Lurzorua suntsitzea

Lurzorua funtsezko baliabide da ekosistema lehortarrentzat, eta bertan ematen diren hainbat prozesurentzat, hala nola, ziklo biogeokimikoentzat, edota, nekazaritza eta abeltzaintza garatu ahal izateko.

  • Mineralak, ura, materia organikoa eta zenbait gai kimiko ditu, eta horien transformazio prozesuetan parte hartzen du.
  • Lurzoruak karbono dioxidoa, metanoa eta beste gas batzuk askatzen ditu atmosferara, eta lurpeko urak, ur edangarrien erreserba nagusia, lurzorua zeharkatzean iragazten dira.
  • Gainera, batik bat materia organikoari esker, hainbat gai metatzeko eta moteltzeko gaitasun handia du, hala nola, ura, gasak eta poluitzaileak. Lurzorurik gabe, poluitzaileak hedatzeko arriskua legoke, eta errazago helduko lirateke gizakiarengana.

Bestetik, bizidun ugariren habitata da. Bertan bizi den organismo-barietatea izugarria da: egoera onean dagoen lurzoru gramo batek 15.000-20.000 espezietako 600 milioi bakterio izan ditzake. Zizareek, barraskiloek eta artropodoek materia organikoa deskonposatzen dute, eta bakterioek, onddoek, protozooek eta beste hainbat organismo txikik lurzorua emankorra izan dadin ezinbestekoak diren prozesuak egiten dituzte. Lursail baten biodibertsitatea lurzoru horren egoeraren adierazle da.

Halaber, gizakiak elikatzeko behar dituen janariak eskuratzeko, lurzorua behar du, zuzen-zuzenean. Landare guztiek, laboreak, larrekoak edo basokoak izan, lurzorutik jasotzen dituzte ura eta elikagaiak, eta bertan hazten dira; hau da, euskarri-lana ere egiten du lurzoruak. Gizakiak betidanik atera dio probetxua natur baliabide horri, ez bakarrik janariak lortzeko, baita zohikatza, harea, buztina eta beste lehengai batzuk erauzteko ere. Gainontzeko giza jardueratarako euskarria ere bada eta baita paisaiaren eta kultur ondarearen parte ere.

Lurzoru heldua (hiru geruza edo horizonte dituen lurzorua) eratzea, apurka-apurkako prozesua da, aldiz, lurzoruaren geruzak galtzea, eta ondorioz, kalitatea, oso azkar gerta daiteke.

Kalitate galtzea eragin dezaketen hainbat faktore daude, hala nola industria-isurketen ondoriozko kutsadura edota nekazaritzarako pestiziden eta ongarrien edo hiri-hondakin toxikoen ondorioz sortutakoa. Laborantzak gehiegi ustiatzeak, halaber, lurzoruaren emankortasuna gutxitzen du. Gehiegizko artzaintza eta baso-soiltzeak, aldiz, lurzoruaren higadura areagotzen du, eta ondorioz, lurzoruaren geruzak galtzen dira.

Lurzorua babesteko egin daitezkeen ekintzen artean aipa daitezke: mozketarik eta baso-soiltzerik ez egitea, uztondorik ez erretzea, lurzorua kutsatzen duen produktu kimikoak ez erabiltzea, laborantza-teknika egokiak erabiltzea eta artzaintza erabilera orekatua mantentzea, lurzoruak berreskutatu eta ongarriztatzea galdutako elikagaiak berreskuratzeko…

Gizarte-elkartasunik gabeko garapena

Gure gizarteko garapen-eredu nagusiaren arabera, kontsumoa zenbat eta handiagoa izan, bizi-kalitatea orduan eta hobea da. Baina, eredu horrek arriskuan jartzen du planetako ondare naturala hurrengo belaunaldientzat, eta kalte nabarmena egiten die herrialde pobretuei.

