Antzinako Egipto: ekonomia-jarduerak

Valoracion: 
Average: 3.4 (3805 votes)

Egiptoko ekonomia nekazaritzan oinarritzen bazen ere, artisautza eta merkataritzak ere garrantzi handia izan zuten.

Nekazaritza. Egipto Saharako basamortuaren ekialdean dago, baina, hala ere, han nekazaritzan oinarritutako zibilizazio bat sortu zen, Nilo ibaiari esker. Urtero, uda hasieran, Afrikako ekialdean izandako eurite handiek Niloren uhaldia eragiten zuten; ibaia hazi, bere bidetik atera eta ibar osoa urpean jartzen zen. Uhaldi horrek bi ondorio onuragarri zituen: alde batetik, lur idortua ureztatzea, eta, bestetik, ura bere onera itzultzen zenean, berarekin zeramatzan sedimentuak lur gainean uztea. Sedimentu horiek ongarri gisa funtzionatzen zuten, lurra nekazaritzarako prestatuz. Uhaldia urtero gertatzen zela kontuan izanik, nekazaritzak oso garapen handia lortu zuen, baina uhaldia txikia edo berantiarra bazen, gosetea zen nagusi, Egiptoko historian hainbat aldiz gertatu zen bezala. Egoera horri aurre egiteko, herri-lan handiak egin zituzten, ubideak eta ureztatze-sistemak garatuz. Uhaldiaren neurria kontrolatzeko “nilometro” neurri sistema ere sortu zuten. Horri esker, estatuko funtzionarioek urte horretako uzta nolakoa izango zen kalkula zezaketen eta, ondorioz, baita nekazariek zenbateko zerga ordaindu beharko zuten ere.

Egipton nekazaritza estatuaren eta tenpluen kontrolpean zegoen: lurraren jabetza horien esku zegoen, eta nekazariek bi erakunde horietako funtzionarioen esanetara lan egiten zuten.

Niloren erriberetan zereal mota ugari landatzen zituzten, bereziki garia, garagarra eta lihoa. Zereala ogia eta garagardoa egiteko erabiltzen zen.

Ortuetan ilarrak, dilistak, tipulak, porruak eta letxugaz gain mahatsa, datilak eta pikuak lantzen zituzten.

Abeltzaintzari dagokionez, etxekotutako abereak, bereziki behiak, zituzten; baita txerri, ardi, ahuntz, antzar eta ahateak ere. Dena den, ez dirudi abeltzaintza garrantzitsua zenik.

Merkataritza. Egiptoarrek soberakinak zituzten nekazaritzan eta horrek salerosketa bideratzen zuen. Elikagaiak eta lehengaiak saltzen zituzten bereziki, eta intsentsua, zilarra, zedrozko egurra, eta esklaboak ere erosten zituzten. Gehienetan, merkataritza atzerritarren eskuetan egon zen. Garraioa, bereziki, Nilo ibaian zehar egiten zen, baina baita Mediterraneotik ere, itsasontziz.

Artisautza oso garatua zegoen. Oso ezagunak diren artelan bitxiez gain, buztina, metala, harria... landu zituzten.

Mesopotamian bezala, Egipton ere gizarte eta ekonomia-mailako antolamenduan konplexutasun handia lortu zuten, eta benetako lanaren banaketa eratu zutela esan daiteke.