Maila trofikoak

Ekoizleak

Ekoizleez hitz egitean, kate trofikoen oinarriaz ari gara, besteek erabili ahal izango dituzten elikagaiak ekoizten dituztenez. Zeluletako kloroplastoetan, klorofilaren laguntzaz fotosintesia eginez, Eguzkitik jasotako energiarekin materia organikoak ekoizteko gai dira, materia ez organikotik abiatuta (ura eta gatz mineralak, lurzorutik; eta, karbono dioxidoa CO2, atmosferatik).

Nagusiki landareak etorriko zaizkigu burua, baina, lehorreko landareaz gain, ekoizleen artean fitoplanktona ere aipatu beharra dago (grekoz; fito: landare eta plankton: noraezean dabilena). Fitoplanktona ur-ekosistemetako kate trofikoaren oinarrian aurkitzen da eta lehen mailako kontsumitzaileentzat elikagai da, zooplanktonarentzat adibidez. Fitoplanktonak elika-sareetan duen garrantziaz gain, azken urteetan ekonomikoki balio handiko baliabide bihurtu da eta ugaritu egin dira berarekin lan egiten duten enpresak (kosmetikan, elikagai arloan, osasunean…)

Hala ere, badira fotosintesia egin gabe materia organikoa ekoizteko gai diren zenbait bakterio autotrofo, organismo hauek kimiosintesia egiten dute. Adibidez, ozeano-gandor inguruetan (gogoratu DBH 4.1) agertzen diren bero-iturrietan edo urpeko sumendietan bizi diren bakterioak. Ziklo biogeokimikoetan funtsezkoak dira bakterio hauek, eta itsas-hondoan bizi diren beste izaki bizidunentzako oinarrizko elikadura iturri dira.

Kontsumitzaileak

Bizidun heterotrofoak dira, hau da, kanpo-ingurumenetik ekoizleek osatutako materia organikoa hartzen dutenak. Kontsumitzaile guztiak ez dira mota berekoak. Lehen mailako kontsumitzaileak, landarejaleak alegia, ekoizleek zuzenean sortutako elikagaiez bizi dira. Bigarren mailakoak, landarejalea jaten duen haragijale edo karniboroak oro har, lehen mailako kontsumitzaileak janez elikatzen direnak eta hirugarren mailakoak, haragijaleak jaten dituzten super-harrapari edo superkarniboroak, haragijaleez elikatzen dira.

Deskonposatzaileak

Elika-sareetan, bestalde, hildako landareez edo animaliez elikatzen diren bizidunak ere badaude, onddoak eta bakterioak esate baterako. Horiei deritze deskonposatzaileak. Hauen funtzioa oso garrantzitsua da, beraiei esker materia organikoa, materia inorganiko bihurtzen dutelako, ingurunera bueltatuz ekoizleek erabil dezaten.

Utzi erantzuna