Klima ozeanikoa

klima-ozeanikoa-aurrebista.jpg

Klima ozeanikoa ekuatorearen bi aldeetan kokatzen da, 40 eta 60 graduren artean, gutxi gorabehera. Ipar hemisferioan Europako eta Ipar Amerikako mendebaleko itsasertzetan nabarmentzen da. Hego hemisferioan, aldiz, Txile eta Argentinako hegoaldeko itsasertzetan eta Australiako eta Zeelanda Berriko hego-ekialdeko kostan.

Klima ozeanikoa itsasertzetan aurki dezakegu. Ingurune horiek mendebaleko haizeen eragina jasaten dute. Ozeanoa zeharkatzerakoan haizeak hezetasunez kargatzen dira eta lehorrera iristean, hezetasun hori kondentsatu egiten da eta euri bihurtu. Horixe da, epeltasunaz gain, klima honen ezaugarri nagusia: prezipitazioen erregulartasuna. Euria askotan egiten du (700/2.000 mm/urteko). Horren eraginez, ibaien emaria handia izan ohi da urte osoan. Ibai ezagunenak Rhin, Sena eta Danubio dira.

Ozeanoen eraginez, tenperaturak ere leunak izan ohi dira klima ozeanikoan, nahiko epelak edo freskoak: 7-15 °C, batez-beste. Tenperaturak ez dira oso beroak izaten udan, ezta oso hotzak ere neguan. Ez da aldaketa nabarmenik izaten urtaroen artean, eta urtean zeharreko tenperatura-bitartea erdi-mailakoa dela esan daiteke (10 °C ingurukoa).

Baso hosto erorkorreko bioma deiturikoan tenperatura leunek eta etengabeko euriteek, hosto erorkorreko basoak sortzen dituzte. Horietan, haritzak, pagoak eta gaztainondoak daude. Zuhaitz horiek hostoa galtzen dute hotzaren etorrerarekin batera. Basoen artean landarerik gabeko gunetan,  belardiak sortzen dira. Belardiek hazkunderako baldintza oso egokiak aurkitzen dituzte klima ozeanikoan (hezetasun handia eta tenperatura leunak) eta ganaduaren oinarrizko elikagai bihurtu dira.

Faunari dagokionez, hosto erorkorreko baso horietan, ugaztun asko (hartzak, azeriak, basurdeak…) bizi da. Belardietan, aldiz, sagua, satorra eta bestelako karraskariak ikus daitezke. Bai basoan eta bai belardietan, hegaztiak ugari dira.

Oro har, esan daiteke klima ozeanikoa duten lurraldeetan, oso nabarmena izan dela gizakiaren eragina. Lehen, lurralde horiek basoz estaliak zeuden eta gizakiak nekazaritza-eremu bihurtu zituen. Horrek, jakina, bioma horretan bizi ziren animalia asko desagertzea eragin du.Gaur egun, klima ozeanikoak hainbat giza okupazio maila eragin ditu: 

  • Europako mendebaldea biztanlez beteta dago eta hiri eta industriagune ugari aurki daitezke. 
  • Amerikako leku batzuetan, biztanleria eskasagoa da eta oraindik ia ustiatu gabeko basoak dituzte. 
  • Australiako hainbat eremutan, azkenik, belardi handiak dituzte, eta horrek abelazkuntza eragin du, artzaintza bereziki.

Utzi erantzuna