Lurraren eremu magnetikoa

Lur planetari dagokionez, magnetosfera termosferan dagoen geruza bat da. Atmosferaren kanpokoena den geruza da, hots, lurrazaletik urrutien dagoena.

Geruza honen izenak Lurraren eremu magnetikoari egiten dio erreferentzia. Eremu honek eguzkiaren erradiaziotik babesten gaitu, elektrikoki kargatutako partikulak (elektroiak eta protoiak) desbideratuz. Eguzkiaren erradiazioari eguzki-haizea deitzen zaio eta honen eraginez, Lurreko eremu magnetikoa ez da erabat simetrikoa: eguzkiaren alderantz dagoen zatia txikiagoa da eta atzeko zatiak hainbat eta hainbat kilometroko buztana osatzen du, eremu magnetikoari kometa itxura emanez. Partikula batzuk Lurrera iristea lortzen dute poloetan: aurora borealak (ipar poloan) eta aurora australak (hego poloan) sortzen dira hauen eraginez.

Lurraren eremu magnetikoa (edo eremu geomagnetikoa) Lurraren nukleotik eguzki haizearekin topo egin arteko eremu magnetikoa da. Eredu dipolar erregular baten arabera adieraz daiteke, eta Lurraren erdigunean eta errotazio ardatzari buruz pixka bat okertua (11°) legokeen barra imandu batek sortuko lukeen eremuaren antzekoa litzateke. Horregatik polo magnetikoak ez datoz guztiz bat polo geografikoekin. Gaur egun, ipar polo edo iparburu magnetikoari 78° 30’ ipar latitudean eta 69° mendebal longitudean dagoen puntua dagokio, ipar-mendebaleko Groenlandian, eta hegoburu magnetikoari, berriz, 78° 30’ hego latitudean eta 111° ekialde longitudean, Antartikan, dagoen puntua.

Historian zehar Willian Gilbert fisiko eta filosofoak 1600. urtean Lurra eta imanen arteko antzekotasunak aipatu zituen, eta dagoenekoz garai horretan aurreneko iparrorratzak erabiltzen ziren ere.

Lurraren eremu magnetikoaz baliatzen diren adibide batzuk aipa genitzake:

1.      Iparrorratzak ipar eta hego geografikoen arteko lerroaren norabidea adierazten du, baina orratzak, egia esan, ipar magnetikoa seinalatzen du.

2.      Saguzarren iparrorratza. New Jersey-ko Princeton Unibertsitatean egin duten ikerketa batean ikusi dutenez, saguzar arre handia Eptesicus fuscus) Lurraren eremu magnetikoaz baliatzen da orientatzeko. Ondorio horretara iristeko, saguzar-talde bat bere ohiko gordelekutik 20 kilometrora eraman zuten. Saguzarrak banaka askatu, eta ikusi zuten saguzar guztiak bueltatu zirela gordelekura arazorik gabe. Ondoren, Lurrarena ez zen eremu magnetiko batean jarri zituzten. Saguzar batek ere ez zuen lortu gordelekura iristea. Eremu magnetiko artifizial horretatik atera eta denbora gutxira, ordea, berriro orientatu eta gordelekurantz abiatu ziren.

Utzi erantzuna