Arroka motak jatorriaren arabera

harri-motak-aurrebista.jpg

Lurrazalaren funtsezko osagaiak dira arrokak. Arrokak ez dira beti begi bistaz ikusten paisaian, landaretza garatzen duen lur-geruzez estaliak egoten baitira behin baino gehiagotan. Baldintza gogorrak direla medio landaretzak garatzeko ahalmenik ez duen lekuetan bakarrik ikus daitezke begi bistaz lurrazaleko arrokak: mendietan (haizkorrietan), labarretan, errepideetako ezpondetan, eta abar.

Arrokek gure planetako zati solidoa osatzen dute. Horrez gain, beste hainbat tokitan ere badaude arrokak: Ilargian, beste planeta batzuetan; meteoritoak ere arrokak dira…

Arrokak mota askotakoak dira; adibidez, arroka mota ezagunak dira honako hauek: granitoa, kareharria, marmola, arbela…

Arrokak material solidoak dira ia beti. Petrolioa da solidoa ez den arroka bakarra. Baina arroken egitura (gogortasuna, kolorea…) hainbat eratakoa izan daitekeenez, eta beren eratzeko modua ere desberdina izan denez, hainbat arroka mota bereizten dira jatorriaren arabera, edo beren osakera dela medio.

Arrokak hainbat mineralez osatuak daude. Horietatik, mineral batzuek, funtsezkoak, ezaugarriak ematen dizkiete arrokei, eta besteak, osagarriak, ager daitezke edo ez, inguruaren edo arrokaren jatorriaren araberakoak baitira. Arroka mota bakoitzak bere ezaugarri bereziak izaten ditu.

Konparaketa ezagun batek arroka baino gogorragoa dio, eta horrekin adierazi nahi izaten dugu zerbait suntsiezina dela, arroka bezain gogorra eta iraunkorra; baina arrokarik gogorrenak ere etengabeko aldaketa naturalaren eraginpean daude, eta izotzak, urak edo haizeak arraila ditzake, edota sakonera handietan tenperatura altuek eta presio handiek eraldatu ere bai.

Lurrazalean gertatzen diren hainbat fenomenoren eraginez, zenbait arrokak presio gogorrak jasaten dituzte, eta presio horiek deformatu egiten dituzte. Presio horien eraginez tolestu egiten dira arrokak, eta hartzen duen egiturari tolestura deitzen zaio. Beste batzuetan, arrokak deformatu eta tolestu beharrean, hautsi egiten dira, pitzatu. Horren ondoren, hautsitako bi arroka zatiak desplazatzen badira, failak sortzen dira.

Jatorriaren arabera, edo beren osakera dela medio, hainbat arroka mota bereizten direla esan dugu lehen, eta guk orain arrokak sailkatzeko jatorria hartuko dugu irizpide nagusi bezala. Irizpide horren arabera, hiru talde nagusitan banatzen dira arrokak.

Utzi erantzuna