Izan ere, eredu horrek herrialde pobretuetan baliabide natural asko ateratzea sustatzen du, baina tokiko komunitateek hortik hobaririk lortu gabe. Eragin nabarmenak ditu herrialde pobretuen ekonomian eta politikan; horrela, herrialdeok zailtasunak dituzte herritarren oinarrizko beharrak asetzeko; esate baterako, elikadura, ura, osasun-laguntza, hezkuntza… Horren ondorioz, herrialde aberastuekiko aldea gero eta handiagoa da. Pentsa, gaur egun, munduko populazio osoaren % 20k baliabide guztien % 80 kontsumitzen du, eta populazioaren % 80k gainerako % 20a baino ezin du erabili. Gainera, herrialde pobretu horietako batzuk guk sortutako hondakin teknologikoen zabortegitzat erabiltzen ditugu herrialde aberatsok, herrialde pobreotan ez baitago ingurumen eta osasun araudi zorrotzik.

Baina zer egin? zuzentasunean oinarritutako harremanak bultzatu beharko genituzke, mugak zabaldu; migrazioak kontrolatu, arriskutsua izan beharrean kidetasun eta berdintasun bermea izateko, nazioen arteko erlazioak bultzatu… Horretaz gain, kontzientzia ekologikoa ere garatu, erakutsi eta bultzatu behar dugu. Gure planetarekiko eta bizidun guztienganako errespetuzko eta maitasunezko kultura unibertsala izan behar dugu helburu.

Ekosistemen kalitatea galtzea

Ekosistema baten kalitatea gutxitu egiten da, ematen dizkigun baliabideak eta zerbitzuak murrizten edo ezabatzen direnean. Honela laburbildu daitezke baliabide eta zerbitzu horiek:

  • Hainbat gaitaz hornitzen gaituzte: janariak, ura, energia…
  • Planetaren funtzionamendua erregulatzen dute: klima, uholdeak, gaixotasunen transmisioa, ziklo biogeokimikoak, lurzoruaren eraketa…
  • Kultura-zerbitzuak, bizipen estetikoak eta aisialdikoak eskaintzen dizkigute.

Gaur egun, ekosistemak ustiatzeko eta kudeatzeko moduaren ondorioz, ekosistemek eskainitako baliabideen eta zerbitzuen erdia baino gehiago degradatzen ari direla esan daiteke.

Ekosistemak galtzea: ozeanoak

Gaur egun, munduko arazo orokorretako bat da ekosistemak suntsitzen ari direla: basoak hondatzen ari direla mota guztietako azpiegiturak (etxebizitzak, errepideak, industriarako lurrak…) eta bestelako ekintzak egiteko (nekazaritza…); kostaldeko ekosistemen suntsitzen ari dira (dunak, estuarioak…); eta ozeanoen eta itsasoen etengabeko kutsadura prozesua areagotzen ari da.

Guztiak oso kezkagarriak dira, bereziki, ozeanoen egoera, itsasoaren eta biziaren arteko harremana funtsezkoa baita. Ozeanorik gabe, gure planeta materia hila litzateke. Ozeanoek biosferaren % 70 baino gehiago hartzen dute, gure baliabide naturalen % 70 baino gehiago itsasoetan daude eta populazioaren bi heren kostaldetik gertu bizi dira.

Herrialde askok itsasoarekiko mendekotasuna dute, arrantzatik, itsas merkataritzatik edo turismotik bizi direlako, neurri handi batean. Gainera, ozeanoek atmosferarekin batera klima erregulatzen dute eta oreka galaraz dezaketen aldaketak (naturalak eta gizakiak eragindakoak) arintzen laguntzen dute.

Badirudi ozeanoak beti berdin irauten duten piztia erraldoien modukoak direla, aldaezinak. Baina, astiro bada ere, erabilera desegokiaren eta gehiegizkoaren lehenengo ondorioak antzematen hasi dira, eta ozeanoetako hainbat lekutan egiten ari diren azterketen emaitzak ez dira batere lasaigarriak.

Seinale edo sintoma aipagarrienak hauek dira: kutsadura areagotzea, lehen ugariak ziren hainbat arrain-sarda urritzea, itsas azaleko tenperaturaren igoera, ekaitzak ugaritzea… Eta giza jarduera kaltegarriek eragin dituzte gehienetan horiek.

