Unibertsoaren ereduak eta teknologia

Valoracion: 
Average: 1.7 (118 votes)

Unibertsoari eta eguzki-sistemari buruz gaur egun dugun eredura iritsi aurretik, hainbat teoria egon dira indarrean. Teknologia berriak garatzean egindako zenbait aurkikuntzak gainditu egiten dituzte ordura arte onartutako teoriak. Hori dela-eta, zientzialariek aurkikuntza horien azalpena eman zezaketen teoria berriak plazaratu behar izan dituzte.

Hasiera batean, Lurra laua zela uste zen eta gainerako planetak nahiz Eguzkia eta izarrak ere Lurraren gainean, geruzaka, antolatzen zirela. II. mendean, Ptolomeok eredu geozentrikoa onetsi zuen eta unibertsoaren eredu gisa plazaratu. Teoria horrek zioen Lurra esferikoa zela, unibertsoaren erdian zegoela kokatuta eta gainerako astroak Lurraren biran itzulika zebiltzala.

XVI. mendean, Kopernikok eredu heliozentrikoa plazaratzean, aurreko eredua gainditu eta unibertsoaren erdian Eguzkia kokatzen zela esan zuen.

XVII. mendearen hasieran, Kepler-ek astroen higidurari buruzko hiru legeak plazaratu zituen. Haren ekarpenen artean dago orbitak, zirkularrak ez, eliptikoak baizik direla dioena.

XVII. mendean, Galileok teleskopioaren bidez frogatu zuen eredu heliozentrikoa baliagarria zela eta Jupiterren inguruan lau satelite zebiltzala biraka.

Teleskopioaren asmakuntzak bultzada handia eman zion unibertsoa aztertzeko teknologiari; harik eta, XX. mendeko teknologiari esker, ikusi ahal izateraino unibertsoa uste baino askoz handiagoa dela eta Eguzkia ez dagoela unibertsoaren erdian kokatuta. Beraz, eredu heliozentrikoa ere gaindituta geratu da.

XX. mendearen erditik aurrera, astronautikari hasiera eman zitzaion; eta unibertsoa ez da jadanik Lurretik bakarrik aztertzen: espaziora bidalitako zundak eta sateliteak ere erabiltzen dira, unibertsoari buruzko informazio berria lortzeko.