Klima siberiarra

Valoracion: 
Average: 4 (1869 votes)

Klima siberiarra zirkulu polarren inguruetako eta Asia eta Ipar Amerikako kontinenteen iparraldeko klima da; Siberia eta Kanadako iparraldekoa, baita Groenlandiako itsasertzekoa ere.

Klima siberiarra oso gogorra da bizidunentzat (gizakia barne), batez beste 2 °C-tik beherako tenperaturak izaten dira. Neguak oso luzeak eta oso hotzak izaten dira eta, hainbatetan, –50 °C-ra irits daiteke tenperatura. Udak nahiko epelak izan ohi dira, 15 °C ingurukoak, eta hezeak; ondorioz, tenperatura-bitartea 35-50 °C artekoa izan daiteke. Udan izaten dira euriak, ekaitz eran, askotan. Baina prezipitazio kantitatea nahikoa urria izaten da, 450 mm/urteko inguru eta, esan bezala, uda partean erortzen da bereziki. Tenperatura-bitartea zenbait lekutan 50 °C-ra iristen da. Siberiako Oymyakon herrian neurtu da herri batean inoiz jaso den tenperaturarik hotzena: –71,2 °C.

Klima siberiarra duten lurraldeetako landaredia taiga basoa da. Zuhaitz koniferoz (izeiak, alertzeak…) osatua egon ohi da, gehienetan, hostozabal zenbaitekin nahasian (zumarrak…). Esan beharra dago, hala ere, oso deforestazio-prozesu indartsuan murgilduta dagoela ingurunea. Gainera, meatzaritzak sekulako garrantzia hartu du lurralde siberiarretan, eta horrek are eta gehiago indartu du deforestazio-prozesua.

Taigako animalia batzuek, hartzak kasu, hor hibernatzen dute negu partean. Beste askok, hegaztiek bereziki, hegoaldera migratzen dute, ingurune epelagoen bila. Ingurune horietan, otsoak, azeriak, lepahoriak, bisoiak, erbinudeak, oreinak eta elur-oreinak, altzeak… aurki daitezke.

Klima siberiarrean bizi den ia biztanleria osoa hegoaldean kokatuta dago, Transiberiar trenbide famatuaren bidetik gertu.

Articulos Relacionados: