Muturreko klimetan bizi diren animaliak

Valoracion: 
Average: 2.9 (20 votes)

Tenperatura da bizitza baldintzatzen duen eragile fisiko nagusietako bat eta horren mende dago espezie askoren banaketa geografikoa, ugalketa... Muturreko tenperaturetan animalia asko hil egiten dira, baina eboluzioari esker, zenbait animaliak tenperatura horiek jasateko forma edo mekanismo bereziak garatu dituzte. Baina, zertaz ari gara muturreko tenperaturez ari garenean?

Lehorreko ekosistemetan gertatzen diren tenperatura-aldaketak handiagoak izaten dira uretako ekosistemetakoak baino (gogoratu Biologia-Geologia DBH 3. mailan uraren funtzio erregulatzailea landu zenuela). Horregatik, lehorrean ematen dira muturreko tenperatura bai beroenak, eta, baita hotzenak ere. Lehorreko animalien kasuan 50-52 °C ingurukoa da bizirik irauteko tenperaturarik altuena, nahiz eta animalia asko tenperatura baxuagoetan jadanik hil. Uretako ekosistemetan aldiz, gutxitan izaten dira 30 °C-tik gorako tenperaturak, eta, hotzaren kasuan, uraren izozte puntutik behera, muturreko tenperaturatzat har daiteke. Ikus dezagun muturreko tenperatura horietan bizi diren zenbait animalia nola moldatzen diren.

Zilar inurria (Cataglyphis bombycina)

Saharako basamortuko zilar inurria (Cataglyphis bombycina) da ezagutzen den hiltze-tenperaturarik altuena duen animalia. Basamortu honetan 60 ºC-ko tenperatura egin dezake, hala, janari bila dabilela, 54 °C-tik hurbil egon daiteke, baina oso denbora-tarte labur batez.

Basamortuko harea beroaren gainean azkar desplazatzen dira, eta hankak, beste inurri batzuenak baino luzeagoak dira, gorputza lur berotik urrun mantentzeko. Intsektuak direnez, sei hanka dituzte, baina, aurreko biak altxata eramaten dituzte, lurreko berotik ihes egiteko. Basamortuko beste animalia gehienak ez bezala, bero handia egiten duenean zuloetatik irteten dira, eta denbora-tarte labur batez (10 minutu inguru) beroak hildako beste intsektu batzuk jaten dituzte. Inurri hauen gorputzeko zilar kolorea, beroarekiko adaptazioa da, eguzki-izpiak islatzen baitituzte, bero kantitate gutxiago xurgatuz.

 

Egur igela (Lithobates sylvaticus)

Ornodunen artean, tenperaturarik baxuena jasan dezakeen espeziea da, –18 ºC-tan gorputza izoztuz bizirik irautea lortzen baitu. Horretarako, zeluletan glukosa maila igo egiten dute, beste igel espezie batzuekin konparatuz, ehunetan glukosa maila hamar aldiz handiagoa dute. Gorputzaren eta organoen erdia baino gehiago izoztu egiten zaio, baina glukosak izotzaren aurkako efektua duenez, gorputzeko fluidoak likido egoeran jarraitzen dute. Tenperatura igotzean, gorputza izoztetik ateratzen da, bihotzetik hasita, odolaren zirkulazioa aktibatuz.

 

Ipar Amerikako kakalardo gorria (Cucujus clavipes puniceus)

Alaskan eta Kanadan bizi den kakalardo hau –58 ºC-tan bizi daiteke eta larbek askoz tenperatura baxuagoetan ere irautea lortzen dute.

Horretarako, izotz-kontrako proteinak eta glizerola metatzen dituzte ehunetan. Glizerola ugaria da landare-koipeetan eta animalia-gantzetan. Alkohol honi esker, animalia hauek deshidratatu egiten dira, izoztea zailduz; deshidratazioak izotz-kontrako proteinen kontzentrazioa igotzen duelako eta uraren kantitatea murriztu.

 

Ponpeiako zizarea (Alvinella pompejana)

1980. urtean aurkitutako poliketo hauek (gehienbat itsasoan bizi diren anelidoak), Ozeano Pazifikoan sakonera handiko iturri termaletan bizi dira. Ikertzaileen ustez, 80 ºC-ko tenperatura jasan dezakete. Mutualismoan oinarritutako erlazioa mantentzen dute bakterio batekin: zizareak jariatzen duen mukia, bakterioentzat elikagai da eta, aldiberean; bakterioek muturreko tenperaturatik isolatzen dute.

 

 

Tardigradoak

Izaki igerilariak eta mikroskopikoak dira (0,1-1,5 mm), gorputza segmentuz osatuta daukate eta 8 hanka dituzte. Munduko ia edozein lekutan bizi diren arren (tropikoetatik hasita, itsaso sakon, lurmutur edo Himalaiako tontorretaraino), tardigrado gehientsuenak landareen gainean sortzen den ur-geruzan bizi dira. Esan bezala, ia edonon bizi daitezke, extremofiloak baitira: presio ikaragarria jasan dezakete, tenperatura ikaragarrietan bizi (–200 ºC-tik 150 ºC-ra), erradiazio izugarriak pairatu, eta deshidratazioa ere gaindi dezakete (10 urte egon daitezke deshidratatuta, ezer jan barik, eta gero berpiztu). Kanpo espazioan ere bizirik iraun dezakete, eta ez da beste animaliarik ezagutzen kanpo espazioko baldintzak jasateko gai denik.

 

Crysomallon squamiferum barraskiloa

2001. urtean deskubritu zuten molusku hau Ozeano Indikoko iturri termaletan. Oskolaren kanpoko geruza burdin sulfuroz egina dago eta tenperatura altuen aurrean babes ikaragarria ematen dio. Pirita moduko burdin sulfuroak hezurduran edo eskeletoan barneratzeko gai den animalia bakarra da baita. Ikertzaileak hala nola, aeronautikan, eraikuntzan, armagintzan… eduki ditzakeen aplikazioak aztertzen ari dira.