Izan ere, ozeanoak diru-iturriak dira, etekin handiak ematen dituzten iturriak. Munduan hiru milioi itsasontzi inguru dabiltza arrantzan, urtean 90 milioi tona arrain harrapatzen dituzte, eta, arrantza-gune nagusietako % 70 neurriz gaindi ustiatu dituztenez, agortzeko arriskuan daude. Urtean 27 milioi arrain hil botatzen dira itsasora, saltzeko txikiegiak direlako, arrain gehiegi harrapatu dutelako edo harrapatu dituzten lekuetan jan ohi ez dituzten espezietakoak direlako. Gainera, arrasteko teknika batzuek itsasoaren hondoa suntsitu dute. Sare pelagikoek eta bolanta-sareek itsasoko animalia handiak akabatzen dituzte, eta, horren ondorioz, babesa behar duten espezieen kopurua ugaritu da, hau da, gero eta espezie gehiago daude desagertzeko arriskuan…

Hala eta guztiz ere, arrantza ez da ozeanoen aurkako mehatxu bakarra; oso kontuan hartzekoa da uretara isuritako hondakinek eragiten duten kutsadura. Petrolioa, esate baterako, itsasoen etsai handienetakoa da. Itsasoetan eraikitako plataforma handiek ikaragarri kutsatzen dute ozeanoa, itsasontziek ere bai, eta petroliontzien istripu larriek are eta gehiago belzten dituzte ozeanoak. Horiez gain, militarren saio nuklearrek erradioaktibitatea hedatu dute Atlantiko iparraldean eta Ozeano Barearen hegoaldean. Gainera, hondakin nuklearrak itsas hondora botatzen dira. Ez da harritzekoa, beraz, ozeanoak hondamendiaren lehen sintomak azaltzea, Greenpeace erakundeak salatu bezala.

Garbi dago, gizakiak ozeanoei eragindako kalteei aurre egiteko zerbait egin beharra dagoela, eta azkar. Itsasoaren Legediari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa 1994an jarri zen indarrean, eta arau zehatzak jaso zituen (itsasketa-eskubideak, itsas eremuen mugak, itsas ingurumenaren babesa, jurisdikzio ekonomikoa…), baina ez zituen ozeanoren iraupena ziurtatzeko aginduak eman. Horregatik, Unesco erakundeak eta Nazio Batuen Asanblada Nagusiak behin baino gehiagotan oharrarazi dute ozeanoetako baliabideak ugariak bai, baina mugatuak direla, ozeanoen egoera kezkatzekoa dela eta datozen belaunaldiek erabili ahal ditzaten zaindu behar ditugula.

 

Pirinioen sorreraren laburpena

Pierraillederivative work: PePeEfe CC BY-SA 3.0

Iberia plakak eta Europak talka egin zutenean eta elkarren aurka bultzaka hasi zirenean, bien arteko ildoan Pirinioak sortu ziren. Kasu horretan, ez zen izan Iberia plakaren iparraldeko alderik zabalena kontinentearen aurka talka egin zuena, Iberia plakaren ekialdeko erdia baizik. Talka horretan lurrazalari zer gertatu zitzaion ulertzeko, kontuan hartu behar da plaken muga kontinentaletako lurrazalak mehetu zirela, Bizkaiko golkoa sorrarazi zuen distentsioaren ondorioz. Mehetzeak lurrazala ahuldu zuen eta, horri esker, gune ahul hori deformatu ahala, Iberia plakak iparralderantz higitzeko tartea izan zuen.

Lehen fase horretan, egungo Katalunia aldean lurralde zabalak urgaineratu ziren eta eskualde piriniarrean irla-kateak ugaritu ziren. Bitartean, Bizkaiko golko aldeko subdukzioa gelditu zen. Egoera horrek iraun zuen tartean, irla berriak sortu eta zaharrak higatu eta urperatu ziren, eta irla-kateak lotu eta poliki-poliki lehorraldearekin batu ziren. Une horretan, Iberia eta Europaren arteko golkoa luzea eta estua zen, eta Katalunia aldean ixten zen. Plaken arteko talka eta elkarren aurkako bultzadak jarraitu zuen eta, bigarren fasean, estaldura ez ezik, zokaloa ere tektonikaren eragina jasaten hasi zen. Horrela, hainbat faila sortu ziren, esaterako, Orotz-Betelukoa, eta baita zamalkamenduak ere. Bultzadaren indarrez, Iberian orogenia hertziniarrak utzitako zenbait faila berraktibatu ziren. Zamalkamendu eta failamendu nagusiak, hala ere, Pirinioak altxatzearekin batera gertatu ziren.

Faila horietan desplazamendua handi samarra izatera heldu zen. Lizarrako failan, esaterako, 15 km-ko desplazamendua gertatu zen, ekialdeko ertza iparralderantz mugitu zenean. Azkenik, Pirinioak altxa ondoren, egun eskualde horretan dagoen banaketa geologikoa finkatu zen.

Banaketa horren arabera, Pirinio aldean ardatz eskualdea deritzoguna dago eta bertan arroka plutoniko eta metamorfikoak dira nagusi.

Ardatz eskualdetik iparrera iparpiriniar eskualdea dago eta, hegoaldean, hegopiriniar eskualdea. Bi eskualde horietan arroka sedimentarioak dira nagusi. Faila nagusiak, Iruñeko failak, alegia, hegopiriniar eskualdea eta Euskal-Kantauriar arroa banatzen ditu.

Arroken zikloa

Arroken zikloa ziklo zabalago baten zati da, hain zuzen, lurrazal osoaren zikloaren edo ziklo geologikoaren zati da. Ziklo horrek denboran zehar lurrazalean gertatutako suntsitze- eta eraikitze-eraldaketak biltzen ditu.

Lurrari eragiten dion energiaren ondorioz gertatzen dira aldaketak lurrazalean. Bi energia mota bereizten dira: barnekoa (Lurraren barneko energia) eta kanpokoa (Eguzkiaren energia, azken finean, gainerako kanpoko energiak energia horretatik baitatoz).

Eguzkiaren energiak kanpo-eragileak sortzen ditu (ura, izotza, eragile atmosferikoak, izaki bizidunak…), eta eragile horiek erliebea suntsitzen dute, kanpo-prozesu geologikoen bidez: meteorizazioa, higadura, garraioa eta sedimentazioa.

Bestalde, Lurraren barneko energiak barne-eragileak sortzen ditu (nagusiki, lur barneko presioa eta tenperatura). Hala, barne-prozesu geologikoen bidez, erliebea eraldatzen da: arrokak (litogenesia), mendiak (orogenia), sumendiak, lurrikarak…

Arrokak hiru talde nagusitan banatu ohi dira (igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak), baina ezin dugu ahaztu hiru arroka mota horiek lotura estua dutela.

1. Arroka igneok (Aiako Harria)

2. Arroka metamorfikoak (Pirinioak)

3. Arroka sedimentarioak (Zumaiako flyscha)

 

Esaterako, gaur egun igneoa den arroka bat, denborarekin, arroka sedimentario bihur daiteke. Higaduraren ondorioz, arroka horretatik askatutako zatitxoak sedimentatzen joaten dira, eta, denboraren poderioz, sedimentu horiek arroka bihurtzen dira.

Aldiz, arroka sedimentario batzuk arroka metamorfiko bihur daitezke tenperatura edo presio handien eraginez. Arroka metamorfikoak, berriz, kanpoko eragileen mende badaude, higatu egin daitezke, eta, denborarekin, arroka sedimentario bilakatu. Bestalde, edozein motatako arroka galdatu daiteke lurrazaleko sakonerara itzultzen denean. Arroka horien fusiotik sortzen da magma, eta magma hori bera da arroka igneoen sorburua.

Beraz, urte askoren buruan, lurrazaleko arrokek ziklo geologikoa osatu dute, etengabe higatuz, deseginez, pilatuz, sedimentatuz, arroka bihurtuz, galdatuz, berriro arroka bihurtuz… Bitarte horretan, arrokak baliabide ezin hobea izan dira gizakiontzat: eraikinak, ehizarako tresnak, apaingarriak, eskulturak, errota-harriak, dikeak eta beste hamaika gauza egiteko erabili izan dira.

Litosfera-plaken mugimenduak

Litosfera-plakak bata bestearekiko mugitu egiten dira, eta mugimendu horien noranzkoaren arabera hainbat muga mota sortzen dira plaka horien artean (eta ondorioz, hainbat fenomeno mota):

Plaken arteko muga dibergenteak edo muga eraikitzaileak (plakak elkarrekiko urruntzen dira).

Plaken arteko muga konbergenteak edo muga suntsikorrak (plakak elkarrekiko hurbiltzen direnean).

Muga kontserbakorrak edo faila transformatzaileak (plakak albozka mugitzen direnean).

Muga dibergenteak

Plakak urruntzen ari direnean, muga dibergenteak sortzen dira. Muga dibergenteetan egitura mota ezberdinak sor daitezke: urruntzen diren plakak kontinente-plakak direnean, rift kontinentalak eratzen dira eta ozeano-plakak direnean ozeano-gandorrak.

Ozeano-gandorrak itsas azpiko mendikateak luzeak dira. Erdigunean sakonune bat izan ohi dute, sumendi-kate bat osatzen duena, eta bertatik astenosferako galdatutako materiala (magma) kanporatzen da. Horrela ozeano-litosfera berria sortzen da.

Sortutako arrokak erdigunetik urruntzen doaz eta, beraz, arrokarik zaharrenak kontinentetik hurbilen daudenak izango dira eta gazteenak ozeano-gandorrekoak. Modu berean, ozeano-gandorretik urruntzean litosferaren dentsitatea handituz doa, hotzagoa eta zaharragoa baita, eta gainean dituen sedimentuen geruza ere lodiagoa izango da.

Muga dibergenteak litosfera ozeanikoaren eta erliebearen sortzaileak dira; izan ere, muga horietan sortzen da itsas hondoko litosfera berria, ozeano hondoak zabaldu egiten dira eta horrek itsas azpiko ozeano-gandorrak eratzea dakar. Muga dibergenteak dauden lekuetan azaleko lurrikarak (urpean sortzen direnez, itsasikarak) gertatzen dira.

Muga konbergenteak: subdukzio-eremuak

Plakak elkarrengana hurbiltzean muga konbergenteak sortzen dira. Muga hauek hiru motatakoak izan daitezke: ozeano-plaka baten eta kontinente-plaka baten artekoa, bi ozeano-plakaren artekoa eta bi kontinente-plakaren artekoa.

1. Ozeano-plaka eta kontinente-plaka artekoa

Ozeano-plaka bat (astunagoa, dentsitate handiagokoa) hondoratzen ari da kontinente-plaka baten azpian (arinagoa, dentsitate txikiagokoa), eta hondoratze horretan ozeano-fosa ez oso sakona osatzen da (sakonune estu eta luzea) bien arteko mugan. Ozeano-plaka kontinente-plakaren azpira sartzeari subdukzioa deritzo.

Subdukzitutako ozeano-plakak fluidoak askatzean gaineko kontinente-plakako materialak galdarazten ditu eta jarduera bolkaniko handiaren ondorioz arku kontinentalak sortzen dira (kontinente-ertzarekiko paraleloak diren sumendiz osatutako mendikatea).

2. Bi ozeano-plakaren artekoa

Bi plaken ertzak ozeanoren erdian badaude, ozeano-plaka bat beste baten azpian hondoratzen da (subdukzioa). Plaka hondoratzen den lekuan sakonune edo ozeano-fosa oso sakona sortzen da (Lurreko gunerik sakonenak). Gaineko plakako materialak, aurreko kasuan gertatzen zen arrazoi beragatik galdatzen hasten dira eta jarduera bolkaniko handiaren ondorioz uharte-arku bat sortzen da, plaken arteko mugarekiko lerrokatutako sumendiez osatutakoa.

3. Bi kontinente-plakaren artekoa

Bi kontinente-plakaren arteko muga konbergenteetan, litosfera bien lodieraren eta dentsitatearen ondorioz, plakek ezin dute hondoratu eta elkarren aurka talka egiten dute kontinente barneko mendikateak sortuz. Halakoetan, gerta daiteke izaera ozeanikoa zuen litosfera zati bat izaera kontinentaleko lurrazalaren gainean kokatzea, Himalaian gertatzen den bezala. Fenomeno horri obdukzioa deitzen zaio eta sortzen den egiturari ofiolita.

Muga konbergenteak elkartzen diren lurrazaleko eremuek erliebea sortzen dute, (eremu horietan sortzen dira tolestutako mendikateak), baina baita litosfera suntsitu ere, bertan litosfera ozeanikoa suntsitzen baita. Muga konbergenteetan ugariak dira lurrikarak. Lurrikara horiek sakonera txikikoak, ertainekoak eta handikoak izan daitezke, eta oso indartsuak. Ozeano-plaka batek subdukzitzen duen kasuetan lurrikarak Benioff planoa deritzonean gertatzen dira, subdukzitzen duen plakarekiko paraleloki.

Muga kontserbakorrak edo faila transformatzaileak

Muga kontserbakorretan bi plaka bata bestearekiko albozka mugitzen dira faila transformatzaileen bidez. Muga kontserbakorrak esaten zaie litosfera ez baita ez sortzen ez eta desegiten: bi plakak, batak bestea marruskatuz, elkarren aurka labaintzen dira.

Esan dugunez, plakak ez dira elkarrengana hurbiltzen, ez elkarrengandik urruntzen; bata bestearen alboan labaintzen dira; baina ez pentsa horregatik mugimendu horrek fenomeno geologikorik eragiten ez duenik. Plaken arteko marruskadura handia denez, bi plaken artean energia pilatzen joaten da eta halako batean, energia guztia bat-batean aska daiteke, lurrikarak sortuz, azalekoak izan ohi direnak. Ez da bolkanismorik izaten faila hauen inguruan.

Horrelako failarik gehienak ozeano-plaketan daude eta ozeano-gandorren hedatze-abiadura edo subdukzio-abiadura ezberdinak orekatzen dituzte. Kaliforniako San Andres faila ospetsua, aldiz, kontinente-plaken artekoa da eta lurrikara larriak eragin izan ditu historian zehar.

Erliebea, lurrikarak eta sumendiak

Erliebea eratzen eta berritzen duten eragile nagusiak barne-eragileak dira. Horien artean, lurrikarak eta sumendiak aipatu behar dira bereziki. Sismografiaren zientziak lurrikarak aztertzen ditu, eta bolkanologiak, sumendiak.

Plaken mugetan gertatzen dira fenomeno geologiko garrantzitsuenak, besteak beste, sumendiak eta lurrikarak. Nolabait esan genezake Lur planetaren barneko energiak astintzen duela lurrazala eta pizten dituela sumendiak.

 

Lurrikarak

Lurraren barneko energiak eragiten ditu. Lurraren barneko energia horrek arrokak trinkotzeko edo tenkatzeko indarrak sortzen ditu, indar horiek eragindako esfortzuak lurrazaleko gune batean pilatzen dira, eta pilatze horren ondorioz sortzen dira lurrikarak. Beste modu batera esanda, elkarren kontra dauden lurrazaleko bi zatitan sortutako mugimenduen ondorioa dira lurrikarak.

Lurrikarei buruz ari garela, bi kontzeptu garrantzitsu aipatu behar dira: lurrikaren hipozentroa eta epizentroa. Irudiari begiratuta gogoratuko duzu zein diren bi puntu horiek. Hipozentroa lurrikara eragiten duen energia sortzen den lur barneko puntua da. Epizentroa, berriz, hipozentrotik lurrazal gainera abiatuta hurbilen dagoen puntuari deitzen zaio.

Epizentroa da lurrazalean eragin handiena jasotzen duen puntua, eta lurrikara non gertatu den zehaztean, puntu hori aipatzen da beti.

Lurrikararen magnitudea dardara gertatzen den unean askatzen den energiaren araberakoa izaten da, eta lurrikarak sortzen dituen uhin sismikoak neurtuz jakiten da zer indar izan duen.

Lurrikaren magnitudea neurtzeko, uhin sismikoak jaso eta aztertzen dituen sismografoa erabiltzen da, eta lortutako balioa 1935ean Richter zientzialariak asmatutako eskalan kokatzen da (Richter eskala deitua).

Lurrikaren indarra neurtzeko beste modu bat lurrazalean sortutako eragina neurtzea da, hau da, lurrikaren intentsitatea kalteen arabera neurtzea. Intentsitatea zenbatekoa den jakiteko, neurtzen da lurrikara zenbateraino sentitu den edo kalterik sortu duen, eta, kalteak sortu badira, txikiak ala handiak izan diren.

Lurrikaren intentsitatea neurtzeko metodo horretan oinarrituriko eskalarik ezagunena Mercalli-k 1902an proposatutako eskala da, hamabi gradukoa. Gaur egun, Mercalliren eskala berrituz sortutako beste bat erabiltzen da, aurrekoaren oso antzekoa: MSK eskala (Medeved, Sponheuer eta Karnik deituren lehen letrekin osatua).

 

Sumendiak

Lurraren barneko energiak lurrazalean eragiten dituen aldaketen beste eragile garrantzitsu bat sumendiak dira. Naturan gertatzen diren fenomeno bolkanikoen multzoari bolkanismoa deritzo.

 

Litosferaren barnealdeko zenbait lekutan, presio eta tenperatura handien eraginpean egoten dira arrokak. Ondorioz, arrokak fluido bihurtzen dira, eta masa goria osatzen dute, magma izenekoa. Masa hori silikatoz, gasez, lurrunez eta abarrez osatua dago, eta sumendiek isurtzen duten labaren antzekoa da.

Magmak inguruko arrokek baino dentsitate txikiagoa izaten du, eta, presioaren eraginez, lurrazalaren kanpoko aldera irteteko joera izaten du. Gorantz egitean, arroketan presioa egiten du. Ondorioz, arrokak arrakalatu egiten dira, eta magma gorantz ateratzen da.

Goranzko bide horretan, magma ez da beti iristen lurrazalaren kanpoaldera. Gehienetan, ez da lurrazaleraino iristen, eta magmazko poltsa, putzu edo ganberak osatzen ditu lurrazalaren barruan: ganbera magmatikoak edo magma-gordailuak. Hoztu ahala, magma-gordailuetako magmak aldaketa fisikoak eta kimikoak izan ditzake, eta tenperatura jaitsi eta magma erabat hozten denean, mineralez osatutako arroka magmatiko edo igneoak eratzen dira.

Oraindik hoztu gabe dagoen magmak lurrazalera ateratzeko bidea aurkitzen duenean, sumendiaren erupzioa gertatzen da. Sumendiak, beraz, material magmatiko bero-beroak kanpora isurtzen dituzten lurrazaleko guneak dira. Sumendiak kontinenteetan edo ozeanoetan egon daitezke, baina guztiek berdintsu funtzionatzen dute: barneko magma-gordailuetako edukia kanporatuz. Dena den, sumendi guztiak ez dira mota berekoak, eta horiek sailkatzeko, hainbat ezaugarri hartu ohi dira kontuan: isurtzen dute labaren likidotasuna, sumendien portaera…

Sismografoa nola egin

Sismografo askoren oinarria geofonoak izaten dira. Tresna horiek, lurreko dardarak seinale elektriko bihurtzen dituzte. Horretarako elektromagnetismoan oinarritzen dira (Faraday-ren legea). Dardarek, eremu magnetiko baten barruan dagoen bobina mugiaraztean, seinale elektriko bat sortzen dute.

Beraz, bozgorailuek seinale elektrikoa jasotzean dardarak sortzen dituztenez, portaera hori aprobetxatuz eta alderantzizkoa eginez, dardarak seinale elektriko bihurtuko ditugu, geofono modura erabiltzeko.

Uhin sismikoak maiztasun txikikoak direnez, aproposak dira gure helbururako. Hala ere, interferentziak saihesteko, bozgorailuaren konoa edo diafragma ken daiteke (ordenagailuko bozgorailuetan kartoizkoak izan ohi dira).

1. Geofonoa egiten.

Lehenik, erabiltzen ez ditugun aurikularrak beharko ditugu, eta ordenagailu batetik desmuntatutako bozgorailu bat. Aurikularren kablea moztuko dugu eta ordenagailura konektatzeko zatiarekin geldituko gara. Ebakia egindako tokian kablea inguratzen duen plastiko zati bat kenduz gero, bi klabe daudela ikusiko dugu. Amaitzeko, bi kable horiek bozgorailuaren bi klabeekin lotuko ditugu eta prest egongo da ordenagailura konektatzeko.

