Klima polarra

Valoracion: 
Average: 4.7 (6443 votes)

Klima polarra zirkulu polarren barnean eta poloetatik hurbil dauden lurraldeetakoa da; hau da, Antartikako eta ipar-polo ingurukoa.

Horixe da gizakiarentzat eta ia gainerako bizidun guztientzat lurrazalean aurki daitekeen klimarik gogorrena. Batez besteko tenperaturak oso hotzak izaten dira, 0 °C azpitik beti, oso azpitik gainera, askotan, negu luzeetan bereziki. Udan nekez iristen da 0 °C-ra. Horregatik, tenperatura-bitartea nahiko handia izaten da, 20 °C-tik gorakoa gehienetan. Kontuan izan, poloetan sei hilabetez izaten dela negua. Inoiz jaso den lurraren tenperaturarik hotzena klima polarrean izan da: –89,5 °C.

Klima polarreko prezipitazio kopurua oso aldakorra eta urria da: normalean, 300 mm/urteko baino gutxiago. Prezipitazio-banaketa irregularra izaten da gehienetan. Batez ere udan egiten du euria edo elurra. Baina euri askorik egiten ez badu ere, tenperatura hotzek hezetasuna gordetzen dute, eta izotza pilatu egiten da, izotz-geruza handiak sortuz.

Landaredia oso urria izaten da (goroldioak, likenak) eta, hotzagatik babesteko, oso altuera gutxikoa. Poloetatik urruntzen garen neurrian, hotza ez da hain handia, eta udak zertxobait epelagoak dira: tundra bioma agertzen da. Tundra, batik bat, zuhaitz txikiz, zuhaixkaz, goroldioz eta likenez osatua dago. Tundrako lurra (zorua) izoztuta egon ohi da urteko hilabete askotan. Izotz hori urtzen denean ere, lurzoruko sakonera txiki batean besterik ez da gertatzen, eta zoruaren gainerako guztiak izozturik jarraitzen du. Lur izoztu horri permafrost esaten zaio.

Ingurune polarrean animalia espezie gutxi bizi da, baina kide ugarikoak: itsas-hegaztiak eta ugaztunak (zetazeoak eta fokaren familiakoak bereziki). Itsas azpiko fauna, ordea, desberdintasun handikoa bezain aberatsa da: krustazeoak (krill), arrainak…

Klimak berak ezartzen dituen baldintza gogorrak direla eta, gizakiaren eragina txikia da, oro har. Baina petrolio-ustiatzeak asko ugaritu dira azken urteotan, horrek bioma horrentzat duen arriskuarekin.

Articulos Relacionados: