikoa), eta haizea izan ohi da higaduraren eragile handiena. Haizeak arroketatik erauzten dituen harea-partikulek marruskadura lana egiten dute, eta haitzak karraskatzen eta formazio bitxiak sorrarazten dituzte.
    Gizakia. Erliebearen higaduran eragin handia izaten du gizakiak, batez ere baso-mozketa eta abeltzaintza direla medio. Lurra soilduta dagoenean, eta landare-geruza babesik gabe, lurrazala uraren eta haizearen eraginpean geratzen da, eta higadura gogorragoa izaten da.

Utzi erantzuna