Zelula

zelula2-aurrebista.jpg

Izaki bizidun asko eta asko daude munduan, eta guztiok zelulaz osaturik daude. Zelula da, beraz, izaki bizidunen oinarrizko unitatea. Ia kasu gehienetan zelulak oso txikiak dira, eta mikroskopio bidez baino ezin ditugu ikusi.

Ohizko zelula bat aztertuz gero, hiru atal nagusi aurkituko genituzke:

  • Mintza. Geruza mehe bat da, zelula berezi eta babestu egiten du inguratzen duen girotik.
  • Zitoplasma. Zelularen osagai nagusia da, zelularen “gorputza”, mintzaren barnean dagoen gelatinazko masa. Zelularen bizi funtzioetan paper garrantzitsua du.
  • Nukleoa. Zitoplasmaren barnean kokatzen da, masa osoaren barruan mintz batez bereizturik. Zelularen jarduerak kontrolatzen ditu, eta zelularen “ordenadore-zentroa” dela esan dezakegu.

Dena dela, zelula guztiek ez dute ohizko zelula horren eredua betetzen. Gaur egun, sailkapen hau egin ohi da zelula moten artean:

  • Zelula prokariotikoak. Nukleorik ez dutenak dira zelula prokariotikoak, eta bakterio izeneko bizidunek izaten dituzte era horretako zelulak. Bakterioek izaki oso sinpleak dira, forma anitzekoak, eta naturan oso zabalduak daude bai lurzoruan eta uretan, bai gizaki eta animalien barrunbeetan ere.
  • Zelula eukariotikoak. Nukleoa duten zelulak dira, eta bizidun gehienek izaten dituzte, onddoek, landareek eta animaliek esate baterako.

Badira zelula bakar bateko bizidun zelulabakarrak eta baita zelula askoko zelulanitzak ere, baina guztietan zelula da bizidun guztien oinarria.

Bizidun zelulanitz konplexuenetan, zelulak elkartu egiten dira, eta eginkizun jakin baterako moldatu: zelulek ehunak sortzen dituzte. Gero, izaki bizidunaren bizi-funtzioak osatu ahal izateko, ehunek organoak osatzen dituzte, eta organoek sistemak.

Utzi erantzuna