Neolitoa

neolitoa-aurrebista.jpg

Duela 12.000 urte pixkanaka izozte aldiak amaitzen joan ziren eta eguraldia epeltzean, paisaia ere aldatu egin zen. Oihanak ugaritzearekin batera landare berriak ere azaldu ziren. Garai hartako gizakia kobazuloetatik atera eta bere bizilekua ibaiertzetan kokatzen hasi zen. Ehizaz gain, arrantzan ere egiten zuen ibaiertzetan.

Fruitu eta landare bilketa garrantzi handiagoa hartzen joan zen. Bildutako fruitu horietako batzuk (garia, garagarra…) ehotzen ere hasi ziren. Horrela, irina lortzen zuten eta urarekin nahastuz talo antzekoak egiten ikasi zuten. Lan hauetan zebiltzala, ale ugari eroriko zitzaizkien lurrera eta hauetatik landare berriak sortzen zirela ohartuko ziren, nonbait. Ondorioz, garia, garagarra… ereiten ikasi zuten duela 7.000 urte inguru eta Neolito garaia hasi zela esaten da.

Nekazaritzari esker, eguneroko janaria ziurtaturik zuten, leku batetik bestera bila ibili beharrik gabe, baina beste behar eta premia batzuk sortu zitzaizkien: lurra lantzeko tresnak (aitzurra…), ehotzeko errotak, haziak gordetzeko ontziak (zeramika)…

Animalia batzuk heztea ere lortu zuten. Animalia basatiak ehizatzen zituztenean, ziurrenik, arkume, antxume, txahal e.a. harrapatuko zituzten eta euren kanpalekuetara eramango. Animalia taldeak zainduz gero, esnea, haragia eta larrua lortzeko aukera zutela konturatuko ziren, eta ez zeukatela ehizara joan beharrik. Horregatik hasiko ziren, jakina, ahuntzak, ardiak, behiak eta zerriak hezten.

Beraz, bere elikaduraren kontrola lortu zuen gizakiak lehen iraultza deituriko honetan, harrapari eta biltzaile izatetik ekoizle edo produzitzaile izatera pasatuz. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanak erabat aldatu ziren, milaka eta milaka urtetatik zetorren bizimodua zeharo eraldatuz. Iraultza industrialera arte ez zen ekonomi arloan hau bezainbateko beste eraldaketarik izango.

Utzi erantzuna