Klima ekuatoriala

Valoracion: 
Average: 3.8 (4531 votes)

Izenak adierazten digunez, klima mota hori ekuatore aldean izaten da, 0°-5° koordenatuen artean. Ingurune beroak dira eta, batez beste, 25-27 °C egiten du oihan tropikaletan. Gainera, egunean zeharreko tenperatura-bitartea oso txikia izan ohi da: 1-3 °C artekoa.

Klima ekuatorialean, prezipitazioak ugari dira (1.000tik 4.000 mm/urteko), eta banaketa oso erregularra dute. Izan ere, leku askotan ia egunero egiten du euria, eta honako hauxe izango litzateke bioma honetako egun tipikoa: goizean, oskarbi; eguerdi aldera, zeru osoa estaltzen duten hodeiak; laurak aldera, ekaitz gogorra, hodei eta euri ugarirekin; baina, berehala, eguzkia jaun eta jabe berriz.

Eurite horiei esker, oihan tropikaleko lurraldeetan daude munduko ibai emaritsuenak: Amazonas eta Orinoko ibaiak, Hego Amerikan, eta Kongo ibaia, Afrikan.

Klima ekuatorialeko eguraldi beroak eta hezeak landaredi oparoa sortzen du: oihan tropikalen berezitasuna da beti berde-berde egotea. Oihanak oso itxiak direnez, landareen artean lehia gogorra izaten da eguzkiaren argia lortzeko. Hala eta guztiz ere, oihaneko zorua pobrea da elikagaietan (berehala erabiltzen baitira, edo euri-jasen urak erraz eramaten baititu) eta oso landare gutxi dago lur-zoruan. Zuhaitzentzat oso zoru ona den bitartean, desegokia da nekazaritzarentzat: oihaneko zuhaitzak desagertzen direnean (zuhaitzak zuretarako bota direlako, adibidez), oihaneko oinarria den zoruko lur gozoa ere higaduraz desagertzeko zorian eta betiko galtzeko arriskuan geratzen baita.

Oihan tropikala, euri-oihan tropikala ere deitua, klima ekuatoriala duten lurraldeetako bioma da. Bizidun ugari bizi da bioma horretan.

Landaredi ekuatorialean aipatu behar dira laurisilbak, kaobak, eukaliptoak, lianak, orkideak eta oso gutxi ezagutzen diren beste milaka landare.

Gainera, europarrek kakao, kotoi eta abarreko plantazioekin ordeztu dituzte jatorrizko basoak askotan, horrek sekulako deforestazioak eragin ditu. Horregatik, euri-oihan tropikaleko fauna oso aberatsa da, baina desagertze-bidean daude horietako asko: tximinoak, suge handiak, krokodiloak, panterak, loroak eta guakamaioak, tukanak, intsektuak, armiarmak…

Articulos Relacionados: