estamentuak

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: feudalismoa eta basailutza

Erdi Aroan, bereziki IX.-XV. mendeetan, Erromatar Inperioaren desagertzearekin, erregeek ez zuten ia botererik eta ezin zuten beren lurra erasoetatik babestu. Nekazariek erregearen babesik ezean, nobleengana jo zuten. Haiek beren armada eta gazteluak zituzten. Babesaren truke nekazariek jauntxoentzako lan egin behar zuten, eta nobleen agindupean jarri. Askotan, beren lurrak ere galtzen zituzten eta, nekazariak maizter gisa lan egin ohi zuten jaunari errenta bat ordainduz.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: errege-erreginak eta noblezia

Nobleek, Erdi Aroko gizarte estamentalean, herria armekin defendatzeko ardura zuten. Talde pribilegiatuak ziren, beraz ez zuten lan egiteko ardurarik. Gerlariak ziren lanbidez, ez zuten ekoizpen-jarduerarik egiten, eta ez zuten zergarik ordaindu behar. Noble guztiak ez ziren maila berekoak. Bi noblezia mota bereizten ziren: goi-noblezia eta behe-noblezia.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: herri-xehea

Gizartearen zatirik handiena herri xeheak osatua zen. Herritar xeheek lan egin eta zergak ordaindu behar zituzten. Erdi Aroko gizartean herri xehearen funtzioa lan egin eta beste bi taldeak bizitzeko behar zutena hornitzea zen. Hasieran, eta hainbat mendez, nekazariek soilik osatzen zuten talde hori, eta biztanleen % 80-90 inguru hartzen zuen; gehienak feudoetan lan egiten zuten jaun feudalarentzat edo monasterioentzat.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: gutxiengo baztertuak

Baziren beste talde batzuk, bereziki arrazoi erlijiosoak zirela medio, gizartetik at zeudenak. Gizarte kristau hartan, kristau ez zirenak eta sinesgabeak gizartetik kanpo edo gizarteko azken mailan zeuden, inolako eskubiderik gabe. Egoera horren ondorioz, mespretxuak eta erasoak ugari izaten ziren.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: burgesia

XI.-XII. mendeen inguruan, beste talde ekoizle bat agertu zen: burgesia osatzen zuten artisau eta merkatariena. Hirietan bizi ziren, eta egitura feudaletik at zeuden. Pribilegiorik gabea ziren, gizarteko talde hori ez zegoen jaunen mende eta erregeak ezarritako zergak bakarrik ordaintzen zituen. Euskal lurraldeetan hiribildu asko sortu ziren mende horietan, eta horrekin batera, burgesak ugaritu egin ziren.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: kleroa

Erdi Aroko gizarte estamentalaren barruan, talde horren funtzioa gizartearen arima salbatzea zen. Horretarako, otoitz egin behar zuten. Talde pribilegiatua ziren eta ez zuten lan egiteko ardurarik. Nobleak bezala, feudoak jasotzen zituzten eta hortik lortzen zuten bizitzeko beharrezko guztia.

Erdi Aroko gizarte antolamendua

Erdi Aroan gizartea, estamentutan banatuta zegoen (1. estamentua: noblezia, 2. estamentua kleroa eta 3. estamentua herri xeheak osatua). Pertsona bat gizatalde bateko edo besteko kide izatea ez zegoen bere egoera ekonomikoaren esku, gaur egun bezala. Jaiotzak egiten zuen pertsona estamentu bateko kide, bizitza guztirako. Era berean, gaur egun, gizartea ondasunek mailakatzen badute ere, oro har guztiok eskubide berberak ditugu. Erdi Aroan aldiz, estamentuen arabera eskubide gehiago edo gutxiago zituzten.

Subscribe to RSS - estamentuak