Piramide ekologikoak

Valoracion: 
Average: 3.2 (68 votes)

Ekosistema bateko organismoen artean dauden erlazio trofikoak edo elikadura-erlazioak adierazteko erabiltzen diren grafikoak dira. Kate trofikoak eta sare trofikoak baino zehatzagoak dira, piramide hauek era kuantitatiboan egiten direlako; hau da, elika sareetan dauden bizidunen kopurua, osatzen duten biomasaren balioa edo metatutako energia zenbakiz adierazten dira.

Piramidearen oinarrian ekoizleak daude (kimiosintesiaren edo fotosintesiaren bidez materia organikoa sortzen dutenak) eta horien gainean kontsumitzaileak, beren mailaren arabera: 1. mailako kontsumitzaileak (K1), 2. mailakoak (K2) eta 3. mailakoak (K3).

Piramideak egiteko orduan, aldagai desberdinak erabil daitezke eta horren arabera hainbat piramide ekologiko osatzen dira: banako-piramideak, energia-piramideak eta biomasa-piramideak.

Ekosistema bateko ekoizleen eta kontsumitzaileen kopuruak adierazten dira. Grafikoak piramide baten itxura izaten du, oro har; ekosisteman maila batetik bestera bizidun kopurua gero eta txikiagoa izan ohi baita. Hala eta guztiz, ez da beti horrela gertatzen. Baso bateko zuhaitz bakar batean, esaterako, intsektu ugari bizi dira, eta piramide horren oinarria oso txikia izanik ere, bizidun kopuru handia izan dezake gaineko mailetan eta beraz piramideak alderantzizko forma izan dezake.

Horregatik, piramide hauek ematen duten informazioa, batzuetan ez da oso baliagarria, eta, ondorioz, gutxitan erabiltzen dira. Izan ere, gertatzen da baso batean zuhaitz gutxi egotea, baina haiek biomasa eta energia asko izatea. Kontuan hartu behar baita, piramide hauetan adibidez, tamaina handiko basurde batek intsektu txiki baten balio berdina duela; edo uretako ekosistema batean, mikroskopikoa den alga batek eta arrain handi batek.

Maila trofiko bakoitzean metatzen den energia kantitatea adierazten du. Hauek beti izaten dira oinarrian zabalagoak, maila trofikoetan zenbat eta gorago egin, orduan eta energia kantitate txikiagoa izaten baita. Eredu grafiko hauen bidez, Eguzkiko energia ekosistema batean nola transferitzen den azter daiteke. Batez beste, maila trofiko batetik ondorengora pasatzen den energia % 10 besterik ez da izaten, arnasketa zelularreko prozesuetan eta hondakin biologikoetan energia asko galtzen baita. Piramide hauek ulertzeko, Fisika-Kimikan ikasitako energiaren ezaugarriak (transferentzia, transformazioa, degradazioa…) kontutan hartu behar dira.

Piramide mota hau, ekosistema baten egoera zein den ebaluatzeko tresna baliagarria da, eta bertako espezien etorkizuna aurreikusteko aukera ematen du. Arrantza edo ehizaren kasuan adibidez, espezieen kontrolerako oso tresna aproposa da.

Maila trofiko bakoitzean azaltzen den materia kantitatea adierazten da. Gehienetan, piramide horiek forma normala izaten dute, piramidearena, alegia. Ekoizleen kopuruaren eta tamainaren arabera, zabalagoa edo estuagoa izango da. Beste batzuetan, ordea, alderantzizko piramidea ere izan daiteke. Horrelakoak uretako ekosistemetan topa ditzakegu. Fitoplanktonaren kasuan adibidez, biomasa gutxi dutenez eta beraien ugalketa tasa handia denez, bera janez elikatzen den zooplanktonaren masa handiagoa izan daiteke, oinarria baino zabalagoa den maila sortuz. Eta, beste zenbaiteten, urtaro edo sasoiaren arabera izan daitezke oinarri txikikoak. Uretako zenbait ekosistematan, esaterako, kontsumitzaile primarioen biomasa ekoizleena baino handiago izan daiteke, adibidez, ugaltze-garaian.

Energia piramideak bezala, ekosistema baten egoera zein den ebaluatzeko tresna baliagarriak dira, eta bertako espezien etorkizuna aurreikusteko aukera ematen dute. Horrez gain, bioakumulazioa nola gertatzen den azaltzeko ere balio dute, eta osasunarekin erlazionatutako erabakiak hartzen lagundu dezakete, kontsumorako arrainen arrantzan adibidez.