Lurraren historia

lurra-aurrebista.jpg

Ez da izan erraza gertatu Lurraren sorrera nolakoa izan zen jakitea; izan ere, jadanik ez baita geratzen hasiera-garaiko aztarnarik. Aldiz, Ilargian eta meteorito batzuetan aurkitu dira eguzki-sistema sortu zen garaiko arroka batzuk, orain 4.500 milioi urte gutxi gorabehera sortutakoak. Hori horrela, astrofisikoek ondorioztatzen dute eguzki-sistema osoa garai berean sortu zela, eta Lurrak ere 4.500 milioi urte inguru dituela.

Lurraren sorrera

Big Bang-aren ondoren, barreiaturik zegoen materia biltzen eta astroak sortzen hasi ziren. Lur planeta ere Eguzkiaren inguruan biran zebilen materiala biltzean sortu zen. Hasiera batean, bildutako materia guztia urtuta zegoen:

  • Talken energia bero bihurtu zelako.
  • Planetaren barruan gertatzen ziren erreakzioek askatutako energiagatik.

Tenperatura jaisten hasi zenean, lurrazala sortzen hasi zen pixkana, harriak solido bihurtuz joan zirelako. Hala ere, badira garai horretako bi gauza, kontuan hartu beharrekoak: lurrazala oso fina zela oraindik eta barne-eragileek, sumendiek batez ere, aktibitate handia zutela. Lur planetako ur guztiak, beraz, lurrunduta jarraitzen zuen artean, tenperatura 100 ÂșCtik gora mantentzen zelako. Tenperatura 100 ÂșCtik jaitsi zenean, ur-lurruna likidotzen hasi zen eta uraren zikloari bide eman zion. Lehen bizidunak uretan sortu zirenez, ondoriozta dezakegu Lurrean ez zegoela inolako bizitzarik lehenago.

Lurraren adina

Lurrak, lehenago esan dugunez, 4.500 milioi urte dituela uste bada ere, gaurdaino aurkitu diren harri zaharrenak, Groenlandian aurkituak, orain 3.800 milioi urte sortutako harri metamorfikoak dira. Harri metamorfiko horien jatorria beste harri sedimentario batzuk direnez, lurrazala orain 4.000 milioi urte inguru sortu zela kalkulatzen da. Pentsa litekeenez, hasieran sortutako harri gehienak eraldatu egin dira. Horregatik aurkitu dira Lurraren sorrera-garaiko edo denbora haren inguruko hain arrasto gutxi: harrien zikloa jarraituz, desagertu egin direlako, hain zuzen, zaharrenak.

Baina nola ziurta daiteke harri horiek 3.800 milioi urte dituztela eta ez 200 edo 1.900 milioi urte? Harriek zenbat urte dituzten jakiteko, horien datazioa egiten da eta, horretarako, harrien erradioaktibitatea neurtzen da. Harrien neurketak egiteko gehien erabiltzen den substantzia erradiaktiboa uranio-238 da. Datatu beharreko materiala organikoa denean (harriak bezain zaharra ez, beraz), karbono-14 atomo erradiaktibo kopurua neurtzen da.

Garai berriagoetara hurbilduz goazen heinean, informazio gehiago eskuratzeko aukera dago. Informazio gehiena harri sedimentarioetan aurkitzen da: harrien sorrera-baldintzei buruzko informazioa, (non eta nola sortu diren) lortzen da, batetik; eta, bestetik, harri horietan aurkitzen diren fosilek ematen dutena. Sedimentuak, berez, geruzaka pilatzen direnez, kronologiaren arabera antolatuta daude eta horietatik garai bakoitzari buruzko informazioa lortzen da. Estratigrafia da geruza horiek aztertzeaz arduratzen den zientzia.

Eskala geologikoa

Lurraren historiari buruz lortu diren datuak baliatuz, denbora-eskala geologikoa osatu da. Horretarako erabiltzen den denbora-unitatea milioika urtekoa da. Historia guztia era deritzon lau arotan banatzen da: Kanbriarraurrea, Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa. Era bakoitzak denbora-tarte jakin bat betetzen du eta, berez ere oso luzeak direnez, bakoitza hainbat periodotan zatitu ohi da.

Utzi erantzuna