2. Audacity prestatzen

Soinu editorearekin (audacity-rekin, adibidez) egingo dugun ikerketa modu egokian burutzeko, honako aholku hauek aintzat hartzea komeni da:

●     Seinalea anplifikatu.

“Eragina” aginte koadroaren barruan “anplifikatu” efektua erabiliko dugu. Horrela, seinale baxuko uhinak hobeto ikusiko ditugu.

●     Inguru-zarata ere ezabatu.

Horrela, seinalea isolatu eta hobeto bereiztea lortuko dugu.

Horretarako “Zarata Murrizpena” eragina erabiliko dugu. Agindu hau aukeratzean, zarata zer den zehaztea eskatuko digu eta horretarako grafikoan segundo pare bat aukeratu beharko dugu.

Metodo erradiometrikoak

Arroka batzuek elementu erradioaktiboak izaten dituzte, gutxi bada ere. Denborarekin, elementu horiek desintegratuz joaten dira. Elementu erradioaktibo bakoitzak desintegrazio-periodo propioa du.

Elementu baten desintegrazio-periodoa zein den baldin badakigu eta zer neurritan desintegratu den zehazten badugu, desintegratzen noiz hasi zen jakingo dugu, eta, beraz, zer garaitako arroka den zehaztuko dugu.

Esate baterako, karbono-14 elementuaren semidesintegrazio-periodoa 5.700 urtekoa da, hau da, hasieran zegoen kopurutik erdira jaisteko 5.700 urte behar ditu. Hala, objektu bat noizkoa den jakin dezakegu, baldin eta karbonoa badu. Arroken kasuan, semidesintegrazio-periodo hori nahiko laburra da, baina badira periodo askoz ere luzeagoak dituzten elementuak, eta, horien bidez, arroken adina zehatz daiteke. Uranio-238 elementuak, adibidez, 4.500 milioi urteko semidesintegrazio-periodoa du, eta nahiko egokia da arroken datazioa egiteko.

Elementu erradioaktibo bakoitza batez besteko abiadura iraunkorrean desintegratzen da, eta beste elementu baten atomo bihurtzen da. Beraz, geruza bateko arroketan elementu horietako baten eta elementu berriaren kantitateak neurtuz, nahiko zehatz jakin daiteke geruza orain dela zenbat denbora eratu zen.

Denborarekin, materialen isotopo erradioaktibo kopurua gutxituz joaten da, desintegratu egiten direlako, eta elementu berrien atomo-kopurua handituz joaten da, elementu berriak sortzen direlako.

Isotopoen erdia desintegratzeko behar den denborari, semidesintegrazio-periodoz gain, erdibizitza ere esaten zaio. Denbora hori pasatzean, isotopo eta elementu berrien kopuruak berdindu egiten dira, hau da, desintegratu gabe geratzen diren isotopo erradioaktiboen kopurua % 50ekoa da eta elementu berrien kopurua % 50ekoa.

C14 isotopoaren semidesintegrazio-periodoa pasatzean, C14 kopurua = % 50 (erdia desintegratu da) eta N14 kopurua = % 50 (sortu berria).

Material bat sortzen denean, inguruko isotopo erradioaktiboak bereganatzen ditu. Beraz, material horren konposizioan isotopo erradioaktiboak agertzen dira. Desintegrazioaren ondorioz, isotopo erradioaktiboen eta sorturiko elementu berrien erlazioa aldatuz joaten da. Beraz, desintegratu gabe geratzen diren isotopo erradioaktiboen kopurua eta sorturiko elementu berrien arteko erlazioa neurtuz, eta isotopoaren semidesintegrazio-periodoa jakinik, material horren adina kalkulatzen da.

Adibidez, kobazulo batean aurkituriko garezurra datatzeko neurketak egin ondoren, erlazio hau lortu dugu:

C14 / N14 = 1:3 ( C14 = % 25,1)

Semidesintegrazio-periodoa edo erdibizitza ezaguna dugunez, grafikoaren bidez kalkula daiteke adina.