Neolitoa euskal lurraldeetan: kultura

neolitoa-aurrebista.jpg

Janzkera eta apaindura

Neolito Aroko berrikuntzekin janzteko modua ere aldatu egin zen. Izan ere, lihoa produzitzen hasi ziren, landarea lehortu, haria egin eta harekin ehuna arropak egiteko. Lihoa mendeetan zehar arropak egiteko erabili izan da eta erabiltzen da.

Larrua ere eskuragai zegoen jantziak egiteko, kasu honetan etxekotutako animaliena: ardiena, behiena eta ahuntzena, batez ere. Ez da baztertu behar ehizatutako animalia zenbaiten larrua ere (hartzena, otsoena, etab), erabil zezaketela okasio berezietan. Baina klima aski epela zenean, pentsa liteke oihalezko arropa arinak janzten zituztela.

Animalien ilea, bereziki artilea, ere erabiltzen zuten. Gasteiz inguruan aurkitutako harilkatzeko eta ehuntzeko (haria eta ehuna egiteko)  tresna batzuek hori egiaztatzen dute.

Neolito Aroan harri berdea oso gustuko zuten idunekoen bolatxoak eta gisako zintzilikarioak egiteko. Gure artean ere harri berdeko piezatxoak sarri aurkitu dira, nahiz lehengaiaren jatorria Katalunia aldean zegoen. Hezurrezmaskorrez eta mineralez egindako era askotako zintzilikarioak arruntak ziren: orein-letaginekin egindakoak, txirlekin egindakoak, lignito harriz egindako iduneko, lepoko bolatxo beltzak, etab.

Baziren apaingarri bereziak ere; adibidez: Arabar Errioxan, San Juan Ante Porta Latinam aztarnategian, duela bost mila urteko gorpuetan, basurde-letagin handiekin egindako lepoko edo iduneko pare bat azaldu da; horretarako, basurdeen bi letagin hartu, zulotxoak egin ertzetan eta hari bidez elkarrekin lotzen zituzten lepo inguruan.

Sinismenak

Nekazaritzaren sorrerarekin, izadiko fenomenoek ere (euria, eguzkia, ekaitza…) garrantzi handia hartu zuten. Gertakari horien jatorria ezezaguna zitzaien eta izadiaren indarrak jainkotu egin zituzten (eguzki, euria, hodeiak, trumoia…); kultu-ospakizun eta eskaintzak egiten zituzten jainko-jainkosa horien mesedeak jasotzeko asmotan.

Nekazari-abeltzain gizarteetan denboraren zikloek garrantzia handia zuten Lurreko lanetarako, bereziki ereite-lanak eta uzta biltze-lanak egiteko. Horregatik, nekazari-abeltzain gizarteetan ezinbestekoa zen eguzki-egutegia,  hau da eguzkiak biraka ari den bitartean lurrean duen posizioa oso zehatz ezagutzea eta horren araberako prestatzea aleen ereite- eta biltze-datak. Horrek urteko egunen segimendua egitea eskatzen zuen, eguzkiaren solstizioei eta ekinozioei jarraitzea, urte-sasoiak noiz hasten ziren argi jakitea, ilargi aldien erreferentea eguzki-urteekin konbinatzen ikastea, etab. Urteko zikloak, bada, modu erlijiosoan interpretatzen zituzten.

Nekazari-abeltzain bizitzarekin lotura zuten elementuak ere sinesmen- eta gurtza-gai izaten ziren: landareen hazkundea ahalbidetzen zuten eguzkia eta euria, elikagai-iturri zen lurra, jangai ziren zerealak edo ganaduak, eta gisako elementuak jainkotu egiten zituzten. Gisa horretako fenomeno erlijiosoak gizarte nekazari-abeltzain askoren artean dokumentatuta daude, baina aztarna materialik utzi ez duten heinean ezin baiezta dezakegu.

Hileta-errituak

Sorginen txabola Trikuharria, Bilar ( Araba) eta Etenetako Menhirra, Adarra endia (Gipuzkoa)

Neolito garaian Europako inguru atlantikoan, landu gabeko harlauza handiz (megalito) eginiko monumentuak hedatu ziren: trikuharriak, tumuluak, menhirrak edo zutarriak eta harrespilak. Trikuharrien funtzioa argi badago ere, hildakoak bertan ehorztea, beste guztien funtzioaren inguruan eztabaida nagusitzen da. Europan horrelako milaka megalito dago.

Trikuharriak giza talde batek hildakoak ehorzteko lekuak ziren. Mendetan zehar  erabili ziren. Itxura denez, gizarte maila askotako jendea ehorzten zuten: gizonak zein emakumeak, gazteak, umeak zein zaharrak…. Hortaz, komunitate osoari lotutako guneak ziren, taldeko kide guztientzat sinbolismo berezia zuten guneak.

Trikuharriak harri bloke erraldoiekin egindako eraikin konplexuak dira; beraz, haiek eraikitzeak lan-kolektibo handia eskatzen zuen. Trikuharriak egitea lan neketsua zen, talde handi baten ahalegin eta inplikazioa eskatzen zuena, eta, gainera, taldeko hildakoak bertan ehorzten zirenez, komunitate osoarentzat aparteko garrantzia izaten zuten.

Aipatu denez, sexu eta adin-talde askotako jendea ehorzten zen megalitoetan, ez ziren buruzagi handien hilobiak soilik. Horrek ez du esan nahi komunitate haietan erabateko berdintasuna zegoenik. Izatez, sarritan ikusi da hildako batzuk beste batzuk baino eskaintza-opari ugariagoak zituztela aldamenean, seguru asko, maila sozial altuagoaren ondorioz.

Utzi erantzuna