Kontinentaltasunaren eragina tenperaturan

Valoracion: 
Average: 3.5 (18 votes)

Kontinente batean barneratzen ari garen neurrian gertatzen diren ezaugarri multzoari deitzen diogu kontinentaltasuna. Itsasoak eragina izaten du inguruko lurraldeetan eta baita kontinenteetako lurretan ere, baina eragin hau gutxiagotuz joaten da itsasertzetik urruti dauden lurretan. Kontinentaltasuna aipatzen dugunean, itsasoaren eragin txikia edo eraginik eza adierazi nahi dugu. Jakina da itsasertzetan neguan eta udan tenperaturak kontinente barruan baino gozoagoak izaten direla (neguan epelagoak eta udan freskoagoak). Baina zergatik gertatzen da hori? Itsasoak ur bero poltsa erraldoi baten erako portaera du neguan, eta edariak freskatzeko izotz poltsa handi baten gisa portatzen da udan. Hau da, udan berotu egiten da itsasoa, baina kontinentea baino askoz motelago. Horregatik, udan kostaldea freskatu egiten du. Neguan, ostera, kontinentea baino motelago hozten da itsasoa eta denbora luzez tenperatura epelari eusten dio. Honen ondorioz, udan harrapatutako beroa poliki-poliki igortzen du itsasoak kostaldeak epelduz. Bere eraginaz jabetzeko, begira iezaiozu arretaz 60. orrialdeko beheko irudiari. Irudian agertzen diren zenbakiak urteko hilabete hotzenaren (urtarrila) eta hilabete beroenaren (uztaila) batez besteko tenperaturak dira. Ematen diren datuak aztertuz, zera ikus dezakegu: Bresten, tenperaturak nahiko epelak dira, bai neguan (7 ºC), baita udan ere (16 ºC). Ez du, beraz, neguan hotz handirik egiten, ezta udan bero larregirik ere. Honen ondorioz, bi tenperaturaren aldea, hau da hedadura termikoa, nahiko txikia da (16-7 = 9 ºC). Ekialderantz jotzen dugun heinean, hau da Atlantikoaren eraginpetik urruntzen garen heinean, tenperaturak gero eta gogorragoak dira, bai udan baita neguan ere, hedadura termikoa 34 ºC gradukoa izateraino Volgogradon (24 ºC zeroaren gainetik udan eta 10 ºC zeropetik neguan). Bi horien artean hor di tugu: Paris 16 ºC-ko hedadura termikoa (18-2 = 16 ºC). Krakovia, 22 ºC- oarekin (20 ºC zero gainetik eta 6 ºC zeropetik). Eta Kiev, 27 ºC-koarekin (21 ºC zero gainetik eta 6 ºC zeropetik). Kontinentaltasunaren ondorioak bi dira, beraz: alde batetik tenperaturak, bai beroenak baita hotzenak ere, gogortu egiten dira, eta bestetik, eta aurrekoaren ondorioz, hedadura termikoa gero eta handiagoa da.