Unibertsoa aztertzeko teknologia

Valoracion: 
Average: 3 (3 votes)

XVII. mendera arte, zientzialariek ez zuten laguntza optikorik izan unibertsoa aztertzeko: bakoitzak bere begiz ikusten zuena aztertzen zuen. 1609an Galileok, hainbat lente erabiliz, errefrakzio-teleskopioa eraiki zuen: lorpena aurrerapauso handia izan zen zerua hobeto aztertzeko. Teleskopio hari esker, Galileok Jupiterren lau satelite ikusteaz gain, Eguzkiaren eta Ilargiaren gainazaletan zeuden zimurrak eta orbanak ere ikusi zituen. Horrek zalantzan jarri zuen zeruko gorputzak esfera perfektuak behar zutela zioen ideia.

Newtonek, lenteez gain ispiluak ere erabiliz, islapen-teleskopioa asmatu zuen eta, horri esker, zeruaren irudi argiagoa lortu zuen.

Gaur egun, unetik unera teleskopio hobeak eraikitzen dira, hainbat behatoki astronomikotan kokatzeko. Behatoki horiek giza bizilekuetatik ahalik eta urrutien eraikitzen dira, argiaren kutsadura eta atmosferaren gardentasun-eza saihesteko. Kanariar uharteetan behatoki ospetsuak jaso dira, hango sumendiek nahiko altuera handia dutelako eta argi-kutsadura txikia dagoelako.

Ahalik eta lekurik garbiena topatu nahian egin den aurrerapen handienetako bat teleskopioa Lurraren inguruan orbitan jartzea izan da. Horri esker, atmosferaren gardentasun-ezak dakarren eragozpena gainditu ahal izan da. Orbitan dagoen teleskopio ezagunena Hubble da, eta irudi ikusgarriak bidaltzen ditu.