Moldaera intraespezifikoa: mutazioak

Bizidunen zelula guztietan DNA dago, eta, molekula horren bidez, herentzia genetikoa gurasoengandik ondorengoengana transmititzen da, proteinen sintesirako daraman informazioari esker. Transmisio horretarako, zelula erdibitu egiten da, eta, zelulen zatiketaren unean, DNA bere buruaren kopiak eratzeko eta zelula berriak osatzeko gai da.

Bizidunen DNAn aldakuntzak gerta daitezke, aldakuntza genetikoak. Oro har, bizidunaren organismoa bera arduratzen da aldaketa genetikoa jasan duten zelula horiek baztertzeaz, baina aldaketak bere horretan irauten badu, mutazioak agertzen dira.

Mutazioak, oro har, ez dira egokiak, eta bizidunengan anormaltasunak eragiten dituzte, bizirik irauteko zailtasunak besterik ekartzen ez dituzten aldaketak. Baina noiz edo behin gerta daiteke mutazio horietakoren bat baliozkoa izatea, inguruneari aurre egiteko egokia izatea; halakoetan, bizidunak, bizirik irauteaz gain, abantailak izango ditu ingurunera moldatzeko. Gainera, mutazio horiek ondorengoei transmitituko dizkie.

Garbi ikus daiteke, beraz, ez direla gauza bera inguruneak eragindako moldaerak eta mutazioak sortutakoak, haiek ez bezala, mutazioak heredatu egiten baitira. Mutazioa norabide egokian egin duen banako hori populazioko gainerako bizidunak baino hobeto moldatuta egongo da ingurunera eta, beraz, helduarora iristeko aukera gehiago eta ugaltzeko probabilitate handiagoa izango ditu. Horrela, hurrengo belaunaldian mutazio abantailatsu hori dutenen proportzioa handiagoa izango da populazioan, eta aurreko belaunaldian baino oraindik aukera handiagoa izango dute bizi, hazi eta ugaltzeko; gauza bera gertatuko da ondo bideratutako mutazioa izandako bizidunekin, ondorengo belaunaldietan.

Beraz, bizidunengan, noizbehinka, eta mutazioen bidez, moldaera bereziren bat sortzen da, eta moldaera hori duten bizidunek ugaltzeko aukera gehiago izaten dute.

Bere kasa eta inguruaren eraginez naturak baimendu eta babestu egiten ditu zenbait moldaera berri. Naturak egiten duen berezko hautaketa horri hautespen naturala deitzen zaio.

Jo dezagun, esate baterako, ingurune jakin batean aldaketa klimatikoak gertatzen direla. Bizidunek, oro har, ez dituzte batere ongi jasaten horrelako aldaketak, ez baitira ondo moldatzen horietara. Baina aldaketek luzaroan irauten badute, gutxien moldatuak daudenak desagertzen joango dira eta, aldiz, baldintza klimatiko berrietara hobekien moldatzen direnak gehiago ugalduko dira. Populazio bateko aldaera berezi bati bidea errazten dionean, natura hautespen naturala bultzatzen ari dela esaten dugu.

Hona hemen adibide batzuk: elurretan bizi diren animaliek ile asko dute, hautespen naturalak ile luzekoak hautatu baititu; klima beroetako animalia handien ez dute ia ilerik; klima beroetako gizakiek, melanina (larruazala babesteko substantzia bat) sortzeko erraztasun handiagoa dute leku epel edo hotzetan bizi direnek baino, eta horregatik batzuk azal beltzekoak izango dira eta besteak azal zurikoakā€¦

Utzi erantzuna