Metal Aroa euskal lurraldeetan: kultura eta artea

Janzkera eta apaindura

Metal Aroan larrua eskuragai zegoen jantziak egiteko, etxekotutako animalien larrua, hain zuzen: ardiena, behiena eta ahuntzena, batez ere. Ziurren ehizatutako animalia zenbaiten larrua ere (hartza, otsoa, etab) erabil zezaketen okasio berezietan.

Baina klima aski epela zenez, larruzko jantziak ez  ezik oihalezko arropa  arinagoak ere janzten zituzten. Arropak egiteko animalien ilea, bereziki  artilea, erabiltzen zuten, baita landare-zuntzak ere, bereziki lihoa. Gasteiz inguruan aurkitutako harilkatzeko eta ehuntzeko (haria eta oihala egiteko)  tresna batzuek azken hori egiaztatzen dute.

Apaingarri moduan Metal Aroan, Neolitoan erabiltzen ziren zintzilikarioez gain, urrezko, kobrezko zein brontzezko  eraztunakeskumuturrekoakbotoiak eta kriseiluak ere hasi ziren erabiltzen. Forma eta tamaina askotako zintzilikarioak topa daitezke: biribilak, laukizuzenak edo trapezio-formakoak, antropomorfoak (gizaki itxura dutenak) eta zoomorfoak (animalia itxura dutenak)…

Erabilera praktikoa zuten apaingarrien artean ohikoak ziren hainbat formatako fibulak (paparreko orratzak). Fibulak arropa biltzeko erabiltzen ziren eta forma anitzezko dekorazioa izaten zuten.

Garai hartakoak dira beira-orez egindako lepoko eta eskumuturrekoen aletxo urdinak ere. Eskumuturrekoen artean badira suge-forma dutenak. Sugea emakumearen emankortasunarekin lotu ohi da.

Gerlariak ere erabiltzen zituzten metalezko armek eta ezkutuek ere apaingarri ugari izaten zituzten.

Sineskerak eta artea

Metal Aroan artelan txikiak ugaritu egin ziren; ordura arteko harria, hezurra eta buztinez gain, metala ere erabiltzen hasi ziren.

Dekoratutako objektuak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren: metalez eginiko fibulak (arropa lotzeko orratzak), gerriko-krisketak; buztinezko figurak eta dekoratutako ezkila-itxurako ontziak. Giza edo animalia formako metalezko irudi eskematikoak ere egiten zituzten.

Sineskerei dagokienez, ezinezkoa da garai haiei buruzko euskal lurraldeekiko datu zehatzak ematea. Nolanahi ere, nekazari eta abeltzainak lurrari, hark ematen zien uzta eta etxeko abereei lotuta bizi ziren, eta eguraldiak horrekin guztiekin berebiziko lotura zuen; beraz, eguraldi-zikloek garrantzia handia izaten zuten bai nekazarientzat baita abeltzainentzat ere; eta ezinbestekoa zitzaien oso zehatz ezagutzea eta segimendua egitea. Lurrarekin lotutako elementuak sinesmen eta gurtza-gai bilakatu eta jainkotu ohi zituzten.

Hileta-errituak

Burdinaren metalurgiarekin batera hileta-erritu berri bat zabaldu zen: errausketa. Metal Aroan hasi ziren gorpuak errausten eta errautsak ontzietan sarturik lurperatzen.

Gorpuak trikuharrietan ehorzteari utzi zioten, baina trikuharriak zeuden lekuetatik gertu beste monumentu batzuk eraiki zituzten, harrespilak (cromlech edo mairu-baratzeak), tumulu-harrespilak eta tumulu soilak.

Indusketa arkeologikoek iradokitzen duten arabera, honela egingo ziren hileta-errituak: egurra erregaitzat erabilita, hildakoaren gorpua errausten zuten, gero errautsak bildu eta paraje berezietara eramaten zituzten lurperatzeko.

Utzi erantzuna