Paleolitoa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Jarduerak

Ehizan eta bilketan oinarritzen zen Paleolitoko ekonomia, horixe baitzen gizakiek elikagaiak lortzeko zuten bidea. Janaria ez ezik, erregaia, jantziak eta tresnak egiteko lehengaiak ere naturatik lortzen zituzten. Ingurua oso ondo ezagutzen zuten. Garai haietan agertu gabe zeuden nekazaritza, abelazkuntza eta metalgintza.

Gizakiak taldean biltzen ziren ehizarako, fruituak biltzeko. Lana sexuen arabera banatzen zuten: emakumeak, umeen laguntzarekin, nagusiki fruitu, landare edota itsaski bilketan aritzen ziren eta gizonak, nagusiki, ehizan. Bilketarako eta ehizarako lurraldea, gehienetan, kanpalekuaren inguruan aurkitzen zen, 6-10 kilometroko erradioan. Noizean behin, taldeak kanpalekuz aldatzen zuen beharrekoak zituzten elikagaiak edo lehengaiak lortzeko beste leku batzuetara desplazatuz.

Batez ere, animalia belarjaleak ehizatzen zituzten; oreinak, zaldiak, bisonteak eta basahuntzak ezagutzen zituzten, eta, ehiza-teknika egokiak erabilita, nahikoa erraza zen haiek harrapatzea. Taldean ehizatzen zituzten eta lantzak urrunera indarrez botatzeko jaurtigailuak erabiltzen zituzten.

Kostaldean eta erreketan hezurrezko arpoiak erabiliz aritzen ziren arrantzan. Itsasoko arrainen aztarnaz gain, errekako amuarrain, izokin, karpa eta aingirenak ere agertu dira aztarnategietan. Arpoia indarrez jaurti eta arrainaren gorputzean sartutakoan tira egiten zuen arrantzaleak; horrela, arrainari zaila egiten zitzaion ihes egitea. Arpoiari egurrezko kirtena jarri ohi zioten errazago jaurtitzeko. Kostaldean, itsaskiak hartzen zituzten: lapak, ostrak, karrakelak…

Tresna berriak

Naturako lehengaiak erabiltzen zituzten lanabesak egiteko: harria, egurra, hezurra, adarrak, larrua, landare-zuntzak… Horietako asko galkorrak zirenez, ia arrastorik utzi gabe usteldu dira. Garai hartatik iraun izan duten tresnak harrizkoak, hezurrezkoak edo adarrez egindakoak dira.

Paleolitoko garai zaharrenetan silexeko harri puskei zuzenean koskak eginda egiten zituzten tresnak, aizkorak, karrakagailuak, zulakaitzak…

Baina harria lantzeko teknologia garatuz joan ziren gizakiak eta, silex harria xaflatan apurtzen ikasi zutenean, lehengaia hobeto baliatuz lanabes eraginkorragoak egiten hasi ziren: labanak, gezi-puntak, lantza … Tresna horietako askok zurezko heldulekua zuten, usteldu egin zelako desagertu dena.

Silexa zen harri motarik egokiena tresnak egiteko eta oso preziatua zen. Euskal lurraldeetan silexa lortzeko hainbat harrobi zeuden: Gernika inguruan, Urbasan, Trebiñun, Karrikan… Euskal lurraldeetatik beste leku batzuetara, Asturiasera, adibidez, “esportatu” ere egiten zuten.

Tresna mota bakoitzak funtzio jakin bat zuen. Karrakagailuak larrua leuntzeko erabiltzen ziren, zulakaitzak zuloak egiteko, labanak haragia eta beste hainbat gai ebakitzeko.

Arkua asmatu gabe zegoen arren, gezi antzekoak egiten zituzten; haiek urrunera indarrez botatzeko, berriz, jaurtigailuak erabiltzen zituzten.

Hezurrezko tresnei dagokionez, animalien adarrekin zein hezurrekin egiten ziren, puntak, jaurtigailuak, jostorratzak, espatulak, arpoiak… Horietako askok, apaingarri moduan, grabatuak izaten zituzten.

Elikadura

Paleolitoan elikaduraren iturri bakarra natura zen. Haragia lortzeko animalia handiak ehizatzen zituzten (oreina, zaldia, orkatza, basahuntza, bisontea…), baina baita animalia txikiagoak ere (erbiak, marmotak, hegaztiak…).

Errekako arrainak ere jaten zituzten: izokinak, amuarrainak, karpak eta aingirak. Kostaldean itsasoko arrainak eta moluskuak (karrakelak eta lapak bereziki) ere jaten zituzten.

Horrezaz gain, fruituak (hurrak, gaztainak, ezkurrak, masustak…), onddoak, sustraiak eta hainbat landare biltzen zituzten inguruko basoetan, baina apenas dagoen aztarna arkeologikorik, eta oso zaila da zer espezie biltzen zituzten zehaztea; urtaroen araberako espezieak izango ziren.

Jakiak prestatzea

Sua zen jakiak prestatzeko oinarrizko elementua. Aztarnategietan sarri aurkitu dira erretako hezurren arrastoak; beraz, argi dago ehizatutako ugaztunen haragia erre egiten zutela. Karrakelak eta lapak ere sutatik pasatzen zituzten, jateko. Era berean, aztarnek baieztatzen dute, oso arrunta zela hezur luzeak zatitzea, barruko muina atera eta jateko.

Litekeena da, bestalde, harrapatzen zuten arrain eta haragi guztia berehala ez kontsumitzea, garai hartako klima hotza tarteko, elur-zuloez baliatuko baitziren soberakinak izozteko.

Utzi erantzuna