Konstituzioa

Konstituzioa estatu bateko arauak eta oinarriak zehazten dituen idatzia da, lege gorena. Bestela esanda, legerik garrantzitsuena da eta estatuko arau guztiak bere mende ditu.

Konstituzioan azaltzen dira herritarren funtsezko eginkizun, askatasun eta eskubideak, agintearen antolaketa, botere-banaketa, lurralde-antolaketa, erakundeen funtzionamendua… Gainera, eskubide eta betebeharrak zehazten ditu, horiek gauzatzeko estatuak zer baliabide jarri behar dituen adieraziz. Konstituzioak zehazten du, baita  estatuaren egitura politikoa nolakoa izango den ere eta beste legeek bete behar dituzten oinarrizko prozedurak. Esan bezala, estatuaren antolaketa juridikoaren gailurra izan ohi da konstituzioa, lege nagusietan nagusiena.

Estatu baten ekintza politiko, sozial, ekonomiko eta abar erregulatzen duen arau nagusia denez, idatzita jasotzen da. Bi zati nagusiz osatzen da: organikoa edo botereen arteko harremanak erregulatzen dituena eta dogmatikoa, herritarren eskubide eta betebeharrak finkatzen dituena.

Laburbilduz, konstituzioak boterea kontrolatzen eta egituratzen du. Gainera, gizakiok ditugun eskubideak aitortzen ditu. Izan ere, konstituzioa ez da eskubideak ematen dituena. Eskubide horiek berezko ditu gizakiak eta estatuaren boterearen gainetik daude. Horrela, konstituzioaren funtsezko zergatia giza eskubideen bermerako prozedurak ziurtatzea litzateke.

Lehenengoak Erdi Aroan idatzi baziren ere, konstituzio modernoak XVIII. mendeko iraultza liberalekin etorri ziren, Estatu Batuetako independentziaren eta Frantziako Iraultzaren eskutik bereziki. Gero, XIX. mendean zehar, konstituzioak zehaztuz eta garatuz joan ziren.

Konstituzioei Bigarren Mundu-Gerraren ondoren iritsi zitzaien hurrengo une garrantzitsua, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari esker (1948). Harrezkero, herrialde gehienetako konstituzioek jasotzen dituzte giza eskubideak.  

Espainiako lehen konstituzioa 1812an idatzi zen. Espainiako azken Konstituzioa, indarrean dagoena, 1978an onartu zen Frantziako Estatuan, berriz, 1958an onartu zen V. Errepublika eta, berarekin, lurraldean indarrean dagoen Konstituzioa.

Utzi erantzuna