Sabanaren eraldaketa

Sabana izan da gizakiaren jatorrizko bioma eta oraintsu arte bioma honek ez du aldaketa nabarmenik jasan. 

Sabanan bi motatako herriak bizi izan dira: nekazariak eta abeltzainak. Zoruaren emankortasuna ziurtatzeko, batzuek zein besteek suteak erabili dituzte; horrela, abeltzainei dagokienez, zuhaitzen eta belar txarren garapena eragozten dute; nekazariei dagokienez, lurra erretzea da lurra lantzen hasteko lehen urratsa. 

Abere-talde handiak mantentzen saiatzen dira, abere-kopurua, n, prestigio-ikurra baita. Ezagunenak Afrikako nuer-ak dira.

Nekazariek lur horietan arto beltza, kotoia eta kakahueteak ekoizten dituzte. Teknikak e nahiko primitiboak dira eta, azkenean, beste leku batera mugitu behar izaten dira.

 Antzeko zerbait gertatzen da abeltzainei dagokienez ere. Abereek lurra kaltetu egiten dute eta, denbora luzean egonez gero, sabanako biztanle horiei ere lurra pobretu egiten zaie. Hori dela-eta, abeltzainak alde batetik bestera ibiltzen dira sabanan. Horren guztiaren ondorioz, sabanaren itxura eraldatu egiten da, baina izaera eta funtzionamendua kaltetu gabe.

Azken mendeetan gero eta nabarmenagoa egin da gizakiaren eragina; leku askotan bioma desagerrarazteraino. 

Lehendabizi, europarrei interesatzen zitzaizkien produktuak ekoizten hasi ziren: kotoia, kafea, azukrea eta antzekoak. Horrek jatorrizko landarediaren desagertzea ekarri zuen. Beste leku batzuetan abeltzaintza sartu zuten eta horrek bertako belarjaleen desagertzea ekarri zuen. Australian, Argentinan, Brasilen, Venezuelan eta beste leku askotan sabanaren paisaia erabat aldatu zen.

 Sabana aipatzen dugunean, Afrikakoa datorkigu gogora, hori baita mantendu den ia bakarra, baina berori ere arriskuan dago. Arazo nagusiak Afrikako estatuen hazkunde demografikoa eta ekonomia-mendekotasuna dira. Hori horrela, lurraren ustiaketa zabaltzera jotzen dute, bai elikagai gehiago lortzeko, bai zorren ordainketarako esportazio-produktuak ekoizteko. Horrek zoruaren gehiegizko ustiaketa dakar eta lurrak ezin du jasan; ondorioz, azkarrago pobretzen da, biomaren kalterako.Leku askotan hori da sabana izatetik estepa bihurtzera igarotzeko lehen urratsa; bilakaera horretan hurrengo urratsa basamortu bihurtzea izango litzateke. Hori da, hain zuzen, Sahara hegoaldeko hainbat estatutan gertatzen ari dena.

Utzi erantzuna